Itziar Aizpurua Egaña.
IRITZIA

Alde hemendik!!!

2014ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Errege berria eta era berean Estatuburu berria, derrigorrean berriz ere ezarri nahi diguten honetan, badirudi Estatuaren agintariek, militarrek nagusiki, opari goxoa egin nahi izan diotela Espainiako errege izango denari, jakin dezan garbi asko nortzuk agintzen duten bere erreinuan.

Izan ere, ez da huskeria bost euskaldun abertzale atxilotzea eta beste hainbat Intxaurrondoko koartelera deklaratzera joateko agindua jasotzea, eta, noski, ez da kasualitatea hori orain gertatzea. Gustukoa ote du Felipe VI.ak oparia?

Zer leporatu behar diete lagun horiei? Oairtzundik hurbil dagoen baso txiki bat pago-zuhaixkaz josia—halabeharrez- noizbait guri, senitartekoei lagundu izan digutela landatzen? Hori al da legez kanpoko ekintza? Baso polit bat sortzea?

Bada, zoritxarrez, era batera zein bestera azken berrogeita sei urteotan Euskal Herriaren alde hildakoak berrehunetik gora ditugu dagoeneko, eta bakoitzak du edo ditu bere maiteak: senitartekoak, lagunak, ama, aita, senarra, emaztea, seme-alabak, neba-arrebak eta zerrenda luzea...

Senitartekoek ondo dakigu betiko joan zaigula geure bihotzeko maitea; hala eta guztiz ere, behar dugu mundu honetan tokitxo bat beretzat. Urtean behin elkartzeko, edota bakoitzak nahi duenean loreak eskaintzera joateko irribarre goxoenarekin.

Egia da gure gogo-bihotzetan bizi direla eta hortik inork eta inoiz ez dizkigutela kenduko, baina, era berean, egia da Oairtzungo basoak ez diola inori kalte egiten, alderantziz esango nuke, izadiak, naturak berak eskertzen digula mendi gorria baso bihurtu izana.

Noski, garbi dago badaudela pentsamendu berekoak ez direnak. Garbi dago Guardia Zibilak bere kabuz ez direla etorri ere, askotan basoa tiro-zelai gisa erabili arren, eta zuhaixkak apurtu edota hondotik atera ere egin arren.

Nire aburuz, garbi daukadana hau da: Duque de Ahumada-koek agindu berezia dute gure senitartekoen izena eta izana ezabatzeko. Gizartetik kentzeko. Eta gogora ekartzekotan gorrotatzeko izatea madarikatuak izan daitezen per secula seculorum! Eta hori lortzeko, bidea libre...

Min egitea ere bazuten helburu, eta lortu dutela esango nuke. Berria etxekoaren bidez jakin dudanean, eta ondoren irratian entzutean, inpotentziak harrapatu nau; «Eta orain zer?», galdetu diot neure buruari.

Asko izango zarete ni bezala momentu hori bizi izan duzuenok, baina orain eta gero badugu zer egina: amore eman ez, lehenik, eta gogotik borrokatu ondoren, basoa baso izan dadin, eta bakoitza bera, bere izanarekin eta izenarekin. Hori da zor dieguna gure maiteei, baita geure buruari ere, senitarteko legez.

Bide luze eta malkartsua marrazten ari zaigu betidaniko etsaia, baina geure nortasunari pertsona eta Herri bezala eutsiz, bidea aldats gora izan arren, ez dut zalantzarik aurrera ekinaz libre izango garela. Lortuko duela Euskal Herriak bere Subiranotasuna ezkerretik eraikia.

Askatasunerako ibilbide honetan, ezinbesteko dugu indar errepresiboak desagerraraztea, eta herriko orma batek dioen bezala, neurea egiten dut aldarria: «Alde hemendik! Ni se os quiere, ni se os necesita».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.