Kataluniako hauteskundeak. Eguneko kronika

Ezohikoari erantzunez

Botoa ematerakoan gertatutako irregulartasun eta iruzur salaketa batzuk gorabehera, joan den urriaren 1eko erreferendumean baino lasaiago bozkatu dute katalanek, Espainiako Gobernuak inposatutako hauteskundeetan.

Bozkalekuak. Herritarrak, atzo, botoa ematen Vicen, Bartzelonan. 5,5 milioi lagun baino gehiago zeuden deituta botoa ematera. SUSANNA SÁEZ / EFE.
Igor Susaeta.
Bartzelona
2017ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Eguna hasteko, ezohiko irudi bat. 08:45 ziren atzo, eta Bartzelonako Sants auzoko hauteslekuetako baten kanpoaldean, Espai de Gent Grantekoan, herritar ugari zeuden ateak noiz irekiko zain, 100 metro pasako ilara bat osatuz. Tartean zegoen Ferran, «motibatuta». Ikaslea da, eta herrialdeari «lagundu» nahi dio. Bozkaleku horretako hauteskunde mahaietako batean ordezko kideak izateko izendatutako bi gizon zituen atzean. «Dirudienez, etorri dira titularrak...», haietako batek, umorez. Jendea, bestela, isil antzean eta serio. Izan ere, egoera ezohiko batean egin zituzten hauteskundeak atzo Katalunian.

Ezohikoa, jaiegunetan izan ohi direlako Katalunian. Beraz, lanegunetako zereginei ekin aurretik bozkatzea erabaki zuen jende askok. Ezohikoa, are salbuespenezkoa izan zen atzoko ekitaldia, Espainiako Gobernuak, 155. artikulua aplikatu ondoren, Katalunian gobernu berri bat osatzeko bozak inposatu dizkielako kataluniarrei. Ezohikoa, aldi berean, Carles Puigemont Kataluniako presidente legitimoa Belgikan erbesteratuta dagoelako eta gobernuko kontseilarietako batzuk kartzelatuta daudelako.

Eta hauteskunde batzordeak are ezohikoagoak bihurtu ditu, kanpainan sinbologia independentista debekatu zuelako, eta hauteskunde mahaietako presidente eta kideei eta alderdietako apoderatu eta ikuskatzaileei debekatu dielako preso politikoen askatasunaren aldeko xingola horiak aldean eramatea bozen egunean. Hori guztia kontuan hartuta ere, kataluniarrek erantzun egin zuten atzo, eta, erreferendumean ez bezala, lasai bozkatu; baina independentistek, behintzat, eguna ezohiko bihurtu zuten gertakariak eragindako amorrua gorputzean pilatua zutela. Botoa ematerakoan gertatutako irregulartasun salaketa batzuk kenduta, ez zen egon bestelako gorabeherarik.

Espai de Gent Granteko hauteslekua ireki zuten, eta emakume batek zalaparta sortu zuen, ilaran zain zeudenei aurrea hartu nahi izan zielako eta azkenean lortu zuelako. Mossos d'Esquadren pare bat agenteri kexatu zitzaizkien han bildutakoetako batzuk, eta erantzun zieten administrazioarekin hitz egiteko. Atzerago zetorren Laura, xingola horia aldean zuela. Hari buruz galdetu, eta irribarre txikia marraztu zuen aurpegian. «Probokatzeko edo...».

Txantxetarako ez zegoena Pedro zen. Escola Industrialeko hauteslekura sartzeko pronto zegoen. «Beti izan naiz independentista», nabarmendu zuen. Espainiaz «potroetaraino» dagoela gehitu zuen, eta amorrua zera esanez errematatu: «Independentista izateagatik izorratu ninduten soldadutzan». Escola Industrial da, hain zuzen ere, urriaren 1eko galdeketako ikurretako bat, haren bueltan milaka lagun antolatu baitziren Espainiako Poliziari hautetsontziak bahitzea eragozteko. Lortu ere bai.

Valentina Lopez Coronado Ciutadanseko apoderatua han zegoen atzo, bazter batean, PSCko apoderatu batekin eta PPko beste batekin hizketan. Apoderatuei dagokie bozkatzeko materiala zaintzea, bozketa bera gainbegiratzea, eta botoen kontaketa ikuskatzea. «Jendea normal bozkatzen ari da», Lopezen iritzia. ERC, CUP eta JPC Junts Per Catalunyakoak beste bazter batean zeuden, elkarrekin. Independentistek 37.000 apoderatu hedatu zituzten Kataluniaren luze-zabaleko 2.680 hauteslekuetan. Catalunya En Comuk 4.500, Ciutadansek 4.000, eta PPk beste horrenbeste; horietako 1.200 bat, Espainiako hainbat tokitatik iritsitakoak. Irlandatik, Dublindik Bartzelonara oporretan heldu zirenak Michael eta Tom ziren. Despistatu antzean zebiltzan hauteslekuan barrena, «bozen ikuskizunari» begira.

Lanean baimena eskatu ondoren, ilaran «pozik» zegoen Jose. «Amorruz» gogoratzen ditu Poliziak urriaren 1ean sorrarazitako istiluak. «Espero dut oraingoan den-denek kontuan hartzea jendeak erabakitzen duena». Aurrera begira modu «baketsuan» jarraitzeko eskaera egin du, gainera. Atzean zeukan emakumezko batek baietz zioen buruarekin.

L'Eixample distrituko Balmes institutuan ere gorabeherarik gabe bozkatu zuten, galdeketan ez bezala. Gizon batek, ordea, giroa apur bat aztoratu zuen. Bi xingola zeramatzan aldean: horia eta senyerarena. «Espainiarrak...». Ez zitzaion ondo ulertzen zer ari zen esaten. Harekin hitz egin nahi, eta ez zuela kazetariei ezer esateko. Bestela, ERCko apoderatu batek kontatu zuen, susmo txarra-edo hartuta, adineko pertsona asko beste norbaitek lagunduta iristen ari zirela hauteslekura... Handik gutxira, ia 13:00etan, ERCk salatu zuen Ciutadans iruzurra egiteko ahaleginean zebilela L'Hospitalet de Llobregateko Bellvitge auzoko hautesleku batean. Gisa horretako beste salaketa batzuk egin zituzten Katalunia osoan: «Ez dut sinesten», Juan Ciutadansek Balmesen zuen apoderatu bakarraren erantzuna. Handik bost-hamar minutura, hura berriemaile: «Kontatu didatenez, ERCkoak gauza bera egiten ari dira Reusen». Dena den, informazio hori ere ez zuen aintzat hartzen.

Artur, bien bitartean, ilaran zain. Bufanda hori bat zeraman lepoaren bueltan. «Ez dut zertan ezkutatu», irribarrez. Beti bozkatu du, beti bozkatuko du. «Kasu honetan, gure herrialdetik 155.a ken dezaten. Biolentzia ez da bidea». Larrituta zebilena Belen asturiarra zen. «Bozkatu dut, baina ilaran nago, berriro, lanera egiaztagiri bat eraman beharra daukadalako». Pentsatzen du gaurtik aurrera egoera ez dela askorik aldatuko, eta bustitzeko asmorik gabe gaineratu zuen «gatazka» saihestu behar dela.

«Aurpegira esan diezadala»

Apur bat bere onetik aterata zegoena Pau zen, JPCk Ernest Lluch hauteslekuan zuen ikuskatzailea —apoderatuek ez bezala, ikuskatzaileak ezin dira hauteslekutik mugitu—. «PSCko apoderatu bat ez zaio, ba, presidenteari kexatu nire kreditazioaren zinta horia delako! Esan diezadala aurpegira». Gisa horretako gaizki-ulertu bat gertatu zen Arrabadasadan (Tarragona). Bikote batek adierazi zion Pauri lasai egoteko, ez zuela merezi. Mario PPkoari ez dio molestatzen sinbologia horiak. Raulek Ciutadansen alde bozkatu zuen, eta, haren ustez, egoera «bere onetik atera da». «Independentismoak galbidera garamatza. Kataluniak aldaketa bat behar du, baina Espainia barruan eta Ciutadansek gidatua». Ernest Llucheko mahai bateko hiru kideek ez zuten iritzirik eman. Amaieran, «nekatuta baina pozik» zeuden. Haiek ere, milaka katalanek bezala, ezohikoari erantzun zioten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.