Altsasuko auzia. Atxiloketak

Gorrotoan «kateatuta»

Guardia Zibilak Jon Ander Cob, Iñaki Abad, Julen Goikoetxea eta Aratz Urrizola atxilotu ditu, eta Auzitegi Nazionalak lau gazteak espetxeratzeko agindu du, ihes egiteko arriskua argudiatuta

Altsasuko Foruen plaza, atzo, 20:00etan, jendez gainezka, gazteen askatasuna aldarrikatzeko asmoz. IDOIA ZABALETA / FOKU.
joxerra senar
Altsasu
2018ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Lau gazte atxilotzeko, guardia zibil saldoa sartu zen atzo goizean Altsasun. Batzuk kaleko jantzita, besteak uniformez. Herenegun gauetik, altsasuarrek nabaritu zituzten polizien joan-etorriak, eta haien susmoa goizean berretsi zuen Guardia Zibilak: Jon Ander Cob, Julen Goikoetxea, Aratz Urruzola eta Iñaki Abad atxilotu, eta Madrilera eraman zituen. Iragan ostiralean, bederatzi eta hamahiru urte arteko espetxe zigorrak ezarri zizkien Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaimahaiak, eta atzo laurak atxilotzeko agindu zuen. Arratsaldean auzi saioa egin zuten San Fernando de Henaresko egoitzan. Oraindik epaia irmoa ez bada ere, fiskalak gazteak espetxeratzeko eskatu zuen, «ihes egiteko arrisku handia» dagoela argudiatuta, eta epaileek hala erabaki zuten. 17:00etan, Altsasun, Iortia kultur etxean bildutako ehunka herritarrek irmo gaitzetsi zuten erabaki hori. «Gorroto dinamika batean kateatu nahi gaituzte», salatu zuen Idoia Goikoetxeak, haien izenean.

2016ko urriaren 15eko goizaldean izandako liskarraz geroztik, urte eta erdi iragan da, eta atzokoa egunik zailenetakoa izan zuten Altsasun. «Oso-oso gogorra izan da bai familientzat, bai lagunentzat, bai eta herri osoarentzat ere», laburbildu zuen Aritz Leoz altsasuarrak. Gazteei eta familiei babesa emateko herri mugimenduko kide da Leoz, eta oso gertutik bizi izan du auzi osoa. Guardia zibilek atzo azaldutako jarrera oso bortitza egin zaio. «Zer-nolako harropuzkeriarekin sartu diren herrian eta atxilotu zituzten gure lagunak».

17:00etan deitutako prentsaurrekoan zen Leoz, Idoia Goikoetxearekin eta Edurne Goikoetxea Ainara Urkijo auzipetuaren amarekin batera. Agerraldi horretan, ehunka altsasuar bildu zen babesa ematera eta haserrea adieraztera. Altsasun haserre baitaude, baita minduta ere. «Beste behin ere muntaia hau hasi zenetik asko izan dira, herria okupatu digute. Mina eta amorrua sortzera etorri dira», salatu zuen Idoia Goikoetxeak.

Hain zuzen ere, Federico Garcia Lorca poeta andaluziarra jaio zela 120 urte betetzen ziren atzo, eta, hura gogoan, Guardia Zibilaren erromantzea izenburuko olerkiari erreferentzia egin zion Goikoetxeak: «Txarolezko arimadunak, argirik gabeko gizonak, Altsasuko egunsentia oztopatu dute. Gure lau lagun bahituak eramatera etorri dira».

Beste kasu batzuetan, epaia irmoa ez den artean, epaileek berme bidez aske uztea erabakitzen dutela nabarmendu zuten gurasoek; Altsasuko auzian, ez. «Ikusi dugu justizia ez dela denontzat berdina». Ihes egiteko arriskua «aitzakia gisa» erabili nahi izan dutela salatu zuten. Horregatik, atxiloketak egiteko modua ere deigarria egin zitzaien, «indar eta okupazio erakustaldia egin nahi izan dutelako».

Astelehen gauean nabaritzen hasi ziren ezezagun ugari zeudela herrian. «Hamarrak aldera jabetu ginen zerbait gertatuko zela», aipatu zuen Leozek. Gauerdian, auto mugimendu handia nabari zuten herrian, gazteen etxeetatik gertu. Horrez gain, kaleko jantzitako guardia zibilek ez zuten ezkutatu nahi izan euren presentzia. «Ez dakit zenbat polizia izan zen gauean Altsasun. Ikaragarria izan zen: bazter guztietatik agertzen ziren, jendeari atzetik jarraitzen, sakelakoarekin irudiak grabatzen...». Jarraipena handiagoa izan zen lau gazteen eta haien senideen kasuan. «Sekulako muntaiarekin jarraitzen dute», laburbildu zuen Leozek.

Goizean, atxiloketak

Nahiz eta guardia zibilek ez zuten ezkutatu euren presentzia, gazteek etxean eman zuten gau osoa, jakin ezinik biharamunean zer gertatuko zen. Susmorik txarrenak baieztatu ziren poliziak haien etxeetara bertaratu zirenean. «Erne, Guardia Zibila gure semeak atxilotzera datoz», txiokatu zuten gurasoek, Twitterren kontuan (@Altsasugurasoak), eta operazioaren nondik norakoak lau haizeetara zabaldu ziren berehala.

Guaixe aldizkariak jasotako irudietan, adibidez, argi asko ikusi zen Iñaki Abadek bere burua entregatu zuela. Galtza motzez jantzita, guardia zibilengana hurbildu zen, eta, gurasoak besarkatu ostean, atxilo eraman zuten.

Une horretan, zer gertatzen ari zen ikusita, hainbat herritar hurbildu ziren. Horietako bat zen Beñat Agirre. Ostiraleko epaiaren ostean halako zerbait gerta zitekeela susmatu arren, asteburuaren ostean epai irmoa izan arte ez zutela ezer egingo ondorioztatu zuen. Atzo goizean, eguneroko erritmo lasaia berehala aztoratu zitzaion, sakelakoa «sutan» jarri baitzitzaion. «Atxiloketak zeudela ari ziren esaten, eta hona jaitsi naiz babesa erakustera, zergatik izan den jakin nahian. Desinformazio handia zegoen. Ikusi dudanean Iñaki eramaten ari zirela, ezintasun handia eta amorrua sentitu dut».

Idoia Goikoetxearen arabera, gazteei elkartasuna azaltzera joan diren herritarretako batzuk identifikatu zituen Guardia Zibilak. «Beste botere abusu bat izan da, eta Altsasuko herriari eginiko beste eraso bat. Neurriz kanpokoa eta beharrik gabea izan da, herriarekiko bortitza eta oso mingarria».

Sentipen hori zuen Izaskun Etxeberriak ere. «Momentu honetan, minduta eta suminduta nago», azaldu zuen. «Minduta, sortzen ari zaizkigun sufrimendu guztiagatik, alferrikakoa baita. Gaur [atzo] egin zutena gauzatzeko bazirelako beste modu batzuk. Eta suminduta, urte eta erdi luze honetan gertatzen ari diren izugarrikeria guztiengatik». Kolpea herri osoak nabaritu duela nabarmendu zuen, baina, batez ere, gazteengatik azaldu zuen kezka.

Atzokoak oso zapore garratza utzi zion Idoia Goikoetxeari ere. «Oso luzea izaten ari da, oso esperientzia txarra, eta, batez ere, niretzat, ulertezina». Ahoan bilorik gabe, haserrea azaldu zuen: «Hitz egin behar dugu estatu ez-demokratiko bati buruz. Ez da hitz bat, ez da iritzi bat. Objektiboki, hemen ez dira betetzen demokrazia baten oinarrizko printzipioak».

Erantzun bateraturako deia

Iluntzean, 20:00etan, Altsasuko Foruen plaza bete egin zen, gazteak espetxeratzeko agindu «doilor eta ankerra» salatzeko. «Egun latza, beste bat gehiago azken urte eta erdi honetan», irakurri zuen Oier Zelaia herrikideak. Ordu berean, Euskal Herri osoan makina bat elkarretaratze egin ziren. Iruñeko Gazteluko plaza bete egin zen. Hain zuzen ere, atzoko sumina erantzun bateratu bihurtu nahidute, eta herritar oro deitu dute «beste behin kalera ateratzera, krudeltasun honi aurre egitera». Ekainaren 16an egingo den manifestazioan Iruñeko kaleak bete nahi dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.