Berriz ere maila gorenean

Mundu mailako garaipenak eta erronkak lortu dituzte Euskal Herriko mendi korrikalariek, bai lasterketa motzagoetan, bai ultretan. Denboraldia bukatuta, balantzea egiteko ordua da, urtearen gozoaz eta gaziaz.
Maite Maiora Zegama-Aizkorriko helmugan, garaipena ospatzen.
Maite Maiora Zegama-Aizkorriko helmugan, garaipena ospatzen. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS

Unai Ugartemendia -

2017ko azaroak 28
Atzera begiratuta, badira nabarmentzekoak: Maite Maioraren, Javi Dominguezen eta Aritz Egearen urte guztiko sendotasuna, Oihana Azkorbebeitiaren itzulera, Iker Karreraren erronkak eta markak...

1. Zer balorazio egiten duzu denboraldiaz?

2 Zein izan da gehien gozatu duzun lasterketa? Zergatik?

3. Zein izan da urteko unerik politena?

4. Eta txarrena?

5. Lortutako emaitzak esperotakoak izan al dira?

6 Zein izan da euskal korrikalaririk onena?

7. Zer falta izan zaizu denboraldia biribiltzeko?

8. Zein izango dira datorren denboraldiko helburu nagusiak?

OIHANA AZKORBEBEITIA Abadiño, Bizkaia, 1981

1







Guztiz baikorra. Asmoa apurka-apurka hastea zen, helbururik gabe, eta, hilabeteek aurrera egin ahala, gero eta hobeto sentitu gara. Emaitza oso onak izan ditut.

2







Zegaman. Eguraldi ezin hobea egin zuen niretzat, eta ondo baino hobeto sentitu nintzen. Gainera, Zegamako aparteko giroa inoiz ez bezala gozatu eta sentitu nuen. Batez ere Sancti Spiritun, Mikel senarra eta Alluitz seme nagusia bertan baitzeuden. Oilo ipurdiarekin, irribarrea ahoan izan nuen lasterketa osoan.

3







Asko: Sancti Spiritu Zegaman, Buff Epic Trail irabaztea...

4







Ez dut une txarrik oroitzen.

5







Ez, askoz hobeak. Helburu finkorik gabe, azkenean denboraldi ederra egin dut.

6







Maite Maiora, Oihana Kortazar, Iker Karrera, Javi Dominguez... bakar batzuk aipatzearren.

7







Ezer ez. Aurtengoa hasiera izan da, eta oso pozik nago emaitzarekin.

8







Munduko Kopan podiuma egiten ahaleginduko gara.

ION AZPIROZ Berastegi, Gipuzkoa, 1980

1







Ona. Bost ultretatik hirutan podiumera igotzea lortu dut, eta laugarren postu bat ere bai.

2







Baigorriko Euskal Trail 2x40 KM. Lasterketa berezia da: bi egunetan, bikoteka eta lagun arteko giroarekin.

3







TDS lasterketan, Chamonixen, laugarren postuan sartzeko azken kilometroetan bertako kaleetan bizi ahal izan nuena. Urte zail baten ondoren, gozatzeko eduki nuen unea.

4







Lesio bat zela medio Ehunmilietan erretiratu behar izan nuenean. Mentalki osatzea kosta zitzaidan.

5







Apiril erdira arte ondo entrenatuz iritsi nintzen. Hala ere, lesio batengatik asko sufritu eta gero, Tenerife Blue Trailen espero ez nuen bigarren postua lortu nuen. Chamonixko emaitzak harritu nau gehien, ordea.

6







Zaila da. Gizonetan, Javi Dominguez eta Aritz Egea. Emakumeetan, Maite Maiora. Silvia Triguerosek, Leire Martinezek eta Leire Fernandezek ere urte oso ona egin dute.

7







Lesioek asko baldintzatu dute urtea, ezin izan naiz nahi bezala entrenatu. Horrek buruz ere asko nekatu nau.

8







Lesioak ondo osatzea eta berriz gozatzea. Munduko Kopako lasterketaren bat egitea gustatuko litzaidake. Ehunmilietako arantza ere hor daukat.

JAVI DOMINGUEZ Gasteiz, 1974

1







Ikaragarrizko denboraldia izan da. Hasieratik oso ondo sentitu naiz, eta emaitzak ere aldekoak izan dira. Onena, lesiorik gabeko denboraldia izan dela.

2







Travesera. Dena ondo atera zen, eta asko gozatu nuen Europako Mendien handitasunarekin.

3







Tor de Geantseko garaipena ospatzen, Bossesen. Herri txikia da, lasterketa bertatik pasatzen da, eta hango jendearekin egon nintzen. Gau ikaragarria izan zen.

4







Tor de Geantsen. Azken kilometroak oso-oso gogorrak egin zitzaizkidan, amaiezinak. Fisikoki ondo nengoen, baina mentalki oso gaizki pasatu nuen.

5







Ez nituen espero. Gehien harritu ninduena, hala ere, Zegamako denbora izan zen: 4.20. Ez nuen uste inoiz egingo nuenik.

6







Aritz Egea. Urtetik urtera hobetzen ari da; apartekoa da.

7







Mendiko eskian, Pierra Mentan, jaitsieretan gutxiago sufritu izan banu! Ultretan ez dut kexarik izan aurten.

8







Berriro ere gozatzen jarraitzea, minik hartu gabe. Lasterketei dagokienez, UTMB eta Diagonale des Fous lehiatzea. Dortsala tokatuz gero, AEBetako Hard Rock; bestela, berriro ere dena emango dut Ehunmilietan.

ARITZ EGEA Urretxu, Gipuzkoa, 1984

1







Nire denboraldi onena izan da. Lasterketa garrantzitsuetan ondo aritzeaz gain, hasieratik bukaerara gozatu dut.

2







Agian, El Reventon, Palma uhartean. Tiroa bezala sentitu nintzen, izugarrizko erakustaldia eman nuen. Geroztik gutxi entzun dut «Egea indartsu atera eta lehertu egiten da...».

3







Olympus Marathoneko garaipena. Munduko Kopako nire lehen garaipena lortu nuen. Horixe falta nuela uste nuen.

4







Uztaila. Aurretik egindako lasterketa guztien nekea pilatu zitzaidan, eta trapu bat bezala sentitzen nintzen.

5







Ezta gutxiago ere. Banekien ondo ibiliko nintzela, baina uste baino askoz ere hobeto ibili naiz.

6







Emaitzei begiratuta eta lasterketa motzetan, agian ni neu. Lasterketa luzeagoetan, Javi Dominguez, denboraldi aparta egin baitu; Ion Azpiroz ere bai, Chamonixen egindakoagatik; eta Iker Karrera ez da askorik lehiatu, baina erronka interesgarriak egin ditu. Nesketan, argi eta garbi: Maite Maiora. Oihana Azkorbebeitiaren buelta ere itzela izan da, bi umeren ama eta langilea izanda egin duena egitea eta, gainera, egin duen filosofiarekin egitea txalogarria da oso.

7







Lasterketa jakin batzuetan, Buff Epicen, Comapedrosan, Limonen... nire maila ematea.

8







Berriz ere goreneko mailan lehiatzeko asmoa daukat, koparik jarraitu gabe, baina nazioarteko lasterketa eraginkorrak eginez. 70 kilometroren bueltako pare bat lasterketa ere egingo ditut, eta marka saiakeraren edo erronka pertsonalen bat ere badut buruan.

ANDER IÑARRA Lezo, Gipuzkoa, 1991

1







Oso ona. Lau hilabete pasatu nituen lesionaturik, korrika egin ahal izan gabe, eta, denboraldia galdutzat eman nuenean, buelta eman nion eta inoiz lortu ditudan emaitzarik onenak lortu ditut.

2







Cauteretsen egindako Course des Refuges. Ez da maila handiko lasterketa, baina Pirinioetan egin nuen lehen lasterketa izan zen; erraz aritu nintzen, konpainia onarekin joan nintzen...

3







Selekzioarekin egindako debuta, txapelak, zaleen berotasuna... baina Triku Traileko helmugaratzearekin geratzen naiz. Lasterketa irabaztea baino garrantzitsuagoa izan zen sentitzea osatuta nengoela.

4







Maiatzean, lesioari buelta eman ezinik, Iñaki Uribe-etxebarria hautatzaileari deitu eta denboraldia albo batera utziko nuela esan nionean. Erabaki zuzena izan zen, handik hilabetera gauzak aldatu baitziren.

5







Inondik ere ez! Iaz erdi hasi nintzen mendi lasterketekin eta ordura arte mundu hau ez nuen askorik ezagutzen.

6







Sarri entzuten nuen Jokin Lizeagari buruz hitz egiten, baina orain ikusi ditut haren lorpenak. Limonen, lasterketan nindoala, zale batek harengatik galdetu zidan, eta goraintziak emateko eskatu. Aritz Egeak ere sekulako denboraldia egin du; orain bera da euskal korrikalaririk onena.

7







Denboraldi osoa egitea.

8







Helburu nagusiak Munduko Koparako puntuagarriak diren lasterketak izango dira.

IKER KARRERA Amezketa, Gipuzkoa, 1974

1







Ona izan dela esango nuke. Alta Ruta de los Perdidos eta Nolan's 14-ko emaitzak onak direla esango nuke. Hardrocken lehiatzeko moduan nengoela ikusi nuen, eta aurrean izan nintzen urdaileko arazoek podiumeko lehiatik kanpo utzi ninduten arte. Baina azken horrengatik eta Moab200era joaterik izan ez dudanez, ezin dut askoz gehiago ere esan.

2







Aspaldiko gehien gozatu dut Alta Ruta de los Perdidoseko erronkan. Hardrocken ere, urdaileko arazoak hasi ziren arte, momentu oso politak izan nituen Kilian Jornetekin. Eta Nolan'sekoa abentura bat izan zen. Egunean bertan askorik gozatu ez banuen ere, aurreko egunak benetan esperientzia izugarria izan ziren.

3







Bat aukeratzekotan, Alta Ruta de los Perdidoseko eguna, oso-osoa, dena, hasieratik bukaerara.

4







Nolan'seko batzuk. Bat, laguntzaileak bigarren aldiz kale egin zidanean eta jatekorik gabe, indarrak erabat hustuak nituenean, amorru eta desesperazio uneak izan nituen. Bestea, azken gauean, basoan erabat galduta sentitu nintzenean, erronkaren helburuak alde batera utzi eta helburua nolabait baso hartatik ateratzea bihurtu zenean.

5







Hardrocken ez, noski. Nolan'sen emaitza oso ona da, baina izugarrizko pena dut, 4 edo 5 ordutan hobetzeko gaitasuna nuelako eta denbora hori erregalatu dudan sentipenarekin gelditu naizelako.

6







Aritz Egeak urte oso ona egin du, baina Javi Dominguezek Tor des Geantsen egindako lana azpimarratuko nuke bereziki.

7







Hardrockeko podiuma eta joan ezin izan nuen Moab200en emaitza txukun bat lortzea.

8







Gaur-gaurkoz ez dakit.

JOKIN LIZEAGA Urnieta, Gipuzkoa, 1979

1







Azken hiru urteen antzera, ia denboraldirik egin ez izanaren sentsazioarekin geratu naiz. Errendimenduari begira urte kaskarra joan bada ere, psikologikoki oso positiboa izan da. Teorian ondo nekiena praktikan jartzeko gai izan naiz, lesioek ez didatelako bizitzaren osotasun ikuspegia galarazi.

2







Salamancako Tres Valles.

3







Urteko lehen astea. 2016ko lesioaren ondoren, ezustean nire maila gorenetik gertu egoteak ilusioa berpiztu zidan.

4







Tres Valleseko lasterketa irabazi eta aste batera, berriro ere orpo-hezurra apurtu nuela esan zidatenean.

5







Sei lasterketa egin ditut, eta pozik nago lortutako emaitzekin.

6







Aritz Egea. Martxotik urrira eginiko denboraldia oso jende gutxiren eskuetan dago.

7







Lesioen ondorioz izaniko jarraitutasun falta.

8







Mendiaz gozatzeko ahalmena izatea. Hala bada, Zegama-Aizkorri, Gorbeia Suzien, Kima edo Euskal Herriko Txapelketa jokatzea gustatuko litzaidake.

MAITE MAIORA Mendaro, Gipuzkoa, 1980

1







Inoiz izan ez dudan denboraldia da, bai titulu aldetik eta bai emozionalki.

2







Royal Gran Paraiso eta Red Bulleko 3 KV Rocciamelonerako igoera. Lehenengoan, paisaiek eta ibilbideek liluratu ninduten; bigarrenean, sekula egin ez dudan gauza bat probatu nuen, lasterketa bertikal hirukoitza.

3







Zegama-Aizkorriko helmugara iritsi aurreko uneak.

4







Ziurrenik, CCCn erdibidean izan nuen beherakada mentala.

5







Ez ditut horrelako emaitzak helburu gisa hartzen. Helburu nagusia zen denboraldi bukaerara heltzea eta lasterketa garrantzitsuenetan maila ematea. Uste dut hori behintzat lortu dudala.

6







Javi Domingez eta Oihana Azkorbebeitia.

7







Gauza batzuk bai. Denboraldi bukaerara orkatileko arazo batzuekin heldu naiz, eta Limonen ezin izan nuen nire maila eman; Ultra Pirineuko nekeak ere ez zidan lagundu.

8







Oraindik ez dut helburu nagusirik jarri, baina IAAFen munduko txapelketan egon nahi nuke, eta Glen Coen ISFren munduko txapelketan ere bai.

SILVIA TRIGUEROS Abadiño, Bizkaia, 1976

1







Irregularra. Nahiz eta emaitza onak lortu, ia urte hasieratik arazoekin eta lesioekin ibili naiz, eta asko kostatu zait entrenatzea.

2







Ehunmiliak. Ibilbidean jendeak nire izenez animatu ninduen. Ezin da deskribatu zer sentitzen nuen. Oso hunkigarria izan zen.

3







Tor des Geants. Helburua lortuta, lagun artean pasatu ditudan egunak ahaztezinak izango dira.

4







Urte hasiera. Hong Kongen lasterketa egin ondoren, geldirik egon nintzen ia ibili gabe. Une gogorrak izan ziren.

5







Komunikabideetan asko atera naiz; jendeak pentsa dezake nire urterik onena izan dela, baina ni ez nago ados.

6







Mutiletan, Javi Domingez; nesketan, Maite Maiora.

7







Sentsazioak ez dira onak izan.

8







Gustatuko litzaidake Tor des Geantsera itzultzea.

MARIA ZORROZA Gernika, Bizkaia, 1988

1







Gorabehera asko izan ditut. Denboraldia ondo hasi nuen, gogotsu, baina aurrera joan ahala, bai psikologikoki eta bai fisikoki indarra eta lehiatzeko gogoa galdu ditut. Ez, ordea, entrenatzeko gogoa. Neure burua gehiago ezagutzeko balio izan dit denboraldiak, asko ikasi dut, eta, batez ere, argi geratu zait aurrera begira zer nahi dudan eta zer ez.

2







Zegama-Aizkorri. Aurkarietaz, denboraz eta erlojuaz ahaztu nintzen eta maratoiaz asko gozatzea lortu nuen, oso gustura amaitzea eta ondo pasatzea.

3







Limonera egindako bidaia, urteko azken bidaia. Selekzioko kideei esker egin nuen bidaia hori, eta haiei esker denboraldia zapore onarekin bukatzea lortu dut. Eskerrak selekzioak lagun bikainak eman dizkidala, bestela... [barreak].

4







Gorbeia Suzienen erretiratu nintzenean. Oso arraro sentitu nintzen lasterketa guztian. Uste dut burua izan zela erretiratzeko motibo nagusia. Gaizki bukatu nuen, neure buruarekin haserre moduan.

5







Bai eta ez. Hasieran ondo, gustura nengoen lortzen nituen emaitzekin, baina denboraldia aurrera joan den neurrian gehiago espero nuen neure buruaz. Bigarren zati honetan ez ditut nire helburuak lortu.

6







Maite Maiora eta Oihana Azkorbebeitia. Munduko onenen artean egotea lortu dute. Mutilen artean, Aritz Egea nabarmenduko nuke. Denboraldi bikaina egin du, Munduko Kopan bigarren postu ederra eskuratuz. Asko miresten ditut hirurak.

7







Lasterketez gehiago gozatzea falta izan zait denboraldia biribiltzeko.

8







Oraingoz ez dut horretan pentsatzen. Motibazio berriak bilatu nahi ditut, erronka berriak. Momentuan momentukoa eta gero gerokoak. Egiten dudan erronka bakoitzean bete-betean gozatzea lortu nahi dut, beste ezertan pentsatu gabe.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna