UDAKO SERIEA Hegoaldeko muga (III). CETI etorkinak behin-behinean hartzeko zentroak.

Koloretako zulo beltzean

Ceuta eta Melillako zentroetatik 6.401 errefuxiatu pasatu ziren iaz, eta bada han zazpi urte egin izan duenik. Kartzela baten modukoak direla salatu dute etorkinek.

Siriatik Melillara. Ahmad al-Ali, familiarekin. Astebeteko alaba CETIn jaioa da. KRISTINA BERASAIN TRISTAN.
Kristina Berasain Tristan.
Ceuta/Melilla
2017ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Boza oihukatu dutenen artean dago Desire. Otsailaren 20an Ceutan sartu ziren 356 errefuxiatuetako bat da. Orain zeharo ahaztuta dauka une hartako boza edo poza. CETI etorkinak behin-behinean hartzeko zentrora zuzendu ziren gau hartan hesia gainditu zutenek; badakite hori dela bidaian igaro beharreko hurrengo hesia. Ceutako CETIan 540 immigrante daude gaur egun, eta Melillakoan, 850. Iaz 6.401 errefuxiatu pasatu ziren bietatik. Kolorez pintatutako eraikinak dira; Ceutakoa horiz bakarrik, Melillakoa horiz, berdez, urdinez, laranjaz, arrosaz... Zabalagoa eta txukunagoa da azken hori, jolastoki eta guzti, baina, barrutik, zulo beltz bat dira.

Desirek bost hilabete beteko ditu aurki hemen. Saltoa egin zuten 356 lagunetatik soilik 31 eraman dituzte penintsulara. «Berez asteazkenero atera beharko litzateke talde bat, baina maiatzetik ez da barkurik atera, saltorik ere ez delako egon». Ceutako CETIa leku ezkutu batean dago, errepide estu batean gora, zuhaitz artean. Atarian dago Desire. Bi egun daramatza jan gabe. Zigortu egin zuten, eta egunero joaten da galdetzera ea noiz utziko dioten berriz sartzen. Bi asterako zigorra daukala berretsi diote.

«Hau kartzela bat baino okerragoa da. Hemen, txakur batek gehiago balio du beltz batek baino». Gela bakoitzeko hamar lagun daudela dio, pilatuta daudela, eta janaria ez dela jateko modukoa, arrozetan harrak ere aurkitu izan dituela. «Zaborretara bota izan dut, baina horregatik ere zigortzen zaituzte. Denagatik zigortzen zaituzte, kexu egiteagatik, hitz egiteagatik, berandu iristeagatik, edateagatik». Oraingo zigorra larriagoa da. «Zaintzaile batek jo egin ninduen, eta salatu egingo nuela esan nion, baina berak jarri zuen salaketa, nik bera jo nuela esanez. Gaua kalabozoan pasatu nuen, eta isuna jarri didate. Epaileak dokumentua sinatzera behartu ninduen, baina spm jarri nuen, signature per menace [sinadura mehatxupean]».

Bere onetik aterata dago. Amorratuta bezain etsituta. «27 urterekin alde egin nuen etxetik, eta jada 35 urte ditut. Atzo izan ziren nire urteak. Eta ahora eramateko ezer ere ez nuen». Negarrez hasi da. «Tristea da. Ez zara ezer. Ez duzu ahotsik. Botere abusua itzela da, lapurtu egiten dizute, daukazun apurra, telefonoa, galtzak... baina ezin duzu ezer egin. Zuzendaria militar bat da, koronel bat».

Boko Harametik ihesi

Desire Kamerungoa da sortzez. Nigeriako mugako herri batekoa, eta han ez dela giro dio. Boko Haramen mamuarekin bizi izan dela. Zibilak bahitzen dituztela, askotan haurrak, gero soldadu gisa trebatzeko, eta urtero 500 bat lagun hiltzen dituztela —Kamerunek Boko Haramen kontra ari den nazioarteko koalizioa zuzentzen du—.

«Bizitza itzela da; sufrimendua, etengabea. Amak begi bat galdu zuen, anaia istripu batean hil zen, aita ez dut ezagutzen». Zeharkaldiaz ere aritu da. Bi urte egin zituela Tangerren. Eta beste bi Nadorren. Basoan. Osaba bat itsasoan ito zela , eta bera ere saiatu zela, baina beldurrak ez ziola utzi.

CETIak Espainiako Lan eta Gizarte Segurantza Ministerioaren ardura dira. Ceutakoa 2000. urtean zabaldu zuten, eta 512 lagunentzako tokia dauka, tartean 1.400 lagun ere hartu izan baditu ere. Melillakoa urtebete lehenago zabaldu zuten, 1999an, eta handitu badute ere —796 leku ditu egun—, 480 lagunentzako tokia zuenean 2.500ere jaso zituen. Kanpoaldean oihalezko etxolak ezarri zituzten, baina errefuxiatuak hotzez egoten ziren, itaxurak zeudelako.

Egunean hiru otordu egiten dituzte errefuxiatuek zentroan, eta ateratzeko baimena ere badute. Baldintzak, baina, negargarriak dira. Gobernuz kanpoko erakundeen salaketa irmoa da. Amnesty Internationalek behin baino gehiagotan ohartarazi du gainezka daudela, eta UNHCRIheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak, ez direla errefuxiatuentzako gune egokiak. Francesca Friz-Prguda erakundeko ordezkariak egindako bisitaren ostean adierazi zuen premiazkoa dela zentroak erreformatzea eta funtzionamendua aldatzea: «Europak ezarritako zuzentarau minimoak ere ez dira betetzen; ez dira gerratik eta jazarpenetik ihesi etorri diren pertsona traumatizatuak egoteko lekuak, are gutxiago haurrak».

Paula Domingok aski ondo ezagutzen ditu zulo beltz horiek, baita handik pasatzen diren errefuxiatuak ere. Elin elkarteko arima da. Ceutako desertuan oasi bat sortu zuen hesia eraiki zen urte berean, mundu berri bat amesteko leku bat, horman marraztua duten esaldiak dioen bezala. «Hemen pertsonengan sinesten dugu. Leku batean jaio izanak ez gaitu ezberdin egiten, azalaren koloreak ez gaitu ezberdin egiten, eta ezin ditugu errefuxiatuak ikusi arazo bat balira bezala. Askotan guri falta zaiguna ekartzen dute: itxaropena, aurrera egiteko kemena, alaitasuna, xalotasuna... Haiek gure munduan ere kabitzen dira».

CETIan dauden errefuxiatuentzako ekintzak eta ikastaroak antolatzen dituzte elkartean, eta haientzat hori baino gehiago ere bada egoitza. Paularen etxea esaten diote elkarteari errefuxiatuek, eta bera Ama Paula da. «Mugarik gabeko topaketa bat da hemen egunero gertatzen dena: familia bat gara, eta saiatzen gara harresiak eraisten. Harresiek ez dute eragotziko errefuxiatuak etortzea; denbora gehiago beharko dute, ibilbide luzeagoak egingo dituzte, gehiago sufrituko dute, gehiago hilko dira bidean, baina bunker honek ez du ezertarako balio».

'Klandestino'

Kantatzeko tartea ere badute elkartean. Manu Chaoren abesti bat aukeratu du gaur hogei bat laguneko taldeak. «Bakarrik noa nire penarekin, bakarrik nire kondenarekin. Korrika egitea da nire patua, legeari muzin egiteko. Babilonia handiko bihotzean galduta, klandestino esaten didate, paperik ez eramateagatik...».

Domingo hunkitu egin da. Klandestino hauen egoerak okerrera egin duela dio: «Elin sortu genuenetik, atzera egin dugu giza eskubideen egoerari erreparatzen badiogu. Lehen urteetan hona iristen zen jendea dokumentuekin ateratzen zen; nahikoa zen penintsulan norbaiten erreferentzia ematea lan egiteko paperak jasotzeko. Gaur egun, inor ez da ateratzen paperekin».

CETIetan, batez beste, hiru hilabete eta urte eta erdi artean egon ohi dira errefuxiatuak, zain, baina bada zazpi urtez ere egon denik. Gero, penintsulara bideratzen dituzte; CIE atzerritarrentzako zentro itxietan 60 egun egingo dituzte. Gehienak deportatu egiten dituzte gero, baina prozedura administratiboa amaitu gabe dagoenean aske uzten dituzte, paperik gabe.

Teresa Vazquez CEAR-eko Melillako koordinatzailea da. Penintsulara iristean errefuxiatuen benetako arazo hasten dela dio: «Itxaropena zapuztu egiten da; lanik gabe, kalean, linbo batean. Askok uste dute jatorrizko herrialdean hobeto zeudela, baina ez dira ausartzen hori aitortzera». Klandestinoak izango dira aurrerantzean ere.

Melillako CETIa hesiaren parean dago, golf zelai baten ondoan. Ilundu du, eta atarian hainbat lagun daude, lastaira baten gainean eserita, solasean. Siriarrak dira.

«Assad diktadore bat da»

Ahmad al-Ali familiarekin dago: Zeinab emaztearekin, Jusef 3 urteko semearekin eta Fatima astebeteko alabarekin. CETIan jaio da neskatoa. «Idlib hirikoak gara; Alepotik 60 kilometrora dago. Jatetxe bat genuen han, baina duela hiru urte alde egin behar izan genuen. Baxar al-Assad diktadore bat da; haurrei ere bonbak botatzen dizkien pertsona bat ezin da beste modu batez izendatu». Libanoko iheslari gune batean pasatu zituzten lehen hilabeteak, baina ez zuten etorkizunik ikusten.

Espainiako Barne Ministerioak Melillan zabaldutako bulegoan 2.500 siriarrek eskatu zuten asiloa iaz —2012tik 2015era 10.000 izan ziren—. CETIko egonaldia laburragoa izaten da haientzat.

Egun, hamar bat familia siriar daude. Beni-Enzarreko pasabidetik sartzen dira hirira: Marokoko aldean 1.000 euro ordaindu behar dute pertsonako, eta 400 umeko.

Ahmed Alahmed bakarrik etorri da. Hiru hilabeteko bidaia egin du: Damaskotik Sudanera, Sudanetik Txadera, Txadetik Mauritaniara, Mauritaniatik Malira eta Malitik Aljeriara. Basamortutik sartu da Marokora. Bi herrialdeen arteko muga itxita dago duela hogei urtetik, eta lubaki batek zehazten du muga. Batzuetan, blokeatuta geratzen dira han. Figuigen, 25 errefuxiatu siriar ezin aurrera ezin atzera geratu ziren maiatzean, bi herrialdeek ez zituztelako onartu nahi. Aljeriak 2015. urtean ukatu zien bisa siriarrei, eta horrek ibilbidea aldatzera eta luzatzera behartu ditu —Aljerrera hegazkinez joaten ziren lehen asko—.

Mohamedek beste zeharkaldi bat egin du. Dubaira egin zuen ihes duela hiru urte, familiarekin. Bera Alemaniara joan zen gero, eta, duela urtebete, Madrilera. CETIko atarian elkartu da familia osoa: ama, sei urteko semea, hiru urteko alaba eta emaztea. «Bikiez haurdun dago, eta datorren astean sartzen da zortzigarren hilabetean. Aurki joateko baimena ematen ez badiote, hemen jaioko dira gure haurrak».

Damaskoko Ar Ruyaiba auzokoak dira; esportazio enpresa baten jabe ziren, baina gerrak dena hondatu zuen. Amak dio ezin dela hitzekin azaldu zer den gerra. Begiradan antzematen zaio tristura. CETIko baldintzekin kexu da. «Zikina dago, kiratsa dario, janaria nazkagarria da, eta pilatuta egiten dugu lo». Hizketan ari dela, semeak dei bat jaso du. Jartzeko esan dio amari, osaba dela. Haren semea hil dute. Bala bat buruan. Negar malkotan hasi da.

BIHAR. Melillako hesia: hamabi kilometro koadroko kaiola.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.