Irudiak eskatu dituzte atzoko gertakariak argitu ahal izateko

Gaztetxea hustu zuteneko argazkiak bildu nahi dituzte gazteek, kaleratzea legezkoa izan den aztertzeko.Udalaren jarrera salatu dute

Kortxoenearen aldeko manifestazioan jendetza bildu zen atzo. GORKA RUIBIO /ARP.
Donostia
2015eko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Kortxoenea husterakoan gertatu ziren liskarrak argitzeko argazkiak eta bideoak bilduko dituzte Kortxoeneko gazteek. Irudiak gaztetxera bideratzeko eskatu dute, eraikinaren barruan zeuden gazteak atera zituztenean gertatutakoa salatu ahal izateko. Izan ere, atzo egin zituzten adierazpenen arabera, «aurpegia estalia zuten gizonezko batzuk indarra erabiliz» sartu ziren gaztetxera, bertan gaua igarotzen ari ziren erresistentzia taldeko kideak ateratzeko.

Salatu dute kaleratze hori ez dela «legezkoa» izan, «hori egiteko eskumenik ez dutelako» pertsona horiek. Kaleratzea egiteko, «epaile baten agindua» beharrezkoa da, eta, jabeak administratiboki eraikina botatzeko baimena izan arren, esan dute inork ez duela epaileren baimenik erakutsi kaleratzeak egiteko. Atzo kaleratze unean Kortxoenean zeudenen irudiak aztertu nahi dituzte gaztetxeko kideek.

Udalaren jarrera salatu dute

«Kortxoenea gaztetxea gaur lurrera bota izanak agerian utzi du nolako hiri eredua sustatu nahi duten EAJk eta PSEk Donostian»,EH Bilduren esanetan. Eneko Goia alkateak eta Ernesto Gasco alkateordeak kultur hiriburua aurkeztu izana «metafora adierazgarria» dela adierazi du Donostiako koalizioak: «Turistak erakartzeko nahi dute kultura, baina ez sormena garatzeko. Eta are gutxiago, noski, sormen hori modu autogestionatu baten bidez lantzeko».

Koldarkeria politikoa ere salatu du taldeak, «arduradun instituzional nagusiak «ezkutatu» egin direlako. Gizarte mugimenduekiko eta herritarrekiko harremana ulertzeko moduaren inguruan kezka agertu du koalizio abertzaleak, elkarrizketen erdian, udal gobernuak gazteei aldez aurretik ezer esan gabe baimendu duelako eraikina botatzea.

Gazte Abertzaleak taldeak ere bat egin zuen atzo manifestazioarekin, eta gogora ekarri du «gazteen partaidetza eta antolakuntza dinamikoak posible egiten dituzten guneen defentsa irmoa» egiten duela taldeak. «Ertzaintzaren bortizkeria» ere salatu du, eta horren aurrean «autokudeaketaren gaia gazteen antolaketaren berezko esparru bilakatzea garrantzitsua» dela deritzote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.