Eurokopa. Turkia 0-2 Gales

Galesek gertu dauka final-zortzirenak jokatzea

Turkiari irabazi dio A multzoko bigarren jardunaldian, Ramseyren eta Robertsen golekin (0-2). Lau puntura heldu da garaipen horrekin

Aitor Manterola Garate.
2021eko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Turkia. Ugurcan; Celik, Ayghan, Soyuncu, Meras (Muldur, 72. min.); Yokuslu (Demiral, 46. min.), Cengiz Under (Irfan Can Kavehci, m.83), Calhanoglu, Ozan Tufan (Yusuf Yazici, 46. min.), Kenan Karaman (Halil Dervisoglu, 75. min.); eta Yilmaz.
Gales. Ward; Roberts, Mepham, Rodon, Ben Davies; Allen (Ampadu, 73. min.), Morrell; James (Neco Williams, 94. min.), Ramsey (Wilson, 85. min.), Bale; eta Moore.
Golak. 0-2. Ramseyk (42. min.); 0-2: Robertsek (95. min.). Begientzako bizigarria eta gozagarria izan zen atzo Gales jokatzen ikustea. Jokalari alaiak dauzka, eta jokoan egoeren sortzaile. Gauza asko asmatu zituzten atzo, eta saria jaso gero: 0-2 irabazi zioten Turkiari Bakun, A multzoko bigarren jardunaldian, eta lau puntura heldu da. Aukera handia du final-zortzirenak jokatzeko.

Oso jokalari onak dauzka aurrealdean: Gareth Bale, Aaron Ramsey eta David James. Hiruren deabrukeriekin erraz gainditu zuen Turkiaren defentsako lan ahula. Lehen gola 42. minutuan sartu zuen, Balek Ramseyren Turkiako atzelarien bizkarrera lasai ederrean emandako pase batetik; Juventusekoak ez zuen kale egin. Turkiaren indarra geldikako jokaldietan azaldu zen, baina eraginkortasunik gabe. Beste gainontzean, ezer gutxi. Galesek berandu itxi zuen partida, 95. minutuan, Robertsen bitartez. Eta lehenago itxiko zuen Balek ez bazuen penaltia zerura bota 60. minutuan.

Danimarka-Belgika gaur

Beste hiru partida jokatuko dituzte gaur. C multzoko biak izango dira Ukraina-Ipar Mazedonia (15:00etan, Bukarest) eta Herbehereak-Austria (21:00, Amsterdam). Austriak hiru puntu dauzka, Herbehereek bezala, eta alerik gabe dira beste bi taldeak. B multzoko Danimarka-Belgikak osatuko du hirukoa (18:00, Kopenhague). Belgikak hiru puntu ditu, Errusiak eta Finlandiak ere bai—bi partida jokatuta—, eta zero Danimarkak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.