Laura Mintegi.
Arnaldo Otegi aske. IRITZIA

Zimendua badugu, irribarrea

2016ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Sei urte luze espetxean injustuki ematea gutxi balitz, orain dator kanpoko espektatibari aurre egin behar izatea. Pertsona batzuk profetaren zain dauden bitartean, beste batzuek muturra okertuta hartuko zaituzte, mesias guztiekiko mesfidati. Ez dute aintzat hartuko presoenik presoena izan zaitezen. Badago goratuko zaituenik eta egongo da, ifrentzuan, kritikatuko zaituena zuk ahoa zabaldu baino lehenagotik. Horra hor sinbolo izatearen zama. Ez nuke nahi zure larruan egon, Arnaldo.

Kalera atera eta gogoa Rafarengana eta barruan gelditzen diren ia 400 presoengana joango zaizu, ziur naiz. Zein latza izango den sentimendu zirimola kamera eta mikrofonen aurrean bizitzea. Norbera ez da aske sentitzen kideak aske ez dauden bitartean. Injustizia ez da amaitzen zigorra konplitzearekin.

Bihotza oraindik barruan, kanpoko presioari egin behar diozu aurre, sinbolo bihurtuta, norberak ondo asko dakienean hezur-haragizkoa dela.

Asmatu beharko duzu gobernatzen oraingo gehiegizko laudorioak eta urtetan pairatu dituzun bazterketa, erdeinu eta destainak. Kanpoko askoren loreak eta hurbileko batzuen gutxiespenak. Sentsazio kontrajarrien zirimola, seguru. Ez da erraza izan behar.

Nerau irrikan nago jakiteko zer hausnartu duzun —denbora eta irakurketak lagun— orainaz eta geroaz. Nahi nuke zure proposamenak eztabaidatuak izan daitezen eta ibilbide berriak jorratzen ikas dezagun, elkarrengandik ikasiz eta batera abiatuz; nahiago baitut astiroago joan baina kuadrillan, eta ez lau sprinterrek aurrera hartu eta gainontzekoei esan diezagutela nondik nora doan bidea.

Ezker abertzalean badago indarra, soberan, baina nora ezean dabil, iparra galduta. Baliteke zuri egokitzea katalizadore lana egitea. Baina take it easy, Arnaldo, ez da pertsona batek egin dezakeen lana, auzo lanean egitekoa dugu.

Euskal Herri alaia eraikitzeko garaia da, aspaldion tristurak jota gabiltza-eta. Irribarrea egundo ez zaizu itzali, hortxe zimendua. Gainontzekoa lana da, lan eskerga.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.