Txirrindularitza. Euskal Herriko Itzulia: 3. etaparen kronika. ERRELEBOKA
Begiak itxita
Egur handia hartu dut etapa guztian zehar, eta leher eginda nago, egia esatea nahi baduzue. Igor Antonekin batera aritu nintzen lanean lehen etapan, Bilbon, baina gorputzaldi ona daukat, eta, etxe inguruko errepideak zirenez, niri eman didate lan egiteko ardura. Horrelakoetan, garrantzitsua izaten da potentziometroari begiratzea zenbateko indar gastua egiten ari zaren ikusteko. Dena den, anaiak eta biok begiak itxita ere egingo genuen etaparen azken zatia, umetatik inguru horietan ibili izan garelako beti bizikletan. Alde horretatik, oso polita izan da etapa.
Batzuek harrituta geratuko zineten Henaok eman duen mailarekin, eta guk ere bageneukan zalantzaren bat edo beste. Baina espero genuen ondo aritzea. Txirrindularitzak izan duen aldaketaren isla da Henaoren kasua. Garai batean, sasoia fintzeko baliatzen ziren itzuli asko, baina gaur egun hasiera-hasieratik egoten dira sasoi onean txirrindulari gehienak. Muturreko exijentzia daukate World Tourreko lasterketek, eta, lehiatu gabe egonda ere, prestaketa on-ona egiten dugu txirrindulari guztiok. Taldeek eskatu egiten dute sasoi on-on horretan egoteko.
Henaok jantzi du Itzuliko liderraren maillota, eta guretzat ez da izango txar-txarra ere hori egin izana, lanean ari garenok arnasa pixka bat hartzeko aukera izango dugulako. Oso ondo dago Nairo [Quintana], baina asko geratzen da oraindik. Itzuliko etaparik gogorrenak falta dira, Arraten eta Aian amaituko direnak, eta lan handia dago egiteko oraindik.
Zaleei dagokienez, ikusgarria izan da Antion bildu den jendetza, baina badakit arazo txikiren bat edo beste izan dela igoerako zenbait tokitan. Aurrerago nindoan ni, baina taldekide batek esan dit geratu egin behar izan dutela aurrera egin ezinik. Ondorioz, hautsi egin da lasterketa, noski. Pena da telebistan irudi horiek agertzea, baina arrisku horixe dauka hain errepide estuetatik barrena ibiltzeak.
Ez dakit ziur zein den irtenbidea, baina horrelako kasuetan antolatzaileek zintaren bat-edo jarri beharko lukete, agian, errepidearen bi aldeetan. Batzuei gustatu egingo zitzaien txirrindulariak oinez ikustea, baina hitzematen dizuet ez dela batere gustagarria minutuko 190 pultsazio dauzkagun momentuan egoera horri aurre egitea.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.