Airearen kalitatean, Bilbo da kezka nagusia Jaurlaritzarentzat

Ingurumen sailburuordeak azaldu du kutsadura mugak bete direla, oro har. OMEren irizpideen arabera, bada zer hobetu partikula esekietan

Jon Rejado.
2018ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako airearen kalitatea «hobera» egiten ari da. Elena Moreno Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuordeak atzo azaldu zuenez, 2017an «oro har» ez ziren legez ezarritako kutsadura mugak gainditu. Bi salbuespen egon zirela zehaztu zuen. Lehena, martxoaren 26an Muskizen (Bizkaia) antzemandako sufre dioxido kutsadura, Petronor findegiaren isuri baten ondorioz. Bigarrena, Bilboko hirigunean detektatutako nitrogeno dioxido kutsadura. Bi datu horiei garrantzia kendu die Morenok, baina gaineratu du airearen kalitateari dagokionez batez ere Bilboko egoerak eragiten diela «kezka».

Morenok jakinarazi duenez, 2017an, Bilboko Maria Diaz de Haro kalean dagoen estazioak nitrogeno dioxidoa antzeman zuen araudiak ezarria duen urteko kutsadura mugaren gainetik. Nitrogeno dioxidoa autoek igortzen duten kutsatzailea da, batez ere diesel motorra dutenek. Kutsatzaile horrek bereziki haurrei eta asma dutenei eragiteaz gain, beste batzuekin ere lotuta dago: troposferako ozonoa, partikula esekiak...

Bilboko kasuan, Morenok gaineratu du ez dela «ezer kezkagarririk» gertatzen. Azaldu du ez dutela esku hartze berezirik egingo kutsadura antzemandako eremuko biztanleekin. Edonola ere, Ingurumen sailburuordeak adierazi du Bilboko Udalak mugikortasunaren alorra landu beharko duela, baina gaineratu du dagoeneko ari dela.

Airearen kalitatea neurtzeko, Eusko Jaurlaritzak 53 estazioko sarea du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Morenok azaldu du estazio bakoitzean zazpi kutsatzaile neurtzen direla, oro har: 2,5 eta 10 mikroiko partikula esekiak, nitrogeno dioxidoa, sufre dioxidoa, karbono monoxidoa, troposferako ozonoa eta bentzenoa. Sailburuordeak adierazi du aipatu bi salbuespenak kenduta 2017ko gainontzeko neurketak araudiak finkatutako mugen azpitik egon zirela.

OMEren arabera, okerrago

Datuak ontzat jo arren, Elena Morenok argitu du irizpide ezberdinak daudela airearen kalitatea neurtzeko. Araudiaz gain, Osasunaren Mundu Erakundeak beste muga batzuk aholkatzen ditu. OMEren irizpideak aintzat hartuz gero, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrek arnasten duten airea kalitate okerragokoa litzateke. Besteak beste, azken irizpidearen arabera, estazioen laurdenek antzeman dute 2,5 mikroiko partikula esekien kutsadura, eta estazioen %12tan 10 mikroiko partikula esekien kutsadura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.