Kataluniako hauteskundeak

SOS deia Europari

ANCk eta Omnium Culturalek Bruselan antolatutako manifestazioak aurreikuspenak gainditu ditu. 45.000 lagun izan dira, Poliziaren arabera

Samara Velte.
Herria
2017ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Abenduaren 21erako hauteskunde kanpaina ez da Bartzelonan hasi, Bruselan baizik. Kataluniako alderdi eta mugimendu independentistek asteotako ekitaldi bateratu handiena —eta, ziurrenik, bakarra— egin zuten atzo Belgikako hiriburuan, Carles Puigdemont presidentea eta haren gobernu erdia erbesteratuta dauden lekuan. Berez, iheslarien itzulera eta «preso politikoen» askatasuna eskatzeko manifestazio bat zen deialdia: Europe, wake up: stand up for democracy lelopean (Europa, esnatu: zutitu demokraziaren alde), dozenaka mila pertsona batu zituzten, beste behin, ANC Biltzar Nazional Katalanak eta Omnium Culturalek.

Ezohiko testuinguruak, ordea, ezohiko hauteskunde ekitaldi bihurtu zuen. Kataluniaren autonomia indarrik gabe dago urriaren amaieratik; bi kontseilari eta bi lider zibil subiranista espetxean daude baldintzarik gabe; eta presidentea eta haren taldeko lau kide, Bruselan erbesteratuta. Baldintza horietan, Madrilek deitutako hauteskunde batzuetan parte hartzera behartuta daude alderdi independentistak; salbuespen egoera baliatuz alderdi unionistak gobernura iristea nahi ez badute, behintzat.

ERCko Marta Rovira izan zen atzoko ekitaldian gaia hizpidera ekartzen lehena. Hilaren 21ean boto kutxak betetzeko eskatu zien bertaratutakoei: «Irabazi egin behar dugu, bestela Ciutadans helduko baita gobernura, eta urteetan eraikitako herrialdea desegingo baitu».

Herrialdea idazten

Roviraren ostean hitz egin zuen Puigdemontek. Hauteskundeen testuingurutik urrundu zen, eta manifestazioaren berezko helburua goraipatu zuen: «Europaren historiako beste herrialde bat idazten ari gara. Hautetsontziak babesten dituen Katalunia hori, Katalunia anonimoa, kontinente erdia zeharkatu duena Bruselara etorri eta erbesteko gobernuari babesa adierazteko... Katalunia hori da Europaren aurpegirik onena».

Bozetan lehiatuko den hirugarren alderdi independentistak, CUPek, ez zuen hautagairik igorri nahi izan, manifestazioari hauteskunde kutsurik ez emateko. Horren ordez, Joan Coma zinegotziak hartu zuen hitza: «Gure eskubideak modu demokratiko eta baketsuan defendatzeagatik jazarri zaizkie gure agintariei. Eta hori ez zatekeen posible izango Espainiak EBren konplizitatea ez baleuka».

Puigdemontek ere EBren aurka jo zuen, Madril ez estutzeagatik: «Herritar askeen Europa bat nahi dugu, lotsarik izango ez duena estatu kide bati zera esateko: 'Horrela ez'». Bere buruari egindako aipamenak Jean Rey plazan batutako jendetzaren algara eragin zuen: hitz horiexekin ihardetsi baitzion Puigdemontek Felipe VI.a erregeari, hark erreferendumaren ostean hitzaldi mehatxagarria egin zuenean.

1.300 kilometro

Bruselako Jean Rey plazan bildutako milaka pertsonentzat, burujabetza ez baitator Espainiako erregearen hitzetik, ezta, Soraya Saenz de Santamaria Espainiako presidenteordeak iradoki zuen moduan, euren nortasun agiritik ere — «Hari esker joan dira Bruselara», esan zuen hark atzo—.

Nortasun agiriarekin edo gabe, 1.300 kilometro egin dituzte erbesteratutako —eta, ofizialki, kargugabetutako— euren presidentea ikusteko. «Bruselak azken urteotan ikusi duen manifestaziorik handiena» izango zela iragarria zuten antolatzaileek. Protestetara ohituta dagoen hiri batean, nekez egiazta liteke hala denik, baina tokian bertan suma zitekeen aurreikuspenak gainditu zituela. Manifestazioa Cinquentenaire parketik atera baino lehen, ibilbidea moldatu behar izan zuten, segurtasun arrazoiengatik; Bruselako Poliziak aurki igo zuen parte hartzaileen zifra 10.000tik 45.000ra.

Bruselak egin dien harrera, ordea, hotza izan da, zentzu guztietan. Hotza, neguko egun ezin grisago bat egokitu zaielako, Diada egun eguzkitsuetako tradizioa hautsiz. Eta hotza, orobat, EBko erakunde nagusien paretik igaro arren agintari gutxi ausartu direlako haien alde hitz egitera. Bruselak, oraingoz, bere argudio erosoari eusten dio: Kataluniako gatazka Espainiaren «barne afera bat» dela, eta ez dagokiola Europari esku hartzea.

Atzo, ordea, kontrakoa ihardetsi zioten milaka katalanek Europari, izartxoen klubaren aurrean. Hotzari eta grisari horiarekin erantzun zioten: pozaren eta egunsentiaren kolorearekin, baina baita preso dauden Jordi Cuixart eta Jordi Sanchez lider zibilenarekin ere.

Antolatzaileek propio egina zuten deia elementu horiren bat eramateko, eta aurreko egunetatik jada ikus zitezkeen Bruselan, han-hemenka, independentista katalanak: batzuek bufanda hori bat zeramaten; txanoa besteek; diskretuenek, xingola hori bat; eta, besterik topatu ez zutenek, zirkulaziorako txaleko islatzaile bat. Atzo goizean, Cinquentenaire parkean elkartu ziren denak. Tartean zeuden Nuria eta Laia ama-alaba gironarrak, autobusetik jaitsi berri, gofre bana eskutan. «Presidentea babestera etorri gara», azaldu zuten; Europaz ez zuten askorik espero ordurako. «Ez dute mugitu nahi izan; bestela, ez ginateke egongo gauden lekuan», kexu zen Nuria: «Guk argi eta garbi esango diegu, eta, ez badute entzun nahi, bada, beharbada guk ere ez dugu Europaren parte izan nahi».

Bozetako 'déjà vu'-a

Oso bestelakoa da agintari katalanen diskurtsoa: etengabe aipatzen dituzte EBren balioak, eta haren printzipioak urratzea leporatzen diote Espainiari. Horrela eurenganatu asmo dute Bruselaren arreta. Baina Brusela beste alde batera begira dago: «Paso egiten dute guztiz», uste du Miquel izeneko erretiratuak. Sant Celonitik (Bartzelona) etorri zen atzoko manifestaziora: harentzat, keinua gehiago da barrura begirakoa, kanpora begirakoa baino. «Orain helburua abenduko hauteskundeetan independentismoa nagusitzea da, autonomia berreskuratu eta errepublika eraikitzen hasteko». Déjà vu sentsaziorik ez ote daukan galdetuta, ezetz dio: «Bere garaian aurrera ez egitea erabaki zuen Kataluniako Gobernuak, Espainiak indarkeriarekin mehatxu egin ziolako. Eta gu, ezeren gainetik, bakezaleak gara».

Arrakastatsua

Mobilizazio gisa, arrakastatsua izan zen atzoko manifestazioa; hori ezin uka. «Errepublika gara» eta «Askatasuna» oihu artean egin zuten Cinquentenaire parketik Jean Rey plazarako bidea; etorbideak erabat moztuta eta saturatuta egon ziren ibilbide osoan. Bazterretan, belgikar harritu batzuk, barrez; haien artean, udaltzain bat protesta zaintzen. «Lasai daude; giro ona dago», esan zuen, galdutako independentista batzuei bidea seinalatu ostetik: «Poliziok, gure artean, ez dugu politikaz hitz egiten, baina mundu guztia ongi etorria da hemen manifestatzera».

Kantuz eta aldarriz, hotza neurri batean behintzat urtzea lortu zuten bertaratutakoek. Amaierako ekitaldiak hainbat une hunkigarri izan zituen: besteak beste, Rovirak Oriol Junqueras espetxeratutako presidenteordearen gutun bat irakurri zuenean, eta hainbat europarlamentarik eta nazioarteko ordezkarik katalanei babesa agertu zietenean; haien artean, Jody Williams Bakearen Nobel saridunak — «Europak irtenbide politiko eta demokratiko bat babestu behar du, haren emaitza edozein izanik ere», esan zuen— eta Ivo Vajgl Esloveniako Atzerri ministro ohiak. «Gure eskubide berbera daukazue», esan zien hark katalanei: «Autodeterminazioa ez da egoeraren edo estatu handien lehentasunen araberako auzi bat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.