Taldetik bereiztea bazterketa ote den

Hainbat familia ereduk arreta berezia behar dutela dio Familiak Babesteko Plan Integralak. Besteak beste, gay eta lesbianen familiak aipatu ditu. Zenbait elkartek homofobotzat jo dute bereizketa.

Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2015eko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Arreta berezia behar duten familiak» aipatzen ditu Espainiako Gobernuaren Familia Babesteko Plan Integralak. Hiru seme-alaba edo gehiago dauzkatenak, guraso bakarrekoak, kideen artean zaintza berezia behar dutenak, etorkinenak, umeren bat adopzioan edo harreran daukatenak, eta LGTBI kolektiboko kideak dituenak; horiek osatzen dute zerrenda. Planaren arabera, gainontzeko sendiek ez dituzten aparteko arazoak dauzkate horiek. Espainiako Estatistika Institutuaren arabera, familia gehienak daude sailkapen horretan. Eta zerrenda hori ez da denen gustukoa izan. Kasurako, gainontzekoetatik bereiztea diskriminazioa dela salatu dute hainbat LGTBI elkartek. «Halako familia bat gatazkatsua edo korapilatsua dela esatea homofobia da».

Inmaculada Mujikaren arabera, «onartezina» da sexu joeraren araberako banaketa egitea. Aldarte lesbiana, gay eta transexualen arretarako zentroko kide da. Ez du plana irakurri, eta ez du sakoneko iritzirik eman. Baina bereizketa hori salagarri iruditu zaio. Uste bera dauka etorkinen kasuan ere: «Zergatik dira familiak ezberdinak, kideak hemengoak edo kanpotik etorritakoak izan?».

Sendien arazoak komunak direla argi dauka Mujikak. «Hil bukaerara iritsi ezinik dabiltzanak, pobrezia energetikoa dutenak, kide guztiak langabezian dituztenak, seme-alabak elikatu ezinik dabiltzanak... Horiek dituzte arazoak. Eta heterosexual, LGTBI, etorkin edo bertoko dira, krisiak guztioi era berean eragin baitigu». Dioenez, sendi horiek lagundu behar ditu estatuak; edo sendiak baino gehiago, pertsonak, norbanakoak.

Planean, 190. eta 191. neurriak dira LGTBI kolektiboko kideak dituzten familientzat. Batean zein bestean, homofobiaren aurkako neurrien beharraz egiten du berba. Lehenengoak esaten du martxan ipini behar direla elkarbizitza sustatzeko eta diskriminazioa eragozteko programak. Bigarrenak, berriz, eskoletako jazarpena bukatzeko neurriei buruz hitz egiten du.

Mujikak ondo deritzo homofobiaren aurkako sentsibilizazio kanpainak martxan jartzeari. Baina ez zaio iruditzen horretarako bidea familia plan bat denik. «PPk gizartea sentsibilizatu nahi badu, sentsibiliza dezala: familietan, eskoletan, lan munduan... arlo guztietan egin dezake lan. Baina ez familiak bereizi eta gay eta lesbianenak gatazkatsuak direla esan». Haserretu da, baina ez da harritu. «Alderdi popularrak egindako homofobia erakustaldien artean beste bat da», Mujikaren ustetan.

Aitortu du LGTBI kolektiboko kideren bat duten familietan arazoak sor daitezkeela. Baina ez denetan. Eta ez sexu joeragatik beragatik, «gizarte homofobo eta patriarkalak» eraginda baizik. Gogorarazi duenez, halako bikoteek, maiz, homofobia sufritzen dute. Eta zenbait familiatan, semeak edo alabak gay, lesbiana edo transexuala dela esaten duenean, gatazkak sortzen dira guraso edo neba-arrebekin.

Gehitu Euskal Herriko Lesbiana, Gay, Transexual eta Bisexualen Elkarteko Jesus Estomba ere bat dator iritzi horrekin. «Homofobia da mota horretako familiek duten arazo nagusia». Eta horregatik ez du txartzat jo Espainiako Gobernuak egin duen bereizketa: «Nik ulertu dut planak dioela LGBTI familiek gainontzekoek ez dituzten beharrizan jakin batzuk dituztela. Ez nuke esango hori diskriminazioa edo homofobia denik. Beharrizanak egon badaude, konponbide zehatzak behar dituzte». Haren esanetan, arrazoiren batengatik desabantailan dagoen familia batek aparteko babesa behar duela esatea ez da diskriminazioa. Ikusgarri bihurtzen dituela deritzo. «Halako familiak ere gizarteak normaltzat hartzeko lan egin beharko luke gobernuak».

Guraso izateko trabak

Dena den, Estombak aurkitua dio hutsune garrantzitsurik planari. Gobernuaren arabera, amatasuna eta aitatasuna sustatzea da helburu nagusietakoa. «Ez da aipatu ere egiten, adibidez, nola konponduko dituzten bi gizonezkok osatutako bikoteek guraso izateko dituzten arazoak. Erabat ahaztu dira».

Gogorarazi du bide bi dituztela: adopzioa eta haurdunaldi subrogatua. «Bigarren aukera legez kanpokoa da hemen, baina bada errealitate bat. Ez dira gutxi AEBetara jotzen duten bikoteak, heterosexualak edo homosexualak izan». Adopzioaren kasuan, ez dago arazorik Espainiako herritartasuna duten umeak hartzeko: edonork egin dezake eskaera, eta, baldintzak betez gero, umea emango diote. Baina estatu askok debekatua diete umeak hartzea sexu bereko bikoteei eta guraso bakarrik izan nahi dutenei. «Nazioarteko hitzarmenak hobeto kudeatu beharko lirateke, guraso bakarreko familiek eta sexu berekoek gainontzekoek dituzten aukera berberak izan ditzaten. Gobernuak planean zehaztu behar zuen zer neurri hartuko duen arazo horri aurre egiteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.