AEBen Jerusalemgo enbaxada. Protestak Gazan

Gazako protestak sarraski bilakatu ditu Israelek, Nakba bezperan

Lau orduko epean, gutxienez 55 palestinar hil eta 2.400 zauritu ditu armadak, AEBen Jerusalemgo enbaxadaren irekieraren aurkako manifestazioan. Hamasek protestara eta grebara deitu du gaurko

Steven Mnuchin eta Ivanka Trump AEBen Jerusalemgo enbaxadan, atzo. EFE.
ander perez zala
2018ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
AEB Ameriketako Estatu Batuek irekia dute Jerusalemgo enbaxada. Ez da AEBen Palestinarako enbaxada, Israelgorakoa baizik, Donald Trump AEBetako presidentearen aginduz, eta Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren pozgarri. Inaugurazio ekitaldia atzo eguerdian egin zuten, ohiko zeremonia eginez, eta musika, irribarre eta hitz onen artean. «Egun historikoa» izan zen Netanyahurentzat, eta «egun handia» Trumpentzat; hori izan zen Israelen aurpegia. Baina txanponak bi aurpegi ditu, eta bestea odoltsua izan zen, Palestinarena: lau orduko epean, Israelgo armadak gutxienez 55 palestinar hil —tartean adingabeak—, eta 2.400 inguru zauritu zituen Gazako mugan, hango osasun iturrien arabera, enbaxadaren irekieraren aurkako protestetan. Atzokoa martxoaren 30ean hasitako Itzuleraren martxa handia manifestazio sortaren egunik larriena izan zen, eta lau urtean izandako odoltsuena. Nazioarteak gogor kritikatu eta salatu zuen beste behin ere Israelen sarraskia, baina Trumpen atzerri politikako erabakiei esker, gero eta babestuago eta indartsuago sentitzen da Netanyahu, entzungor jarraitu eta jaramonik ez egiteko. Azken finean, atzo Israelgo Estatuaren sorreraren 70. urteurrena izan zen, eta inork ezin zuen zapuztu ospakizun hura.

Nakba —hondamendia, arabieraz— bezperako eguna greba erraldoi batekin hasi zuten Gazako palestinarrek. Eskolek, unibertsitateek, bankuek, dendek eta erakunde publikoek ez zituzten ateak ireki, eta ez zegoen ia zirkulaziorik errepideetan. AEBen enbaxada Tel Avivetik Jerusalemera mugitzeko Trumpen erabakiak hamarkadatako nazioarteko adostasuna apurtu du, eta palestinarren haserrea eragin; horregatik, eta inaugurazioaren aurka, 50.000 palestinar inguru mobilizatu ziren, eta goizetik hartu zuten mugarako bidea. Orduak pasatu ahala, eta AEBen enbaxadaren inaugurazio ordua hurbiltzen ari zela, tentsioa gero eta gehiago handitu zen, eta Israelgo armadak are gogorrago erantzun zien manifestariei, tiroka zein negar gasa erabiliz —droneen bitartez bota zuten—; bonbardaketak ere izan ziren, hango hedabideek zabaldutakoaren arabera. Palestinarrek eskura zutena erabili zuten beren burua defendatzeko, batez ere harriak, eta, albiste agentziek lekukoen hitzetan azaldu zutenez, manifestariek Gazako mugako hesia bota zuten toki batean, eta beste aldera sartzea lortu zuten.

Zisjordaniako hainbat hiritan ere protestara deituak zeuden palestinarrak, eta, askok dei horri erantzun zioten arren, ez zuten Gazako protesten intentsitate berera heltzea lortu.

Irekieraren ostean, Jerusalemdik 100 bat kilometrotara gertatzen ari zenari buruz, Israelgo lehen ministroak mehatxuekin jarraitu zuen: «Herrialde orok bere mugak defendatzeko betebeharra du. Irmoki jokatzen jarraituko dugu». Hain justu, atzoko erasoaldiaren aitzakia ofiziala Hamasen azpiegiturak suntsitzea zen, eta, armadaren bozeramailearen arabera, bost gune suntsitzea lortu zuten. Baina erasoa ez zen horretara mugatu, gertakariek frogatu dutenez. Ilargi Gorriaren arabera, gehienak tiroz hil eta zauritu zituzten, eta besteak tiroen metrailak jota, gasa botata eta kolpeka. «Gaurko [atzoko] irudiak oso kezkagarriak dira, eta [Israelek] nazioarteko legedia urratu duela erakusten dute», kritikatu zuen Philip Luther Gazarako Amnesty Internationalen ikerketen zuzendariak.

Egun garrantzitsua gaurkoa

Hamasek eta Mahmud Abbasek protestara eta grebara deitu dute gaurko, 700.000 palestinarrek erbesterako bidea hartu zuten eguna gogoratzeko —Nakba—: «Jerusalem lerro gorria da, eta erresistentziak jarraituko du. Erantzuna intifada berri bat izan behar litzateke», ohartarazi zuen Jalil al-Hayah Hamasen buruzagiordeak. Atzo gertatutakoa kontuan harturik, manifestazioa eta talka gogorrak espero dira gaur ere.

Egun berean, Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak premiazko bilera egingo du, enbaxada aldaketaz eta atzoko sarraskiez eztabaidatzeko, hamaika salaketa izan baitira. Nabarmenena, honako hau: «AEBek ez dute zilegitasunik bitartekari izateko, arazoaren parte izatea erabaki baitute», Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentearen hitzetan.

Kontakizunaren gudua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.