Euskal Herriko Itzulia. PASIO BATEN ATZETIK Omar Fraileren jarraitzaileak.

'Martxa' handiko zale taldea

2016an sortu zuten taldea, Santurtzin, Omar Fraileren jaioterrian. Gehienek bizikletan ibiltzea gustuko dute ;iaz egin bezala, aurten ere irtenaldi zikloturista antolatzen ari dira udarako. Iaz, 300 lagunek hartu zuten parte, baita Frailek berak ere.
Omar Fraileren lagun taldeko kideak, harekin batera eginiko irtenaldi baten aurretik. Omar Fraile argazkiaren erdian ageri da.
Omar Fraileren lagun taldeko kideak, harekin batera eginiko irtenaldi baten aurretik. Omar Fraile argazkiaren erdian ageri da. OMAR FRAILE LAGUN TALDEA

Imanol Magro Eizmendi -

2018ko apirilak 5
Omar Fraile (Astana) ageri da beheko argazkiaren erdian [Dimension Datako elastikoa du], eta, inguruan, ondo uniformatuta, bere lagun taldeko kideak ditu. Argazkia iaz atera zuten, elkarrekin eginiko irteera batean. «Kide gehienak, txirrindularitzazaleak izateaz gain, txirrindulariak garelako, zikloturistak». 2016an sortu zen, eta 150 kide ziren, baina, hasierako sugar logikoaren ondoren, 80 inguruan finkatu da orain. Horietako bostek egin dute solasaldia BERRIArekin: Jesus Fraile Omarren aitak, Bernar Ramirezek, Gorka Sanchezek, Raimundo Lazak eta Roberto Eginoak. Taldeko presidentea, halere, Pedro Carrocera da.

Ondo antolatuta daude. Pankarta bat hartu, eta errepide alboan oihuka ibiltzeaz haratago doan azpiegitura bat dute. «Omar animatzea da helburuetako bat, argi dago, baina Santurtzin txirrindularitzazaletasuna bultzatzeko ere antolatu genuen taldea». Kideek harremana dute Muskizko (Bizkaia) Mendiz Mendi txirrindularitza taldearekin. Omar talde horretako harrobian zaildutakoa da, eta ahal duten heinean laguntzen saiatzen dira. Iaz, esaterako, hainbat jarduera antolatu zituzten umeekin, baina urteko egitarauko ginga Omar Fraile zikloturista martxa da.

«Lan handia da martxa antolatzea. Guk seriotasun handiz antolatzen dugu. Iaz, esaterako, 90 boluntario mobilizatu genituen bidegurutze eta irteera guztiak ondo zaintzeko. Parte hartu zuten ia gehienek goratu zuten antolakuntza». Izan ere, zikloturista martxa hori da Santurtzin egiten den irtenaldi antolatu bakarra, eta aurretik zegoen hutsune hori betetzeko ekin zioten bideari.

300 lagundik gora hartu zuten parte martxan, eta tartean zenbait txirrindulari profesional: Omar Fraile bera, Igor Anton (Dimension Data) eta Jonathan Lastra (Caja Rural), besteak beste. «Etorri zirenek txirrindulariekin batera ibili, eta haiekin solasean ibiltzeko aukera dute. Afizioa egiten laguntzen du horrek». Frailek berak ere lagundu zien egunean. Hala, parte hartzaileen artean hainbat opari zozkatu zituzten, eta horietako asko Astanako txirrindulariak babesleekin izandako tratuari esker lortu zituzten.

Egunotan, eta Euskal Herriko Itzulia hasi arte, 2018ko martxaren antolakuntzan ari dira buru-belarri. Uztailaren 1ean egingo dute, Santurtzin hasi eta bukatuta. Bi ibilbide izango ditu: bat, 117 kilometrokoa, eta bestea 137koa; 137 kilometrokoan, kronoigoera egingo dute La Reinetako gainean, eta parte hartzaileen denborak neurtu ohi dituzte. «Martxa ez-lehiakorra da, baina kronoigoeran berotu ederrak hartu zituen jendeak!». Aurten ere Frailek parte hartuko dutela badakite, Frantziako Tourrera joan baino egun batzuk lehenago jokatuko baita —uztailaren 7an hasiko da—. «Azken testa izango da. Animo asko hartuta joango da». Izena emateko interesa duenak, www.rockthesport.com atarian du aukera, edota taldearen Facebook orrialdean.

Eta pasioa?

Lagun taldea oso handia da, eta zaila da guztiek bat egitea errepidera irteteko. «Omar animatzera joaten garenean multzo txikietan egiten dugu, bakoitzak ahal duen moduan. Gehienak helduak gara, eta lanaren araberakoa ere izaten da». Iaz, esaterako, autobusa eta guzti antolatu zuten multzo handian Euskal Herriko Itzulian Omar animatzera joateko, baina euren kutunak proba utzi, eta bertan behera gelditu zen plana.

Itzulian ere agertuko dira errepide bazterretan. Zarautzen (Gipuzkoa) egon ziren Fraileri animoak ematen, eta Bizkaiko etapetan «ziur» agertuko dira. Bizikletak hartuta joatekoak dira; beraz, toki batera baino gehiagora joango dira. Udari begira ere ari dira zerbait pentsatzen. «Bidaiatxo bat egiteko aukera dugu buruan, ea zenbat elkartzen garen...». Tourra dute begiz jota, baina aurretik martxaren antolakuntza guztiarekin bukatu beharko dute.

Txirrindulari kuadrilla ohikoekin alderatuta, jende nagusiagoa da, baina horrek ez du esan nahi Fraileren jarduna gerturik jarraitzen ez dutenik. «Gogoan dut aurten zein urduri jarri ginen Paris-Nizako etapan». Proba horretako azken etapan, Fraile ihesaldian sartu zen, eta oso gertu izan zuen garaipena. Azkenean, bigarren helmugaratu zen, David De la Cruzen (Sky) atzetik. «A zer-nolako amorrua eman zigun». Izan ere, kutunak gaizki ohitu ditu urteotan. Iazkoa urte gozoa izan zen, Giroko etapa garaipen eta guzti. Horregatik, lagunek merezitako omenaldia egin zioten. Ez da azkena izango.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna