Hautetsiak Parisera joan dira, «murgiltze eredua defendatzera»

Frantziako Hezkuntza Ministerioarekin bildu ondotik, Iriartek ez du uste ezer «trenkatu» dutenik. Mobilizazioa egingo dute gaur Hiriburun

Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2020ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Euskarazko murgiltze esperimentazioa defendatzeko ordezkaritza Parisen egon zen atzo, eta Frantziako Hezkuntza Ministerioko kontseilari batekin mintzatu ahal izan zen. Hiriburuko (Lapurdi) Baste Quieta eskola publikoak murgiltze esperimentazioa jartzeko dosierra muntatu zuen, baina debekua jaso zuten Paristik. Are gehiago, murgiltze ereduaren esperimentaziorik ez duela gehiago onartuko erran zuen Hezkuntza Ministerioak. «Haiek ezarritako legeen arabera osatu dugu dosierra, baina ukatu digute, hala ere. Partidaren legeak ez dira joko denboran aldatzen», salatu du Alain Iriart Hiriburuko auzapezak.

Uztailean izan zuten erabakiaren berri, gutun bidez. Jaso eta berehala, agerraldi bat egin zuten euskalgintzako hainbat ordezkarik, eta hitzordu bat galdegin zioten ministerioari. Hala, negoziazioak berriz martxan jartzera joan ziren atzo Alain Iriart Hiriburuko auzapeza, Vincent Bru Pirinio Atlantikoetako departamenduko diputatua, eta Max Brisson eta Frederique Espagnac senatariak. Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariak ere joan behar zuen, baina garraio arazo batengatik ez zen Parisera heldu.

Delegazioak kezkak helarazi zizkion ministerioko kontseilariari. Iriart: «Solasaldi horrekin ez dugu dena trenkatu. Gure proposamenak entzun ditu, eta ministerioari helaraziko dizkio». Eskola sartzea gaur egingo dute Hiriburuko haurrek, baina jarri duten errekurtsoak ez du erantzunik jaso oraindik. Iriartek argi du: «Dosierra ez da honetan bukatzen; negoziazioekin segitu beharko dugu, eta mobilizatzen segituko beharko dugu». Gaur goizean bertan, elkarte, guraso eta hautetsiak Baste Quieta eskola aitzinean bilduko dira egoera salatzeko.

Iriartek ez du argi Hiriburuko eskolaren kasuan «erabakia aldatuko duten ala ez», baina negoziatzen segitzeko asmoa erakutsi du. «Agian, kontuan hartuko dute behar bezala egin dugula dena. Dena den, erabakia aldatzen badute, ez dute naturalki eginen, eta mobilizatzen segitu beharko dugu», adierazi du.

Bestalde, Hezkuntza Ministerioko ordezkariak segurtatu die gaur arte irekitako 38 murgiltze eredu esperimentazioak eskola pribatu katoliko zein publikoetan ez direla arriskuan. Hala ere, «erne» egon behar dutela azpimarratu du Iriartek: «Euskararen bidea hori da: beti zailtasunekin aitzinatzen gara, baina aitzina goaz. Ukaldi bat eman nahi izan dute, ene iduriko; erne egon beharko dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.