Eskumenen zain

Frantzia hamahiru eskualdetan banatzen duen mapa berretsi dute diputatuek.Orain, eskualdeen eskumenak adostuko dituen legea aztertzen hasiko dira senatariak

Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2014ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
2016ko urtarrilaren lehenean jarriko da martxan Frantziako eskualdeen mapa berria. Hau da, 22 eskualdetatik 13 eskualdetara pasatzen den mapa. Marrak mugituko dira orduan, eskualde kopurua txikituz, gelditzen direnen bolumena handituz. Baina iraultzarik ez. Hasteko, orain arte bezala, Frantziako legegileek ez dute marrazki berria erabili nortasunei ezagupen handiagoa emateko. Beste gisa batez laburbiltzeko, Frantziako Estatuaren historiaren hari beretik tiraka egin dute. Eta atzokoaren erabakiaren testuingurua ere zehaztu beharra dago bigarrenik. Mamirik gabe dago mementoko mapa berria. Eskualde berri horiek zer funtzio zehatz ukanen duten ez baita oraindik argitua. Argitze hori ez doa lege jakin honen bozketaren barnean.

BOZKETA



Atzo, mapa berria dakarren legearen bozketa orokorra zuten diputatuek. Bigarren irakurketaren bozketa nagusia. Hots, azkena. Izan ere, horrela funtzionatzen du Frantziako Legebiltzarrak. Asanblea eta Senatuaren artean, bi irakurketa izaten ditu legeak. Eta hala gertatu da orain ere, lehen mapa proposamen bat ekainean egin ondoren François Hollande Frantziako Estatuko presidenteak. Mapa joan-jinak egiten aritu da senatari eta diputatuen artean.

Atzo, 277 diputatuk alde bozkatu zuten, eta 253 diputatuk kontra. Bozketa lehen irakurketan baino hertsiago izan da. 33 abstenitu ziren; lehen irakurketan, 85. Aldi honetan, 50 diputatu gehitu zitzaizkion kontrakoaren multzoari.

ETA EZ DA ARRAS BUKATUA



Oraindik eskas da batzorde parekidearen erabakia. Alabaina, atzo adostu maparekin ez zuten bat egin senatariek. Haiek hamabost eskualdeko mapa baten alde egin baitzuten, Alsazia, Midi-Pyrenees eta Languedoc-Roussillon bakoitza bakarrik utziz. Diputatuek, berriz, azken bi eskualdeok elkartu dituzte, eta Alsazia Champagne-Ardenne eta Lorrenarekin bildu. Bi ganberek bozkatu legeak ez direnez berdinak, ostegun honetan bertan batzorde parekidean elkartuko da diputatu eta senatariek osatu multzo bat, adostasun batera heltzeko asmoz. Dena dela, ez badira ados jartzen, diputatuen bozak dio gaina hartzen senatarienari. Bi mapetan, berriz, Akitania, Poitou-Charentes eta Limousin elkartu dituzte.

5,8 MILIOIREN BARNEAN



Ipar Euskal Herria, 5,85 milioi bat biztanleko eskualde baten barnean sartuko dute, Akitania eskualdeari Limousin eta Poitou-Charentes eskualdeko biztanleen gehiketa eginez. Lapurdik, Nafarroa Behereak eta Zuberoak 289.000 biztanle dituzte. Eskualde berriaren izena erabakitzekoa dute 2016ko uztailean. Anartean, behin-behinekoa, ordena alfabetikoari jarraikiz, hau izanen da: Akitania-Limousin-Poitou-Charentes. Aurrekontu aldetik, gaurko egunean, Akitaniaren aurrekontua 1,4 mila milioi eurokoa da; 660 milioikoa du Poitou-Charentesek, eta 460 milioi eurokoa Limousinek.

KONTSEILARI GEHIKETA



183 kontseilari izanen ditu Ipar Euskal Herriari doakion eskualde berriak. Gaur egungo hiru eskualdeetako kontseilari kopuruen gehiketa bat da. Gainerateko eskualdeetan ere berdin ariko dira.

HIRIBURUA, BORDELE



Behin betiko hiriburua dekretu bidez finkatuko dute 2015eko abendua aitzin. Behin betiko kapitalak 2016ko uztailaren lehena baino lehen finkatuko ditu Estatuko Kontseiluak izenpetu dekretuak, Eskualdeko Kontseiluak bere iritzia eman eta. Bizkitartean, kapital kontu horrek esplika dezake partez erreforma: eskualde batzuk zergatik elkartu diren eta besteak zergatik ez. Akitaniaren kasuan, Colette Capdeviellediputatuak eta Jean Jacques Lasserre senatariak Akitania Midi-Pyreneesi lotu nahi izan dituzte Okzitaniatik begiratuz gero; argudiatu zuten bi eskualdeen lotzeak balukeela bere koherentzia. Baina lege zuzenketak ez ditu onartu gehiengoak. Kontrakoen artean, besteak beste, Alain Juppe Bordeleko auzapeza zegoen. Ez zuen nahi Bordele Tolosarekin (Okzitania) lehian sartzea.

Bretainian ere, Naonedek (Nantes) Roazhonen (Rennes) beldurra zuen. Eta horrela, beste hiriburu anitzen kezkak dira agertu. Agertu den bezala, nork dituen esku luzeenak, bere alde egin ahal izateko erreformaren haizeak. Aski da begiratzea borroketan nork irabazi duen, Frantziako indar harremanak zertan diren ikusteko.

NORTASUNEI MUZIN



Ipar Euskal Herria ez da ezta agertu ere mapaz legebiltzarkideek izan eztabaidetan. Bretainiarrek ere ez dute lortu aspaldiko aldarrikapena: Bretainia «historikorena» berriz elkartzea, Naoned (Nantes) hiriburutzat duen Loire-Atlantique sartuz Bretainia eskualdean.

Eta alsaziarrek, berriz, bakarrik segitu nahi zuten. Baina azkenean Champagne-Ardenne eta Lorrenarekin elkartu dituzte. Legeak argitzen du Estrasburgo izanen duela hiriburu —hiriburu bakarra da legeak zehazten duena—.

EZIN ALDATUA



Hautatze eskubidea aldatzeko baliatu nahi izan dute legea bretainiarrek. Doi bat aldatu da, orain ez baita erreforma baten beharrik. Baina kasik «giltzapetua» den aukera bat dela salatu dute aldaketaren aldekoek. Kontseilarien artean, bostetik hiru beharko ditu alde izan: bai lekuz aldatu nahi duen departamenduko kontseilarien artean, bai uztekoa den eskualdekoen artean, eta bai lotu nahi den eskualdekoen artean. Bretoiek aldaketaren alde %50 lortzea aski izatea nahi zuten. Baina lege zuzenketa hori ez da pasatu.

KORSIKAK BETI BERDIN



Aldaketarik ez Korsikarentzat. Estatutu bereziko lurralde kolektibitate izaten segitzen du. Legeak zehazki dio hori. Ez Korsika, ezitsasoaren bestaldeko Frantziako Estatuaren menpeko beste lau eskualdeak ez ditu hunkitzen legeak.

HAUTESKUNDEEI BEGIRA



Departamenduko bozak heldu den urteko martxoko atxiki dituzte: martxoaren 22an eta 29an. Eskualdeko hauteskundeak, berriz, 2015eko abenduan direla iraganen bozkatu dute. Legearen eta hauteskundeen artean urte bateko epea behar baita. Eta horrek esplikatzen du, partez, mapa aski tarrapatan hautatu izana ororen buru, parlamentari anitzek ohartarazi dutenez. «Eginahalak egin ditugu agiria bozka zezaten urtea bururatu baino lehen, Kontseilu Konstituzionalak oniritzia eman zezan eskualdeko hauteskundeak 2015eko abendura gibelatuak izan zitezen. Ez gara luzatu. Eta, ondorioz, agiria ez da hoberenetakoa», gobernu arduradun nagusi batek aitortu zionez Le Monde egunkariari.

MAMIA, ABENDUAN



Eskualdeen eskumenak eta finantzaketak zehaztuko dituen legea abenduaren 16an hasiko dira aztertzen Senatuan. Herri eta hirien arteko harremanak eta departamenduei geldituko zaizkien eskumenak adostekoak dituzte orduan. Horrekin batera, iaztik Frantziako Gobernutik abiatu deszentralizazioaren xede nagusiaren hirugarren eta azken partea bururatuko da. Iaz bozkatu legearen lehen zatian, Bordele, Marseilla eta gisa bereko metropoli nagusi horiek indartzeko xedea zen adostu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.