UDAKO SERIEA Egungo euskal musikaren erradiografia bat (I). Kantagintza arnasberritua.

Kantagintza berria, airos

Musika esperientzia desberdinetan hezi eta zaildutako kantari eta musikari belaunaldi batek ahaire berria eman dio euskal kantagintzari, prestakuntzatik eta heterodoxia jolastitik abiatuta.

gorka erostarbe leunda
2017ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Behar duela euskal musikak, euskal kantagintzak, suspertze kolektibo bat. Arnasberritze orokor bat. Aldika-aldika euskal musikaren eszenan azaleratzen den gaia da, aireratzen den eskakizuna.1960ko urteetan Ez Dok Amairu eta 1980koetan RRV Euskal Rock Erradikala izan zirenaren pareko zerbaiten beharra aldarrikatzen duten ahotsak dira; berria, popularra eta nolabait egituratua den zerbaiten aiduru, sarri begiramen nostalgikoz egindako ohartarazpen edo ariketak. Kontraesana hor dagoke; berria eta berrizalea denaren miraz, gogoa iraganeko mugimendu batean iltzatua izatea.

Adibideak ugariak dira: berria den ezer interesgarri ez dela iritzita etengabe 1980ko hamarkadako RRVko kantuak jartzen dituzten txosnak eta tabernak —nahiz eta horrek ere geroz eta gehiago duen topikotik errealitatetik baino—, 1960 eta 1970eko urteetako kantagintza berriaren eta kantaldien liluraz antolatzen diren Sortuko Dira Besteak-en gisakoen ikuskizun birak —zeinetan egungo musikariek batez ere garai zaharragokoen kantuak abesten dituzten—, edota zale, hedabide eta musikariek berek egiten dituzten iruzkin eta adierazpenak, Benito Lertxundik berak berripaper honetan duela bi urte esandako hura bezala: «Beste Ez Dok Amairu bat behar da egun, zerbait apurtzailea».

Egia izan litekeena da RRVren ostetik edo, Josu Larrinaga soziologoak bere Euskal musika popularra gizartearen isla eta eraldatzailea iazko tesi liburuan darabilen kontzeptua erabiliz, punkaren mutazioaren ostetik —zeina Negu Gorriak-en gidaritza garaietaraino heda litekeen— ez dela mugimendu orokor bat egon euskal musikan. Are gutxiago antolatua. 1990eko hamarralditik asko aldatu dira musika sorkuntzaren, produkzioaren eta kontsumoaren parametroak, asko zabaldu estiloak, atomizatu proposamenak... Baina ez ote da askotxo esatea harrezkeroztik ez dela egon ezer berri edo apurtzailerik —bigarren kontzeptu horrek izan dezakeen distortsio karga onartuta ere—? Eta zerbait antolatua izatearen beharrik ba al da?

Raparen zain, kantua da berri

Behin baino gehiagotan aitortu izan du Fermin Muguruzak, autokritikoki eta umorez, iragarle bezala ez leukakeela etorkizun oparorik, rapak euskal musikaren esparru zabal bat hartuko zuela esan baitzuen 1990eko hamarraldian: munduan —AEBetan eta Frantzian, bederen— nagusitzen ari zen eta berak hain gustukoa zuen hip-hoparen unibertsoak sinbiosi erabatekoa lortuko zuela bertsolaritzaren tradizioarekin. Orain artean ez da gertatu halakorik, rapak ez du euskal musikaren abangoardia hartu, nahiz eta azken urteotan raparen panorama ere sendotu egin den eta ez litzatekeen harritzekoa izango ondorengo urteetan astinaldi on bat ematea euskal musikari.

Hori gertatu artean, ordea, dabilen harria da euskal musika, pop musika —popularraren zentzu zabalean—; batzuetan motelago, besteetan arinago, baina dabilena, eta geroz eta askotarikoagoa. Dabilen harri horrek zer-nolako biribiltasunak, zer-nolako ertzak, zenbaterainoko goroldioa pilaturik duen aztertzen saiatuko da BERRIA aste honetan, egunez egun.

Ugariak dira egun musika adierazpideak, ugariak musika eszenak. Eta nor bere bilakaera izaten ari da, bai politikoki eta bai sozialki zenbait paradigma aldaketa egon diren garai zurrunbilotsuotan; baita haien eraginez ere. Garaiari malgutasunez, irudimenez eta elkarreraginez erantzun dio egungo kantagintzak. Kantagintza berri bat dagoen esatea, neurtzea, zail da oraindik, baina arnasberritua dela esateko argudioak badaude.

Nekez irudikatuko luke inork duela hamar urte egun kantagintzan dabilen zanbaiten proposamen artistikoa; bai sonoroa, bai estetikoa, bai jarrerazkoa. Irudikatuko al zukeen inork Mursegoren gisako musikari bat, biolontxeloaren eta loop-aren uztarketarekin —eta pixkanaka bere errepertoriora batuz joan den askotariko musika tresnekin—, oholtza gainean, Euskal Herriko soinu tradiziotik bezala Afrikako, Europa ekialdeko, Latinoamerikako eta beste edozein txokotako soinu eratorri eta propio eginak aireratzen? Sumatuko al zukeen inork Joseba Irazoki, gitarrarekin eta bere oinekin jotako bonboarekin, edozein taberna edo kale txokotan bluesaren eta rockaren bertsio erabat free-a eginez, edo Amorante (Iban Urizar), looper-a, autotune-a, tronpeta, harmoniuma, gitarra, ukelelea, kalinba hartuta Zugana Manuela edo Brueghel zarra kantatzen? Ez dirudi ausartegia esateak: oinarri sendo bat kantagintzan duen esparru horretatik datoz egun ahotsik berrizaleenak, lengoaia propio eta berrituz etorri ere. Horregatik abiatuko da erreportaje sorta hau ere kantagintza arnasberritua deitu diogun horretatik.

«Uste dut hainbat egilek astindu ederra eman diotela kantagintzari azken urteetan, zorionez. Lotsarik gabe eta muga estilistiko askorik gabe. Tradizioz kantugintzatzat jotzen dugunaren beraren periferiatik hurbildu dira: rocka, esperimentazioa, musika klasikoa, antzinako musika... eta horrek, uste dut, nahiko askatasun eman die ohikoak ez diren gauzak egiteko, edo horretarako nahiko ausardia izan dute...». Andoni Tolosa Morau musikari eta kritikariaren hitzak dira. «Euskal kantugintza bere ohiko agertokietatik atera eta beste leku batzuetara eramaten ari dira, eta esango nuke, neurri batean, ohikoa ez zaion publiko batengana eraman dutela euskaraz egindako kantagintza».

2010eko hamarraldian nabarmendu den belaunaldia da. 1974 eta 1982 artean jaioak dira Joseba Irazoki (Bera, Nafarroa, 1974), Maite Arroitajauregi Mursego (Eibar, Gipuzkoa, 1977) eta Iban Urizar Amorante (Elgoibar, Gipuzkoa, 1975); Maite Larburu Neighbor (Hernani, Gipuzkoa, 1979),Asier L.I. (Beasain, Gipuzkoa, 1979) eta Ibon Rodriguez (Sestao, Bizkaia, 1978)... Ez dituzte hain urrunekoak ere Mikel Uraken (Bilbo, 1982), Nahia Zubeldia (Donibane Lohizune, Lapurdi, 1982), Miren Narbaiza (Eibar, Gipuzkoa, 1986), Paxkal Irigoien (Ainhize-Monjolose, Nafarroa Beherea 1988) eta Beñat Antxustegi —Physis Vs Nomos— (Donostia, 1989). Ibilian dabiltzanetako batzuk dira. Eta atzetik datozenak. Eta, Morauk adierazibezala, «bide ohikoak jorratzen dituzten beste mordoxka bat»: Aguxtin Alkhat, Lou Topet, Saioa bikotea, Pelax, Eneritz Furyak, Haragi Gordina, Izaro eta abar: «Haien ekarpena esanguratsua da oso. Aspaldi ez bezalako panorama dago egun. Asko, ezberdina eta duina egiten da euskaraz. Sormen aldetik ez diot inolako arriskurik ikusten gureari».

Garai bertsuan jaiotakoak izateaz gain, badituzte aldez edo moldez lotzen dituzten ezaugarriak ere belaunaldi berri horretakoek. Gehientsuenak dira musika ikasketak egindakoak. Musika formakuntza jaso dutenak. Edo, Juan Gorostidi idazle eta musika zaleak —Lau kantari: Beñat Achiary, Mikel Laboa, Imanol Larzabal, Ruper Ordorika liburuaren egileak—zehazten duen modura, «musikariak itzuli dira pop musika egitera». Ondoren dator zehaztapena: «Ez dut honekin esan nahi formakuntza akademikorik ez duen norbait ez dela musika interesgarria sortzeko gai. Baina aurreko belaunaldien kasuan formakuntza faltak kasu gehienetan esan nahi zuena zen hizkuntza musikalaren ikuspuntu oso murritza. Musika bitartekoa zen. Orain, baga honetakoak, musikaren unibertsoaren barnean daude kokatuak». Musikari-kantari berrien ezaugarri hori indartu du Pantxix Bidart musikari eta Euskal Irratietako esatariak ere. «Tresna anitzen menperatzea gauza berritzat har genezake. Funtsean, belaunaldi berri horien eta gure arteko diferentzia da gehienak musika eskoletatik pasatu direla, eta, beraz, goizik hasi; gaztetan hasirik, gauzak naturalkiago eta errazkiago ikasi dituzte. Horrek eragiten du belaunaldi horretako anitzek tresna anitz jotzen jakitea».

Gorostidik «euskal musika berriaren hirugarren baga» deitu dio belaunaldi berri honek musika ulertu eta egiteko ekarri duen moduari. Haren ustez, hauek lirateke aurreko bi bagak: 60ko eta 70eko hamarkadetako kantagintza berriak, Ez Dok Amairuk gorpuztuak, eta 80ko hamarkadako rock-punkaren eztandarenak. «Iragana dira egun biak, ez utzi zuten arrastoak jarraipenik ez zuelako, baizik eta bete zuten funtzioa akitu zelako. Revivalismorik ez, mesedez. Egungo hirugarren baga horrek ez du aurreko hori bizi izan; horrek ez du kentzen denok jasotzen dugula aurrekoek egindakotik».

Baliteke Ez Dok Amairukoen eta RRVren funtzioak agorturik egotea, baina, Gorostidik berak zehazten duen bezala, haien arrastoak ez daude ezabaturik, ezta belaunaldi berri honetako kideen artean ere. Punk jarrerak eta do it yourself filosofiak batzen ditu RRVren garaiko zenbait postulaturekin. Ez dute arazo askorik berdin jotzeko gaztetxe batean, antzoki-kultur etxe batean, tabernan, kalean edo jaialdi batean. Edo zenbait urtez Zarauzko eta Donostiako Garoa liburu dendek antolaturiko Paperezko Kontzertuetan. Kontzertu horiek, preseski, azaltzen dute egungo garaiaren aldaketaren elementuetako bat: formarena. Honela azaltzen du Bidartek: «Kontzertu horiek kasik molde akustikoan gertatzen dira, publiko murritz baten hurbiltasunean. Erran daiteke forma xumeagoen garaia dugula; kasik, komunikabide modernoen aitzineko garaietako ostatu giroan pentsarazten digute. Estetika kontua da, baina arrazoi ekonomikoak ere badira fenomeno horretan. Bakarlari bat errazago kontratatzen da talde osoa baino. Elektronikak, loop-ek eta sample-ek anitzetan taldekideen lekua hartu dute». Loop-aren erabilerarekin ohartarazpena egin du, hala ere, Bidartek: «Sample-ena ainitz erabilia da, baina ez da enetzat beti aitzinamendu bat; gehienetan kantuari koadro bat ematen dio, eta askatu baino gehiago, preso ezartzen du kantaria. Batzuen kasuan, sample-en egiteko doia baizik ez dakite tresna gehienetan».

Jolaserako apeta

Esperimentaziorako nahiak, musikarekin jolasteko apetak, Ez Dok Amairuko beste zenbaiten jarrerarekin lotzen ditu. Horrela azaltzen du Morauk. «Bakoitzak bere aldetik, baina zubi bat eraiki dute Ez Dok Amairukoen garaiko esperimentazio gogoekin. Uste dut denek erreibindikatzen dutela Laboarik bihurriena. Horrek, adibidez, lotzen ditu. Horrez gain, ez zait kasualitatea iruditzen Laboarekiko aitorpen hori gehien landu duen euskal artistetako baten, Xabier Montoiaren itzalean aritu izana haietako asko noiz edo noiz. Uste dut Montoia katalizadore gertatu dela, hein handi batean, belaunaldi berri honentzat».

Ez Dok Amairukoekin loturak izanik ere, alde nabariak ikusten ditu, aldiz, Bidartek: «Haiek herri kultura eraiki nahi zuten, euskal estetika baten sortzeko. Xabier Lete bertsolarien estetikatik hurbil zebilen bere kantagintzan; Laboa, Ximun Haranek grabatu Iparraldeko kantarien tradiziotik. Lertxundi bat da tradiziotik estetikoki gehien urrundua, kutsuzelta edo Erdi Aroko bat eman nahian bere kantagintzari. Gaurkoek, ene iduriko, euskal nortasun horretatik askatzeko beharra sentitu dute; euskal estetika hori herstura bat bezalakoa zaie batzuei, kultura zaharkitu baten isla. Gazteagoek erreferentzia aldaketa behar dutela iruditzen zait».

Izan dute, egin dute erreferentzia eta estetika aldaketa hori; baina herri musikari eta kantagintza tradizioari ere, muzinik ez. Kontrakoa sarri. Mikel Urakenek omenaldi esplizitua egiten die Ez dok hamairu kantuan; Mursegok Maurizia, Laboa eta Joseba Tapia ekar ditzake oholtzara emanaldi berean; Amorantek kontzertua eman ohi duen herri bakoitzeko bertsolari bati eskatzen dio sarrera egiteko, eta Jose Mari Iparragirre edo Bizenta Mogel ekartzen ditu kantura. Infinituak dituzte erreferentziak, Morauk azaldu moduan: «Ezagutza handia dutela esango nuke, eta generoz gain jotzen dutela. Beraz, posible dute Laboa, Morente, Joni Mitchel, Toto La Monposina, Tinariwen eta Nick Cave paragrafo berean idaztea. Talkarik gabe, gainera». Aurreko belaunaldiko kantari-musikariek erreferentzia anglosaxoiak zituzten batik bat. Oraingoek zabaldu egin dute espektroa: «Uste dut gure belaunaldiak folk eta pop konbentzionalagoa egiten duela, eta erreferenteak anglosaxoiagoak izan ditugula. Oraingoek esperimentaziorako joera nabariagoa dute». Bidart: «Gu rocketik inspiratzen ginen; punk eta heavy musikak ziren gure eraginak, ez denenak baina gehiengo batenak bai. Komunikazio tresnen garatzeak ala beste irekidura batek eragin die? Ez dakit, baina iruditzen zait gazteagoek musika iturri desberdinetara jotzen dutela: horrek eragina dauka estetika berrietan ere».

Musikan jantziak. Erreferentzia eta iturri aniztasuna. Baina akademikotasuna baztertuzaleak. Jolastiak. Esperimentazio zaleak. Atzeragoardia ondo ezaguturik, abangoardia ereiten ari direnak. Malgutasunaikur. «Inprobisaziorako ahal handia dute, eta oso egoera eta konpainia ezberdinetan ekiteko gaitasuna dute», bota du errematea Gorostidik. «Musika hainbat zepotatik atera da, eta libreago dabil orain».

Airos dabil kantagintza berria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.