Irlanda. Sinn Feinen kongresua

Mende bateko alderdi berria

Sinn Feinek aro berri bat irudikatuko du gaurko kongresuan, buruzagitza bi emakumeren esku utzita. Errepublikanoen erronken artean daude uhartearen batasuna eta autogobernua berrezartzea

Gerry Adams Sinn Feineko buruzagi historikoa, iazko kongresuan, Dublinen. Orduan iragarri zuen politikatik erretiratuko zela. AIDAN CRAWLEY / EFE.
Kristina Berasain Tristan.
2018ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Ard Fheis berezia da gaurkoa Sinn Feinentzat. Ehun urte dituen alderdiak aro baten amaiera eta berri baten abiapuntua irudikatuko du militanteen aurrean, gatazka armatuan (1969-1998) inplikazio zuzena izan duten buruzagi historikoek, bide batez, bake prozesuan giltzarri izan direnek ere, belaunaldi gazteago baten esku utziko baitute buruzagitza, gatazkari beste begirada batekin erreparatzen dioten errepublikanoen esku, lekukoarekin batera, legatu bat ere jaso dutena, bakearena.

Martin McGuinness eta Gerry Adams izan dira alderdi errepublikanoaren aurpegiak azken hamarkadetan, eta bataren heriotzaren eta bestearen erretiro politikoaren ostean, soslai antzeko bi emakumek hartuko dute lidergoa, garai berri baten erakusgarri: Mary Lou McDonald Sinn Feineko presidente izendatuko dute gaurko kongresuan, Dublinen; eta Michelle O'Neill, berriz, presidenteorde.

McGuinnessen osasun arazoek ezarri zuten inflexio puntua—martxoan hil zen, baina urtarrilean iragarri zuen lider izateari utziko ziola—. Ordurako alderdiaren egituran leku nabarmena zuten bi emakumeek, eta hilabeteek aurrera egin ahala gauzatu da txandaketa. Adamsek azaroan iragarri zuen ofizialki utzi egingo zuela politika, eta orduan egindako agerraldian adierazi zuen oraindik ez dela alderdiaren ametsa bete: «Dublinen baldintza errepublikanoetan eratutako gobernu batean egoteko prestatu beharra daukagu».

McDonaldek, bada, erronka horri eutsi egingo diola aginduz hartu du lekukoa,zehaztuz irlandarren batasuna dela denentzako bide orria, «baita anai-arreba unionistentzat ere». Adierazi duenez, «uharte hau batzea izango da gure arrakastarik handiena, eta gure zeregina izango da unionistak helburu horretara erakartzea, Irlanda berri bat eraikitzen lagun diezaguten».

Errepublikanoek 1917ko Ard Fheis-en aldarrikatu zuten lehen aldiz errepublika, eta, ehun urte geroago, ideia horri eutsiko diote. Pazko Altxamenduan, 1916ko apirilaren 24an, kokatu daiteke errepublikanismoaren sorrera. Erresuma Batuak 1916ko apirilaren 25ean gerra legea ezarri zuen Dublinen. Bezperan, 400 matxino independentistak posta bulegoa hartu eta errepublika aldarrikatu zuten. Sinn Fein 1905ean sortutako alderdia da, baina eratu zenean apenas erakarri zituen errepublikanoak. Matxinada izan eta urtebetera, baina, 1918an, duela mende bat, erreferentziazko alderdi bihurtu zen: Sinn Feinek 105 eserlekuetatik 73 eskuratu zituen.

Irlandako gerra zibilak herrialdea zatitzearekin batera, errepublikanoen ametsa hondoratu zuen. Ipar Irlandako Parlamentua 1921ean jarri zen martxan eta, buruzagi berriek errepublikanoen behinolako amets hori egi bihurtu nahi dute orain.

Erreferenduma

Ostiral Santuko Akordioak (1998), berez, uhartea batzeko erreferenduma egin ahal izatea aurreikusten du, eta bide horretan urratsak egin dira aurten. Irlandako Errepublikak, lehen aldiz, iparraldearekin batzeko proposamen ofizial bat egin zuen abuztuan parlamentuko batzorde batek osatutako dokumentu baten bidez; hamazazpi gomendio jasotzen ditu testuak, besteak beste, bi lurraldeen arteko mugan kontrolik ez ezartzea. Brexit-aren testuinguruan egin da proposamena, hain zuzen. Ipar Irlandan, herritarren %56k bozkatu zuten aurka, besteak beste, lurreko muga ezarriko litzatekeelako berriz. McDonaldek eta O'Neillek izango duten zailtasunik handienetako bat izango da brexit-aren auzia bideratzea.

Ez da, ordea, katramila bakarra izango. Politikoki inoiz baino sendoago jasotzen dute alderdia buruzagi berriek. Ipar Irlandako alderdi nazionalista nagusia da, eta iazko martxoko hauteskundeetan diputatu bakar baten aldearekin nagusitu ziren unionistak—DUP Alderdi Demokratiko Unionistak 28 eserleku eskuratu zituen—. Irlandako Errepublikan, berriz, hirugarren indarra da Sinn Fein.

Martxoko hauteskundeak, baina, halabeharreaz aurreratu behar izan zituzten; izan ere, urtarriletik etenda dago autonomia.

Stormonteko akordioen arabera, komunitate bakoitzeko alderdi nagusiak behartuta daudeelkarrekin gobernatzera, errepublikanoak/katolikoak eta unionistak/protestanteak erakundeetan ordezkatuta egon daitezen. DUP eta Sinn Fein izan dira orain arte koalizioa eratu izan dutenak, ideologikoki mutur banatan badaude ere, baina iragan urtarrilean porrot egin zuen akordioak. Arlene Foster DUPeko lehen ministroa ustelkeria auzi batean murgilduta egoteak eragin zuen haustura, baina arrakala handiegia zen ordurako, desadostasunak nabariak baitziren alor ezberdinetan. McGuinnessek berak adierazi zuen zenbaterainokoa zen pitzadura gaixo zenean argitara eman zuen dimisio gutunean: «DUPek ez ditu sekula bere egin Ostiral Santuko Akordioaren printzipioak».

Bada, bake itunetik hogei urte betetzen diren honetan, komunitateen arteko gatazkak gobernuko politika guztietan uzten du arrastoa. Talka erabatekoa da brexit-ean, memoriaren lanketan, gizarte politikan, hizkuntza politikan...

Gaelikoa

Sinn Feinek gaelikoa babesteko onartu nahi duen legea da tirabiren arrazoietako bat. Gaelikoaren estatusa arautu nahi dute errepublikanoek, izan ere 1,6 milioi biztanleetatik 179.000k soilik dute gaelikoaren gutxieneko ezagutza. DUPek, aldiz, eskoziera germanikoa ere onartuko lukeen lege zabalagoa nahi du —140.000 biztanlek dute eskozieraren gutxieneko ezagutza—.

Sexu berekoen ezkontzak ere ukatzen ditu DUPek. Eta desadostasun sakon horiek direla tarteko, aurki urtea beteko da martxoan hauteskundeak egin zituztenetik, eta errepublikanoak eta unionistak batasuneko gobernua eratu ezinik dabiltzala.

Londresek, negoziazioetan aurrerapausorik eman ez dela aintzat hartuta, autonomiari eragiten dion neurri irmoa hartu zuen azaroan; aurrekontu bat ezarri du. Hala ere, ez dizkio eskumenak kendu. 1998tik Erresuma Batuak eskumenak itzuli dizkio poliki-poliki Stormonti. Hezkuntza, hizkuntza eta osasun alorreko gaiak kudeatzen ditu; ez, ordea, zergak. Londresek, tarte horretan, lau aldiz kendu dio autonomia Ipar Irlandari, azkenekoa 2002an —2007an DUPek eta Sinn Feinek egindako akordio historikoaren ostean ezarri zuen berriro—. Hamarkada batez hala moduz funtzionatu du formula horrek, baina, orain ataka zailean da berriz ere. Bozak berriro deituko ote dituzten da orain galdera. Eta Sinn Fein berriari nola eragingo dioten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.