UDAKO SERIEA Hegoaldeko muga (IV). Melillako hesia.

Hamabi kilometro koadroko kaiola

Hamabi kilometro luze eta sei metro garai diren hiru hesi paralelok gotortzen dute Melilla. Txarrantxak eta kontzertinak daude tartean, baina, bizia arriskatuz, iaz 316 lagunek lortu zuten hesiaren gainetik salto egitea.

Hamabi kilometro koadroko kaiola.
Kristina Berasain Tristan.
Melilla
2017ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Ceutatik 385 kilometro ekialderago dago Melilla. Marokoko Rif eskualdea zeharkatu behar da, kostaldetik, batetik bestera joateko. Tarajalgo sarbidearen itxura bera dauka Beni-Enzarkoak. Korridore luze eta estu bat, burdin barraz osatua, militarrez inguratuta. Palestina izan zitekeen, baina, ez da. Espainiaren kolonialismoaren ondare diren bi hiri autonomoen egoera oso antzekoa da: ekosistema berean bi mundu paralelo, bi errealitate, elkarren ondoan, baina elkar ikusi gabe. Mario Benedettiren poeman biziko balira bezala: «Halaxe gaude, nor bere ertzean, elkar gorrotatu gabe, elkar maitatu gabe, elkarrengandik urrun».

Beni-Enzarkoa da pasabide nagusia, baina hiriak baditu beste hiru muga postu txikiagoak: Farhana, Mariguari eta txinatar auzoa. Lerro beltz batek lotzen ditu denak, puntatik puntara, txarrantxaz eta kontzertinaz egindako besarkada bat, itsasoraino sartzen dena. Hamabi kilometro koadroko kaiola baten barruan bizi da Melilla.

Bertakoa da Silvia. Melankoliaz oroitzen du Rostrogordoko pinudiko hondartzara joaten zen garaia: «Haurrak ginen, eta albo batetik bestera ibiltzen ginen; orduan ez zegoen mugarik, eta are gutxiago hesirik. Orain, gero eta burdina gehiagoz inguratuta gaude».

Kontzertinak

1971n ezarri zuten lehen txarrantxatxoa Melillan. Sinbolikoa zen kasik, egurrezko paldoei heldua, huskeria bat egungoarekin alderatuta. Espainiako Armadako Ingeniari Erregimentua jatorrizko haren lekuan hasi zen eraikitzen lehen hesia, 1996an. Bi urtean egin zuten hiru metrokoa. El Telegrama Melillako egunkariak honela zioen urte hartako ekainaren 6an: «Hesi garden bat, altzairu gogorrekoa, bi aldeetatik ikusten dena». Espainiako Gobernuak pertsonen kontrako minak jartzea ere aurreikusi zuen hasieran, baina gero atzera egin zuen —Ottawako Ituna urtebete geroago sinatu zuen Espainiak, 1997an—.

Paraleloan beste hesi bat egin zuten gerora, eta, urteek aurrera egin ahala, moldaketa gehiago eta gehiago. 2005ean, sei metrora handitu zituzten hesiak, eta, handik bi urtera, 2007an, bi hesien artean hiru metroko beste bat egin zuten. Jose Luis Rodriguez Zapateroren garaian «profesionalizatu» zuten hesia, saltoen maiztasuna areagotu zenean: kamerak ezarri zituzten, mugimenduak detektatzeko sentsoreak, ilunpean ikusteko argiak... Marokoren aldera egiten duen hesia makurtu egin zuten, igotzea zailtzeko, eta hurrengo hesirako tartean zirga bat ezarri zuten, altzairuzko harien mataza bat.

Ordukoa da kontzertinen polemika ere. 2005ean ezarri zituzten, aurreneko hesiaren kanpoaldean, bi altueratan, igotzea zailtzeko sare batekin batera. Agerikoa zena ukatu bazuten ere, kontzertinek oso zauri larriak eragiten zituzten-eta, gobernuz kanpoko erakundeen presioaren ondorioz kendu egin zituzten, eremu batzuetan behintzat. Urte batzuetako kontua baino ez zen izan. Mariano Rajoyren gobernuan ezarri zituzten berriro ere, 2013an, hesiaren heren batean, baita behatzak sartzea eragozten duen metalezko sare bat ere. Marokoko aldean dagoen hesiak, txikiagoa bada ere, aiztoak ditu. Ondoren, hiru metroko lubaki bat dago.

Makoak eta iltzeak

Amnesty Internationalen arabera, Espainiak egunean 22.000 euro gastatu zituen 2005-2013 artean hesiaren instalazioan eta mantenimenduan. Punta-puntako hesi batek, hala ere, ez ditu bertan behera utzi errefuxiatuen salto etsiak. Iaz 316 lagunek igaro zuten hesia eta aurten 134k. Abdalak xehetasunez azaltzen du nola egiten duten salto: «Eskuetan makoak jartzen ditugu, piratek bezala, eta zapata zoletan iltzeak, hesiari heltzeko. Garrantzitsuena, dena den, taldea da».

Maiatzaren 9an izan zen taldeko azken saltoan sartu zen bera. Dioenez, 300 lagun saiatu ziren hesia igarotzen, baina 110ek baino ez zuten lortu. Aurretik, zazpi hilabete eman zituen basoan, plastikoz eta adarrez egindako etxoletan bizitzen.

Gurugu mendiak babesten du Melilla. Eta hantxe babesten ziren errefuxiatuak egurrezko eskailerak prestatzen. Batzuek urteak egin dituzte han, eta badago hesiaren gainetik 25 bider saltatzen saiatu denik ere. Marokok erre egin ditu kokalekuak.

Silvia maiz izan da han, iheslariei arropa eta janaria eramaten, baina, 80.000 biztanleko hirian, errealitate horrekiko axolagabekeriak amorratzen du: «Militarren eta funtzionarioen hiria da hau, okerrera egiten ari dena, eta okerrena da norbera ere ohitu egiten dela». Gotorlekuan dagoen hondartza txikira doa orain. Egunkarian irakurri berri du kaian dagoen hesiaren garaiera ere bikoiztu egingo dutela, bi metrotik laura; 2.362 metro koadroko eremua hesituko dute. Kaiolaren barruan beste kaiola bat.

BIHAR. Kaleko haurrak: inorenak ez diren kaleko semeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.