Etxe turistikoei bereizgarria jarri beharko zaie eraikinean

Jaurlaritzaren dekretuak «segurtasun juridikoa» eta «kalitatezko egonaldia» bermatu nahi ditu. 550 etxe atera dira erregistrotik

Leire Artola Arin -

2018ko uztailak 5
Turistentzako etxebizitzek bereizgarri bat izan beharko dute eraikinean, argi gera dadin zein den etxe horren erabilera. Eusko Jaurlaritzak asteartean onartu zuen etxe turistikoak erregulatzeko dekretua. «Segurtasun juridikoa» eta «kalitatezko egonaldia» bermatzeko tresnak biltzen dituela azaldu zuen atzo Alfredo Retortillo Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak. «Ez dugu onartuko ez iruzurrik, ezta ezkutuko jarduerarik ere», adierazi zuen Donostian egindako prentsaurrekoan.

Etxe eta logela turistikoen auzia arautzeko elkarlanean dabiltza Donostia, Bilbo eta Gasteizko udalak eta Jaurlaritza. Donostiak eta Bilbok ordenantzak argitaratu dituzte, eta Gasteiz berea garatzen ari da. Udalek bidaltzen dizkiote Jaurlaritzari erregistratutako etxebizitzen txostenak, eta, horrela, kontrola bermatzen dute. Gainera, Retortillok jakinarazi duenez, hamar pertsonako talde bat osatu dute etxe turistikoen erabilera ikuskatzeko.

Dekretu berriaren helburuetako bat da etxe turistikoek erregistroan egin beharreko tramiteak sistematizatzea eta erraztea. Horrez gain, garrantzi berezia eman nahi izan diete erabiltzaileen eta bizilagunen ongizateari. Batetik, erabiltzaileak bermatua izan beharko ditu kalitatezko egonaldia izateko gutxieneko baldintzak; horien artean, etxe asegurua, informaziorako kontaktua, segurtasun elementuak eta erregistro zenbakia.

Bestalde, bizilagunen «atsedena errespetatzeko» betebeharra jasotzen du dekretuak. Bizilagunek erabaki dezakete etxe edo logela turistikorik ez egotea eraikin horretan, betiere guztien adostasuna badute.

Dekretuaren edukiaren berri eman zutenetik, etxe ugari erregistrotik atera direla esan du Maider Etxebarria Turismo eta Ostalaritzako zuzendariak. Horietako asko «beren ekimenez» atera direla argitu du, konturatu direlako ez dituztela betetzen baldintzak. Bizkaian 270 izan dira, eta Gipuzkoan, 280; horietako 250, Donostian.

Gaur egun etxe turistiko gisa erregistratuta daudenen datuak eman ditu Etxeberriak, argi utzita etengabe aldatzen direla. Bizkaian 550 daude, eta horietatik 230, Bilbon. Gipuzkoan dago gehien: 1.600. Gainera, hiriburuan pilatzen dira %75; beraz, oraintxe 1.200 etxe daude izena emanda Donostian. Hala ere, argitzen ari dira 657 etxek ezaugarriak betetzen dituzten ala ez. Parte Zaharrekoen kasuan, ez da etxerik onartu, saturazioagatik. Hortaz, hango 35 pisu daude turismorako alokairu jarduera eteteko prozesuan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna