Ukraina omenduz hasiko du hurrengo denboraldia BOS-ek

Reinhold Gliere konpositore ukrainarraren obra hautatu du Bilboko Orkestra Sinfonikoak, urriaren 6an hasiko duen denboraldia abiatzeko

Inigo Astiz
2022ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Kiev hiriak eman dituen konpositore entzutetsuenetako bat da Reinhold Gliere (Kiev, 1875- Mosku, 1956). Hamaika opera, kontzertu eta sinfonia sortu, Herriaren Artista saria aitortu zion haiengatik Sobietar Batasunak 1938an, eta hiru Stalin sari ere jaso zituen bizialdian. Interes berezia azaldu zuen beti herriz herriko folklorearekiko eta bertako hizkuntzekiko, eta 1934an, Bakun, azerbaijaneraz estreinatu zuen opera da horren erakusgarri. Bada, zehazki, haren Bigarren Sinfonia hautatu du Bilboko Orkestra Sinfonikoak 2022-2023ko denboraldia hasteko, eta, bide batez, baita ukrainar herritarrak omentzeko ere. Urriaren 6an izango da hori, Eric Nielsen zuzendariak gidatuko du orkestra, eta Gliereren sinfonia ez ezik, Brucknerrek bukatu gabe utzitako Bederatzigarren Sinfonia ere interpetatutako dute.

Euskal egileen lanak ere eskainiko dituztela jakinarazi dute. Hain justu, Gabriel Erkoreka konpositoreak pianorako sortutako kontzertuak itxiko du denboraldia, 2013ko ekainaren 12an. Orkestraren enkargua izan da konposizioa. Horrez gainera, Andres Isasi konpositorearen bi poema sinfoniko eskainiko dituzte hurrengo denboraldian: Deie Sunde eta Zharufa, zehazki.

Mozarten Requiem ezaguna ere interpretatuko du orkestrak hurrengo denboraldian, eta, kasu horretan, errepertorio klasikoa lantzeko duen moduagatik adituen artean ezagun den Maasaki Suzuki zuzendariak gidatuko du orkestra. Iruñeko Orfeoiaren laguntza ere izango dute, eta Victoria Borisova-Ollas konpositorearen Angelusa ere eskainiko dute.

Denboraldi «eklektikoa»

Brass for Africa izeneko elkarteak eskainiko duen emanaldia ere nabarmendu du BOSeko zuzendariak. Elkarteak Ugandan, Liberian eta Ruandan egiten du lan, eta musikaren bidez saiatzen da bertako gazteen bizimoduan eragiten.

«Eklektikoa» izango dela esanez deskribatu du hurrengo denboraldia Ibon Aranbarri BOSeko zuzendari orokorrak. Zehaztu duenez, guztira, hamazazpi programa izango ditu denboraldi osoak, 34 kontzerturekin, eta gonbidatutako 32 bakarlari eta zuzendarirekin. Aranbarrik Uamundu Costa gitarra jotzailea nabarmendu du bakarlarien artean, eta baita bi piano jotzaile ere: Garrick Ohlsson estatubatuarra eta Nobuyuki Tsujii japoniarra. Casals laukoteak ere saioa egingo du, eta Brahms emango du Martin Helmchen piano jotzaileak.

Bestalde, mendeurrena ospatzen jarraituko du erakundeak hurrengo denboraldian ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.