Zaldibarko luizia

Beste pala berezi bat egingo dute Zaldibarren bilaketan aritzeko

Sololuze eta Beltran topatzen laguntzeko beren-beregi egindako pala bat ari da jada lanean. Bi langileek 26 egun daramatzate desagerturik

gotzon hermosilla
Bilbo
2020ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Zaldibarko zabortegian bilaketa operatiboa koordinatzen duen batzorde teknikoak iragarri du beste pala berezi bat egingo dutela, Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran topatzeko lanetan laguntzeko. 26 egun beteko dira gaur bi langileak desagertu zirenetik, zabortegian izandako luiziaren ondorioz, eta oraindik haien bila jarraitzen dute.

Batzordeak ez du bilera egin zabortegiaren inguruko herri batean, orain arte bezala, Eusko Jaurlaritzak Txurdinaga auzoan (Bilbo) duen Larrialdiak Kontrolatzeko Zentroan baizik. Bileraren buru Segurtasuneko sailburuorde Josu Zubiaga izan da, eta bertan parte hartu dute Ingurumen Saileko teknikariek, obra zibileko zuzendaritza teknikoko teknikariek, Bizkaiko Aldundiko ordezkariek eta Eusko Jaurlaritzako Larrialdietako langileek.

Duela zenbait egun, Zaldibarko zabortegian bilaketa lanetan aritzeko beren-beregi egindako miaketa pala bat hasi ziren erabiltzen. Pala horrek lurra bahetzen du, eta orain B1 gisa izendatu duten eremuan ari da lanean. Emaitzak ikusita, horren moduko beste pala bat egitea erabaki dute bileran.

Horretaz gain, beste neurri batzuk ere hartu dituzte bileran,obra zibila egitean zein erauzitako materialak arakatu eta bahetzeko lanetan aurrera egiteko. Adibidez, erabaki dute beste bide bat irekitzeko lanei ekingo dietela,beste eremu batera iritsi ahal izateko eta hango materiala kendu eta bahetzeko. Datozen orduetan ekingo diote horri, eta espero dute astebeteko epean amaitu ahal izango dutela.

Halaber, aste honetan Interbiak sozietate publikoarekin koordinazio lanetan hasiko dira, B3 bilaketa eremutik materiala atera ahal izateko, eta eremuak egonkortzeko lanetan ere aurrerapausoak ematen ari dira. Azaldu dutenez, makineria berria sartu da eta hondakinak aldi baterako metatzeko espazio bat egokitu da B4 bilaketa-eremuan.

Zabortegian ostera ere suteak berpizteko aukerari dagokionez, batzorde teknikoak esan du suhiltzaile talde bat dagoela han, edonoiz esku hartzeko prest, ur putzu batekin eta lursailean aparra aplikatzeko aukerarekin, egoera kontrolpean mantentzeko.

Batzorde teknikoak gaur ez du bilerarik egingo, eta bihar batzartuko da berriro. Edonola ere, iragarri dute Sololuze eta Beltran bilatzeko lanetan albisterik egongo balitz segituan jakinaraziko luketela.

Etzi manifestazioa egingo dute Markina-Xemeinen (Bizkaia), 18:30ean hasita eta Goiko Portaleko iturritik abiatuta, Zaldibar argitu orain! lelopean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.