EHNE: «Esnea ez da iturritik ateratzen»

Sindikatuak «berehalako» neurriak eskatu dizkie erakundeei, sektorea desager ez dadin.Baserritarren egoera are gehiago zaildu da Europak apirilean ekoizpenerako kuota kendu ondoren

Zenbait esne ekoizle, EHNE sindikatuak atzo Donostian egindako agerraldian. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Arnaitz Lasarte.
Donostia
2015eko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
EHNE sindikatuak «berehalako» neurriak eskatu dizkie erakundeei, esnearen sektoreak aurrera egin dezan: «Esnea ez da iturritik ateratzen». Baserritarrak are gehiago ahuldu ditu Europako Batasunak apirilean esne ekoizpenerako kuota sistema bertan behera utzi izanak: «Zenbait ekoizle lana uztekotan daude, eta badira lanik gabe gelditu direnak ere». EHNEk salatu du «ohiko» bihurtu dela ekoizleei esne litro bakoitzeko 0,24 eta 0,28 euro ordaintzea. Ekoizpen kostuaren azpitik daude prezio horiek —0,35 eurokoa zen uztailean—. Baldintza horietan segituta, sektorea «desagertzeko zorian» dagoela ohartarazi du sindikatuak. Zenbait datu eman ditu, egoeraren erakusle: 2005ean, Hego Euskal Herriko 2.131 baserritan ekoizten zuten esnea; iaz, berriz, 913tan.

EHNEk ezinbestekotzat jo du barne merkatua arautzea, horrela prezioak hobetuko liratekeela uste baitu: «Ekoizpen kostuak betetzen dituzten prezioak behar dituzte baserritarrek». Alde horretatik, uste du Frantziako Gobernuak hartutako neurria norabide onean doala: esne litro bakoitzeko gutxienez 0,34 euro ordaintzea arautu berri du. EHNEko kide Garikoitz Nazabalen esanetan, beste gobernu batzuek, bitartean, oraindik ez dituzte neurriak zehaztu, lehiakortasun arauak «aitzakiatzat» hartuta. Erakundeen geldotasunak «erabateko boterea» eman dio industriari, Nazabalen arabera. Kuota sistema desagertuta, sektoreak indarra galdu du negoziazioetan, eta kontratuak prezioa jaitsi nahi dutenentzako «arma» bihurtu dira. Horrez gain, gero eta gehiago dira kontraturik gabe esnea erosten duten bitartekariak. Horiei kontrol «zehatza» egiteko eskatu du sindikatuak.

Europatik datozen politikak «sektorearen kaltean» direla iritzita, EHNEk «beharrezkotzat» jo du bertako politikak zehaztea. Landa garapenerako programen bidez ikusten du horretarako aukera. Espainiako Gobernuarena ez ezik Euskal Herriko erakundeen ardura ere badela uste du sektorea bultzatzeko behar bezalako neurriak hartzea: «Lan ildoak zehaztu behar dira abeltzain, industria eta erakundeen artean».

Elkartasunerako deia

Egungo egoera «larriari» konponbidea emateko, elkartasunerako deia egin die esne ekoizle guztiei: «Zenbait abeltzainek duten egoeraren aurrean, beharrezkoa da taldeetan antolatuta dauden abeltzainen babesa eta laguntza». EHNEren ustez, elkarlanean lortuko dute irtenbide «duina» topatzea eta langile gehiagoren galera saihestea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.