Urruñan gazte bat Poliziak hil duela salatu du haren familiak

Joan den astean atxilotu zuen Frantziako Poliziak Bader Idrissi Urruñan, eta koman eraman zuten ospitalera. Hiru egunera zendu zen

Ekhi Erremundegi Beloki -

2018ko urriak 19
Taser pistola batekin geldiarazi ondoren atxilotu zuen Frantziako Poliziak Bader Idrissi joan den asteazken arratsaldean, Urruñako (Lapurdi) Pausu auzoan. Bihotzekoak eman zion, eta hiru egun geroago zendu zen Baionako ospitalean. Gizon gaztearen senideek polizien jokabideari leporatu diote Idrissiren heriotza, Euskal Irratietan egin dituzten adierazpenetan; Samuel Vuelta Simon Baionako prokuradoreak ikerketa hasi du, eta hilotzaren autopsiaren emaitzak eskuetan izan arte adierazpenik ez egitea erabaki du. Bihar, martxa isila eginen dute gaztearen senideek heriotza salatzeko, 15:00etan, Pausu auzotik Hendaiako polizia etxera.

Joan den asteazkenean gertatuaz bertsio kontrajarriak agerrarazi dituzte batzuek eta besteek. Gaztearen gorpuaren autopsiak eta Baionako prokuradorearen ikerketak argitu beharko dute. Euskal Irratiek bildu dituzten lekukotasunen arabera, Urruñako Pausu auzoko ostatu, farmazia eta komertzioetan gaindi ibili zen Idrissi, «jarrera bitxiekin». Eldarniotan zegoela kontatu diote auzokoek irratiari, ez zutela «ongi» ikusi. Xaia ostatutik igaro zela aipatu du Beñat Elizondo nagusiak, eta ondotik etxe batera sartu zela. «Bere onetik aterata zen. Pertsegitzen zutela, jendeak bazituela ondotik; bereziki laguntza eske ari zen», kontatu duenez. Azaldu du auzoan bertsio ezberdinak entzun dituela.

Koman ospitalera

Auzoko bizitegi batera sartu ondotik agertu zen Polizia, eta atxilotzen saiatu zen, baina, Idrissiren aitaordeari adierazi diotenez, ezin izan zuten geldiarazi. Taser pistola elektrikoak baliatu zituzten, eta horren ondorioz eman zion bihotzekoak, aitaordearen hitzetan. Euskal Irratiei erran dienaren arabera, Donibane Lohizuneko polizia etxera joateko deia egin zioten, eta han azaldu zioten «ezinezkoa» izan zela hura geldiaraztea. «Erran zidaten alde guzietara korrika ari zela, eta, horregatik, barra elektrikoarekin bi kolpe eman zizkiotela». Hiru egunera zendu zen gaztea Baionako ospitalean.

Poliziaren eta sokorri zerbitzuen lana auzitan jarri du Idrissiren aitaordeak, uste baitu ez zirela behar bezain fite aritu, eta, ondorioz, koman eraman zutela ospitalera. «Niretzat, taser kolpeak eragin zion bihotzaren gelditzea, eta ezin izan zuten suspertu, hamabost minutu pasatu ondoren oxigenoa ez zelako gehiago burmuinera igotzen».

Baionako ospitaleko iturrien arabera, gazteak arazoak zituen drogarekin, eta «behin baino gehiagotan» artatu behar izan zuten lehenago ere.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna