UDAKO SERIEA Hegoaldeko muga (II). Ceutako hesia.

Europako txarrantxa zaharrena

Europan immigranteen bidea oztopatzeko jarritako lehen hesia da Ceutakoa. Aurten, 900 lagunek egin dute jauzi gainetik. Deportatuak ere asko dira: iaz 9.241 izan ziren Ceuta eta Melillatik.

Europako txarrantxa zaharrena.
Kristina Berasain Tristan.
Ceuta
2017ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Ryszard Kapuscinskik esan zuen mugak zeharkatzeak ematen ziola benetako zentzua bizitzari: «Inoiz ez da erraza izan muga bat igarotzea. Maizarriskutsua da; bizitzaren eta heriotzaren arteko barrera bat da». Muga fisikoez eta metafisikoez mintzatzen zen kazetaria, eta hesi fisiko bat ikusteak galdera metafisikoak ere sortzen ditu. Ceuta inguratzen duen hesiaren bi muturrak itsasoraino sartzen dira; Benzun, iparraldean, eta Tarajalen, ekialdean. Azken horretan, hiri autonomora sartzeko dagoen pasabide bakarrean, heriotza ezagutu zuten muga zeharkatzen ari ziren hamabost lagunek.

2014ko otsailaren 6a zen. Goizalde hartan 200 bat errefuxiatu saiatu ziren hesia pasatzen, batzuk muturretik, itsasotik, baina, igerian ari zirela, guardia zibilek gomazko pilotekin eta ke poteekin egin zieten eraso. Hamabost lagun hil ziren. Tartean Larios Fotio. Ndeubi Marie Theresek biharamunean izan zuen semearen heriotzaren berri, eta, ordutik, haren izenean, justizia eskatzen du: «Neure buruari zin egin nion hil zuten lekua ikusiko nuela, egun bakar batez bazen ere, eta haren errautsak herrira ekarriko nituela».

Tarajali begira ari da hizketan Reduan Mohamed Jalil. Auzia berriz ere zabaldu izana senideen, ekintzaileen eta gobernuz kanpoko erakunderen garaipena izan dela dio. Hesia bertatik bertara ezagutzen du, kilometroz kilometro, orografia malkartsua bada ere: «Marokoko Polizia hesiaren perimetro osoan lubaki bat egiten ari da orain; kontzertinaz beteko dutela diote, eta ez hori bakarrik: pista bat ere egiten ari dira. Hondeamakinak martxotik ari dira lanean, eta kanpamentu militarrak ezarri dituzte inguruan; tankeak ere ikusten dira».

Schengengo Ituna

Etengabe zabaldu eta luzatu den hesiaren azken aldaketa da, hamaikagarrena, ezen immigranteen bidea oztopatzeko kontinente zaharreko txarrantxa zaharrena baita Ceutakoa. Aurrenekoa izatearen marka iluna dauka. Schengengo Ituna indarrean sartu zen urte berean ezarri zuten legionarioek bi metro eskaseko txarrantxa, 1995eko urrian. Europako estatu kideen arteko mugak ezabatu ziren, zirkulazio askea baimendu, baina hegoaldeko muga gotortu beharra zegoen.

Jose Maria Aznarren gobernuaren ekimena izan zen, eta, hiru urte geroago, sendotu egin zuten hesia; 1998ko udarako hiru metro garaiko altzairuzko hesia zegoen zutik, alanbre ziztadunekin. Marokoko aldean hiru metroko beste txarrantxa bat dago, kontzertinaz osatua.

Gaur egun, 8,2 kilometro luze eta 6,10 metro garai diren bi hesi paralelo dira; tarteka kontrol postuak daude, eta hesi osoan zehar segurtasun kamerak, gauez ikusi ahal izateko argiak, mugimenduak detektatzeko sentsoreak eta alarmak. Droneak ere jartzea aztertzen ari dira.

Hesian, puntako teknologiarekin batera, zapata zolak, kamiseta puskak eta eskularru arrastoak ikus daitezke zintzilik, haren gainetik salto egin dutenek utzitako oroigarriak. «Zauritu egiten dira, eta odoletan iristen dira, zikinak, oinutsik, akituta, baina pozarren». Jalil ederki akordatzen da taldeko azken saltoarekin. Lotan zegoen goizaldeko ordu biak aldera, eta garaipenaren oihua entzun zuen: «Sidi Brahim eremutik sartu ziren, batzuk gainetik salto eginez eta beste batzuk hesian dauden ateetatik, apurtu egin baitzituzten». Bere etxe aurretik pasatu ziren errefuxiatuak hesia gainditu berritan, eta une horren ederra grabatu zuen.

Otsailaren 20an 356 lagunek lortu zuten hesia igarotzea —hiru egun lehenago, beste 497k lortu zuten—. Talde horretan zegoen Boris Constantine Hamed. CETI immigranteak behin-behinean hartzeko zentroaren atarian dago, eta irribarre batekin gogoratu du une hura: «Bi egun egin genituen oinez hesira gerturatzeko. Ekaitz eguna zen, eta gauean atertu egin zuen. Orduan hasi ginen saltatzen. Euria hasi zuen, baina igual zion. Lortu genuen».

Boza oihukatu zuen Hamedek. Behin eta berriz. Ozen. Errefuxiatuen oihua da, gerra oihu moduko bat, garaipena, esperantza eta poza adierazteko. Hilabete luze zeraman basoan, zain, ezkutatuta, ezer gabe, janaririk gabe, helburu bakar batekin: «Etengabe pentsatzen nuen noiz eta nola zeharkatu hesia, egunero-egunero; obsesio bat zen».

Zortea izan dutenen aldean dago Hamed. Hesiaren beste aldean. Aurten jada 900 errefuxiatuk zeharkatu dute hesia; iaz 2.522 izan ziren, eta 2015ean, 2.138. Europak itsasoaren zaintza indartzearekin batera areagotu dirasaltoak. Bide bat itxi eta beste bat bilatu dute, zailagoa, arriskutsuagoa, baina zirrikitu bat. Frontex 2006an jarri zen martxan, eta, ordutik, nabarmen ugaritu egin dira saltoak —2010ean 500 lagun inguruk igaro zuten hesia—.

Deportatuak

Hamedek iparraldetik begiratzen dio orain hesiari. Zorte bikoitza izan du, gau horretan ez zituztelako deportatu. Hesia zeharkatzen duten errefuxiatu ugari momentuan bertan kanporatzen dituzte, mugan baztertuta, berez legez kanpoko praktika bada ere, hesia Espainiako lurrean dagoelako eraikita. Ceuta eta Melillatik 9.241 lagun deportatu zituzten iaz. Espainiak eta Marokok 1992an sinatutako Auzotasun Onerako Akordioaren arabera, azken herrialde horrek etorkinak bueltan hartzen ditu, deportazio azkarrak egiteko, baina inork ez daki zenbat diren, nola egiten dituzten, nora eramaten dituzten... Espainiako Gobernuak, Jose Luis Rodriguez Zapaterorekin, 2006an, aberriratze akordioak egin zituen Afrikako dozena bat herrialderekin.

Hamed eta Jalil hileko bigarren asteazkenean hirian egiten den Isiltasunaren Zirkuluan elkartu dira, errefuxiatuen alde hirian egiten den ekintza bakanean.

BIHAR. CETIak: Koloretako zulo beltzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.