UDAKO SERIEA Zirriborroak eta zaborrontziak (I). Karmele Jaio.

Kaosa ere kolokan

Etengabeko idazketa eta zuzenketa baten emaitza dira Karmele Jaioren liburuak. Hirugarren nobela idazteko prozesu betean murgilduta dago, eta prozesu horren eta aurrekoen nondik norakoak errepasatu ditu.

Karmele Jaio, etxean idazteko duen txokoan. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
Gasteiz
2017ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Nobela bat. Hirugarrena. Bukatzen-edo. Sormen prozesu betean Karmele Jaio (Gasteiz, 1970). «Atzera eta aurrera, atzera eta aurrera». Etengabean. Hasiera batean buruan zeukan dena azkar idatzi(bota) ondorengo fasean. «Idatzi-zuzendu, idatzi-zuzendu, idatzi-zuzendu». Horixe du eskribitzeko era. Dena kolokan jartzea, bezperako lana berrikustea. «Badakit beste idazle batzuek hasieratik oso argi edukitzen dutela gidoia, badakitela zenbat atal izango dituen liburuak, zer kontatuko den atal bakoitzean... Nik ezin dut horrela. Justu kontrakoa naiz. Idazten noan heinean, bila ari naiz. Aurkikuntza prozesu bat da».

Jaiorena ez da itsu-itsuan abiatutako bilaketa bat, hala ere: «Idazten hasten naizenean, badut beti zerbait buruan. Irudi bat edo abiapuntu bat. Eta, normalean, badakit nola bukatu nahi dudan». Letren eta pertsonaien lokalizaziorako gutxieneko koordenatuak. Bide bat, irteera eta helmuga batekin, baina kale, ezkaratz eta solairu zehatzik gabe. Bidaia indefinitu bat. Definitzen joango den bide orri bat. «Bidaia horretan zer aurkituko dudan, bidea pixka bat desbideratuko den... ez dakit».

Maite ditu desbideraketak. Atzamarrak oin, ordenagailuko teklatua euskarri, kale, ezkaratz, solairu bila egindako txango ustez okerrak. «Atzamar beroketak» direla dio. Beroketon bitartez heldu izan omen da bere lanetan gerora gakoak gertatu zaizkion puntuetara; gako horiekin irekitzen omen ditu ibilbidean aurkitutako ateak. «Zati handiak izan daitezke, liburuan gero agertzen ez direnak, baina balio handia dute niretzat».

Eta etengabeko idazketa-berridazketa horretan, oso zaila egiten omen zaio liburua noizko bukatuko duen jakitea. «Oso garbi izango banu hasieratik zer idatzi behar dudan, akaso, baina ez dut hala egiten lana. Kolokan izaten dut dena beti».

Ogi apurrak

Oraintxe idazten ari den nobela Durangoko Azokarako egongo ote den, esaterako, ez omen daki. Amesgaizto bat da editorearentzat, bai; onartzen du. Behin baino gehiagotan suertatu omen zaio puntu jakin batera heldu, bertan geratu nahi duela erabaki, eta, irakurleari horrainoko bidea sinesgarri gertatzeko, atzera egin eta aurrekotik asko aldatu beharra. «Ez dakit hori idazteko modu kaotikoa den ala ez, baina horixe da idazteko dudan modua. Ogi apurrak jarri behar ditut irakurlea horra eroso ailega dadin».

Apurretarako ogia egiteko, jakina, baikortasuna du legamia. Bidean beti zerbait aurkituko duela sinesteko. «Egia da egun batzuetan oso indartsu eta argi aritzen zarena, eta, beste batzuetan, eginahala eginda ere, dena gaizki ikusten duzuna, gorabeherak dituzuna, baina, funtsean, baikorra naiz».

Baikorra, zein baldintzatan idazten duen ahaztu gabe: egun osoko lana, eta, horrez gain, zaintza lanak egin beharrarekin. Ondorioz, gauari eta gainerako atseden tarteei idazteko tartea lapurtuz. Gehienetan, etxean. Asteburuetan, sarritan, liburutegiren batera-edo joanda. «Eta horrek ere baldintzatzen du nire idazteko modua, jakina. Goizero jaiki, bost orduz idatzi, pasieran irten, irakurri, pentsatu, segi idazten... Dinamika hori pentsa ezina da niretzat».

Karmele Jaioren dinamika: «Orain, bi ordu dauzkazu-eta». Eta bi ordu horietan, ordenagailu aurrean eseri eta idatzi. Etorria izan ala ez, nekatuta egon ala ez. Hori du eguneroko ogia irakurleei, apurka-apurka, bide sinesgarri bat eskaintzeko. «Daukadan martxa horrek, azkenean, ez dit uzten diziplinatua izaten, eta, horregatik, edozein tokitan eta tenoretan bururatzen zaidana apuntatzen dut, ezin dudalako ordenagailuan nahi dudanean idatzi».

Edozein paperek balio du etorriaren aleak idazteko. Ohar koadernoek ere bai. Poltsan ekarri ditu bi. Barreiatuta edukitzen ditu. Eta, ondoren, koadernootan idatzitako oharrak ordenagailura pasatzen. Beti, hutsik gabe. Zuzenketarako eta berridazketarako bidea irekita beti.

Ordenagailua piztu, artxiboa ireki, eguneko aldaketak egin, pasarteak erantsi. Eta izen gisa, data jarri. «Hala, karpeta batean bi milatik gora artxibo ditut, kronologikoki ordenatuta». Hortxe egosten ari den nobela, urratsez urrats. Zirriborroz zirriborro. Ordenagailu aurrean esertzeko egunero dauzkan bi orduetatik lehena bere idazle burua kokatuz joan eta gero. Tonua, ia hasieratik errepasatu behar izaten duelako testua idazten hasteko. Bi ken bat, bat. Azkenean, ordu bat benetan sortzen hasteko. «Horrek, nire idazketa aukerekin, zaildu egiten du prozesua». Nobela egitean, nabarmen gehiago zaildu ere.

Alderaketak

Badauzka alderaketarako datuak. Elkar argitaletxearekin argitaratuta dauzka lehendik: Amaren eskuak (2006) eta Musika airean (2010) nobelak; Hamabost zauri (2004), Zu bezain ahul (2007) eta Ez naiz ni (2012) narrazio liburuak; eta Orain hilak ditugu (2015) poesia lana.

«Sormen prozesua oso desberdina da. Ipuinak idaztea errazagoa egiten zait: ipuin bat hartu eta erabiltzea, astea joan eta astea etorri, beti mikrokosmos berean sartuta, erritmoa kontrolatuz». Hori errazago sartzen zaio bi orduko eguneroko ekinaldian. Poesiak, berriz, edozein lekutan idazteko aukera eman dio. «Eskuz askotan idazten dut, baina poesian gehien. Orain hilak ditugu-ko ia dena izan zen hala idatzia». Nobelan, berriz, eskuz, oharrak.

Eta idazketa bakarrik ez, irakurketak ere baldintzatzen dizkio generoak. «Normalean, ipuinak idazten ari naizenean, ipuinak irakurtzen ditut; nobelak idazten ari naizenean, nobelak; eta poemak idazten ari naizenean, poemak». Eta, generoaz harago, zerbait idazten ari denean, idazten ari denarekin —izan giro jakin bategatik, testuaren egituragatik, gaiagatik edo pertsonaia jakin baten izaeragatik— zerikusia daukana irakurtzen saiatzen da. «Gehiago» irakurri nahi omen luke, hala ere. «Irakurtzea idazlearen zeregin inportantea delako. Idaztea eta irakurtzea elkarrekin datoz».

Irakurketa ez da idazlearen zume bakarra, baina. Kalean ikusitakoak, batean eta bestean entzundakoak... badira iturri gehiago ere. «Eta aukeraketa bat egiten duzu, kanpokoak zure bizitzako momentu jakin horretan barnean dituzun kezkekin konektatzen duenean». Ezinbesteko ikusten du konexio hori, idazlearen aukeraketak ulertzeko eta azaltzeko. «Besoa igeltsutan jartzen dizutenean edo haurdun zaudenean gertatzen da antzeko zerbait: jende piloa ikusten duzu igeltsuarekin edo haurdun, eta aurretik ez zenuen horren kontzientziarik. Ikusten ez zenuena ikusten duzu bat-batean».

Bere idazle jardunean, berriz, bi geruza ikusten ditu: goian, istorioa; eta, azpian, kontatu nahi duena. Istorioan, normalean, ez du benetako ezer agertzen. «Ni ez nago». Poesia du salbuespena.Gainontzean, errealitateak fikziorako ez duela balio uste du, testuaren goiko geruzan errealitatean oinarritutako kontuak ager daitezkeen arren. «Errealitateak gauza bakarra dauka bere alde: gertatu egin dela. Baina horrek ez du esan nahi sinesgarria denik. Fikzioak beste lege batzuk ditu sinesgarritasunerako, eta, irakurlearekin kontratua egiten duzunean, legeok bete behar dituzu».

Kontatu nahi denaren geruzan benetakotasuna errazago aurkitzen du. «Ez naiz ni ipuin liburua, esaterako, 40 urte inguruko krisian dauden jendez betea dago. Neu ere hortxe nengoelako! Fikzioan beti dago egia, azpian».

Orain idazten ari den nobelan, berriz, bi istorio gurutzatzen dira etengabe. Istorio bateko protagonista gizona da; bestekoa, emakumea. Idazketa, sormen prozesua ere, agertzen da. «Nondik idazten duzun eta bizitzan non kokatzen zaren, zein angelutatik begiratzen diozun munduari, horri buruz ere bada. Denoi iruditzen zaigu toki neutro batetik ari garela, izan ere, baina ez da hala izaten. Kokatzen zaren tokiak itsutu ere egin zaitzake». Horren kontzientziaz ari omen da bere nobela. Eta bestearekin enpatizatzeko gaitasunaz. Hasieran zioen «bilaketa eta aurkikuntza» bidearen zirriborroa hortxe. Udako oporretan gehiago definitu nahi lukeena.

Zabor ala altxor

Ez daki oraingo zenbat lan joango zaion zaborrontzira. Ez du arazorik egindakoa desegiteko, berridazteko, moldatzeko. «Zirriborro batzuk gorde egiten ditut, baina gehienak ezabatu egiten ditut erabat». Zaborrontzitik libratu eta tiraderan gordetzen dituenetako gehienak, gainera, ez ditu erabiltzen gero. Ez daki zergatik. Dakien bakarra da hala gertatzen dela. «Nonbaitera heltzen lagundu bai baina ez erabiltzea erabaki dudan pasarteak izaten dira horiek. Izen jakin bat jarri, eta gorde egiten ditut ordenagailuan». Tiradera birtualean. Liburua bukatu ondorengo lanak dira horiek denak, baina. Esandakoa esan nahi duen horretatik nahiko gertu dagoela erabaki eta bi geruzako ibilbidea besterentzat interesgarria izan daitekeela iritzi ostekoak. «Idaztea ariketa bakartia da, izan ere, baina horrek ez du esan nahi neuretzat idazten dudanik. Idazten ari naizenean, beti daukat gogoan norbaiti zerbait esateko ari naizela idazten. Norbait hori itzal bat da, baina beti daukat gogoan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.