Eibarrek lehen garaipena behar du gaur, Ipuruan

Sevillaren aurka ariko da sasoi honetan etxean jokatuko duen bigarren partidan. Irabazteko premia dute eibartarrek, jaisteko postuetan baitira

Aitor Manterola Garate.
2019ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Eibarrek zerbait baldin badu, Ipuruako sendotasuna da, talde fidagarria baita etxean. Hortxe eraiki zuen aurreko denboraldiko emaitzen eraikin sendoa, eta orain ere badauka azkar hastea puntuak batzen, oso gutxi dituelako. Bi baino ez, bost partida jokatu eta gero, eta zenbaki mehe horrekin zuloan da, jaitsieran.

Bigarren aldiz ariko da gaur zaleen aurrean, eta Sevilla izango du aurkari, Eibarren aritu zen Joan Jordanen taldea. Espanyolen aurka kale egin ondoren, zaleak irrikaz daude taldea jokatzen eta irabazten ikuteko, eta gaur du aukera Jose Luis Mendilibarren taldeak etxeko jendea gozarazteko. Premia ere bai ororen gainetik, sailkapenaren korapiloa estutzen ari baitzaio Eibarri, oraindik liga hasi baino ez bada ere egin.

Hogei jokalari daude gaur Ipuruara deituta, eta Mendilibarrek bi utzi beharko ditu harmailan. Berrikuntza Esteban Burgos erdiko atzelari argentinarra da, osatu egin baita lesiotik. Sendatu ez dena Sergi Enrich da, eta min hartu duena Roberto Correa, bihurritu egin baitu orkatila.

«Irabaztea da guretzat garrantzitsuena, puntuak behar ditugu, gure egoera den bezalakoa delako, baina normalean, irabazi ahal izateko ondo jokatu behar izaten da», esan zuen atzo Mendilibarrek. Antzeman dio taldeari hobekuntza jokoan azkenaldian: «Hasierako partidetan baino hobeto ari gara, emaitzak hain onak ez diren arren. Ea hobekuntza hori emaitzetan ikusten dugun».

Aurkariaren inguruan, hitz politak esan zituen Zaldibarko entrenatzaileak: «Sailkapeneko lehen postuan egon da, eta Real Madrilen aurka bakarrik galdu du. Atzealdean segurtasun handia dauka, eta kalitatea aurrealdean. Beti dago zelaian ondo jarrita, eta ez da erraza hari aukerak egitea».

EIBAR-SEVILLA

Eibar. Dmitrovic; Tejero, Arbilla, Bigas, Jose Angel; Orellana, Diop, Escalante, Inui; Charles eta Kike.

Sevilla. Vaclik; Navas, Kunde, Carrico, Escudero; Fernando, Jordan Oliver; Ocampos, Chicharito eta Munir.

Epailea. Gonzalez Fuertes.

Lekua. Ipurua (7.100 ikusle).

Ordua. 19:00etan (La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.