Hauteskundeak Errusian. Putinen garaipena

Putinek helburua bete du, parte hartze handiko bozak aise irabazita

Botoen %77 jasota, Errusiako presidenteak bere azken agintaldiari ekingo dio. Hauteskundeen biharamunean, herrialdearen hazkunde ekonomiko eta soziala jarri ditu jomugan, segurtasunaz gain

Vladimir Putin, igandeko hauteskundeen osteko ekitaldian. Laugarren aldiz irabazi ditu Errusiako presidentetzarako bozak, eta azken agintaldia hasiko du aurki. ALEKSEI DRUZHININ / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2018ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Errusiako presidentetzarako hauteskundeetan lortu duen laugarren garaipen handia du Vladimir Putinek. Botoen %77 jasota irabazi ditu bozak, eta 2012an baino 10,5 milioi boto gehiago eskuratu ditu. Inoizko emaitzarik onenak lortuta, beste sei urterako izendatuko dute estatuburu, 2024. urtera arte. Putinek azken aldia izango du karguan, ez baitu konstituzioa aldatuko jarraian hirugarren aldiz aurkezteko: «Zer espero duzue, 100 urte ditudanean ere karguan jarraitzea? Ezta pentsatu ere», esan zuen emaitzak jakin ostean.

Hauteskundeak irabazteko faborito argia zen Putin, eta, hori jakinda, garaipenari balioa emango zion parte hartzea lortzea zuen helburu. Baita lortu ere; bozetara deituta zeudenen %67k eman dute botoa, 2012an baino bi puntu gehiago. Alabaina, hiri handietan hazi da gehien boto emaileen kopurua, baita presidenteak jaso duen babesa ere. Mosku eta San Petersburgo dira horren adibide. Herenegun, %71k egin zuten haren alde Errusiako hiriburuan; %47ko babesa izan zuen 2012an.

Hirietan ez ezik, Putinek Krimean ere jo du kolpea. Igandean bete ziren lau urte Errusiak penintsula hori anexionatu zuenetik, eta bertako biztanleek ordutik lehen aldiz bozkatu zutenpresidentea aukeratzeko hauteskundeetan. Putinek ia erabateko babesa jaso du Krimean; %70etik gorako parte hartzea izan da bertan, eta botoen %93 jaso ditu.

Herrialde guztian nagusitu da Putin, eta alde handia atera die gainerako zazpi hautagaiei. Errusiako Federazioko Alderdi Komunistako Pavel Grudinin izan da boto gehien jaso duen bigarren hautagaia, baina irabazlearengandik oso urrun geratu da. Grudininek botoen %12 eskuratu ditu; gainontzeko hautagaiek ez dute gainditu botoen %10eko langa.

Atzo azaldu zuen Putinek zeintzuk izango diren bere gobernuaren lehentasunak datozen sei urteetan: «Lehenik eta behin, Errusiaren hazkunde ekonomikoa bultzatzeko neurriak hartuko ditugu». Horrez gain, adierazi du aurrerapausoak eman nahi dituela osasunean, hezkuntzan, industria ekoizpenean eta azpiegituretan. Haren esanetan, arlo horiek garatzea «ezinbestekoa» da herritarren bizi maila igotzeko eta garapena ziurtatzeko. Halaber, esan du defentsa arloko gastuak murriztuko dituela aurten eta datorren urtean, «defentsa nazionalari inolako kalterik egin gabe».

Datorren legegintzaldian egoera gatazkatsuak «bitarteko politikarien eta diplomazialarien bidez» konpontzeko ardura hartu du Putinek. Hala, azpimarratu du «harreman eraikitzaileak» abiatuko dituela gainontzeko herrialdeekin, eta adierazi du ez duela nahi tentsiorik: «Ez dugu armamentu lehiarik baimenduko. Behar dugun guztia daukagu jada». Halaber, dei egin die hauteskundeetako gainontzeko hautagaiei, Errusiaren garapenaren bidean indarrak batu ditzaten: «Errusiako herritarren epe luzerako interesen alde jardutea gustatuko litzaidake, alderdikeriak alboratuta».

Errezeloak bozen inguruan

Putinen garaipen argiak errezeloak sortu ditu gainontzeko hautagaiengan eta hauteskundeak jarraitu dituzten eragileengan. Grudinin hautagaia «erabat konbentzituta» dago Putinen garaipenarekin, baina uste du hauteskunde prozesua «zikina» izan dela: «Agintariek, funtzionarioeketa hedabideek kanpainan egindakoak erakusten du hauteskundeak ez direla munduko gutxienekoen arabera egin».

Bestalde, «hauteskundeetako konpetentziarik eza» salatu du ESLA Europako Segurtasun Lankidetzako Antolakundeak. Erakunde horrek 500 begirale izan ditu Errusian: «Hautagai guztiek kanpaina askatasunez egin ahal izan dute , baina hedabideek Putini egindako jarraipenak bidegabe bilakatu du hauteskunde prozesua», adierazi du Michael Georg Link begiraleen koordinatzaileak. Halaber, Linkek salatu du «hauteskunde prozesuan biltzeko eta adierazteko eskubideak murriztu» direla. Alabaina, zehaztu du Putini laugarren garaipena eman dioten hauteskundeak «oro har modu antolatuan» iragan direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.