Eurokopa. Hungaria 0-3 Portugal

Sortu duena berandu sartuz irabazi du Portugalek

Hungaria azpiratu du Budapesten (0-3), F multzoan. Guerreirok 84. minutuan sartu du lehenengoa, eta beste biak Cristiano Ronaldok gero

Aitor Manterola Garate.
2021eko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Hungaria. Gulacsi; Botka, Orbán, Szalai A.; Lovrencsics, Kleinheisler (Siger, 78. min.), Nagy (Varga, 95. min), Schafer (Nego, 65. min.), Fiola (Varga, 88. min.); Szalai A. etaSallai (Schon, 77. min).
Portugal. Rui Patricio; Nelson Semedo, Dias, Pepe, Guerreiro; Danilo, William Carvalho (Sanches, 81. min.), Bruno Fernandes (Moutinho, 89. min.); Cristiano Ronaldo, Diogo Jota (Andre Silva, 81. min.) eta Bernardo Silva (Rafa Silva, 71. min.).
Golak. 0-1. Guerreirok (84. min.); 0-2. Cristiano Ronaldok, penltiz (87. min.); 0-3. Cristiano Ronaldok (93. min.). Epailea. Cuneyt Cakir (Turkia). Txartel horiak: Hungariako Orbani; eta Portugaleko Diasi.Bestelakoak. 67.215 ikusle, mukuru bete zen Puskas Arena estadioan.

Portugalek segida eman zion atzo duela bost urteko Eurokopako finalean lortu zuen garaipenari. Egungo txapeldunak irabazi egin zion Hungariari hiriburuan, Budapesten, 67.215 zaleren aurrean. Galdu gabe segitzen du, hortaz, eta gol usaina galdu gabe Cristiano Ronaldok. Bi sartu zituen atzo, azkeneko biak, eta marka ezarri du: Eurokoparen historian golegile onena da, 11 golekin. Atzo arte, Michel Platinirekin zegoen berdinduta.

Emaitzak ez du adierazten zenbat kostatu zitzaion Fernando Santosen taldeari Marco Rossirena gainditzea. Izan ere, lehen gola 84. minutuan sartu zuen, zeinek eta ezker hegaleko atzelari Rafa Guerreirok, azken ukitua Orban atzelariarena izan bazen ere. «Duela bost urte bezala, zortea lagun segitzen du Portugalek», pentsatuko zuten batzuek gol hori ikusita —2016an, partida bakarra irabazi zuen 90 minutetan—, baina atzo bestelakoa izan zen egoera. Sortu, nahi beste aukera sortu zituen, lehen zatian batez ere, baina Peter Gulacsi atezainak denak geratu edo urrundu zituen.

Bigarrenean, Hungaria zulotik atera zen, eta gola ere egin zuen 79. minutuan Shonenek, baina jokoz kanpo zegoen. Portugal gaizkien zegoenean, Guerreiroren gola heldu zen. Cristianok 87.ean penaltiz egin zuen Portugalen bigarrena, eta hark egin zuen hirugarrena, 92.ean. Garaiz argitu zuen azken txapeldunak iluntzen ari zitzaiona.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.