Juan Luis Zabala
Euskal Herriko Itzulia. ITZULIKO OROITZAPENAK

Segi, segi, geure bizimoduari

2017ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
«Segi, segi, geure bizimoduari, ez egin kasurik atso zaharren esanari...». Neuk nahi gabe ere, neure arnasestuaren erritmoak kantu hori ekartzen zidan burura, obsesiboki, kanbiorik gabeko nire bizikleta kaxkarraren gainean Urrategi, Martitte, Azkarate-Marixa, Elosu-Gorla, Xuxula edo Kukuherrira aldapan gora pedalei eragiteari ekiten nionean. Ziklista sentitzen nintzen orduan, Eddy Merckxen pareko ia.

Telebistan agertzen ziren aldi bakanetan, benetako ziklistak ikusi beharra neukan, eta Euskal Herriko Itzulia, ni bezalako ume ziklismozale batentzat, festa bat zen, zuzeneko emanaldirik ez izan arren gauero ordu laurden inguruko laburpena ematen zuelako Espainiako Telebistak.

Horrez gain, batzuetan herritik (Azkoititik) pasatzen zen Itzulia, eta orduan eskolatik irteten uzten ziguten, tarte batez, ziklistak pasatzen ikusteko. Halako batean, ordea, 1980an, 17 urte betetzeko nengoela, herritik pasatu baino gehiago egin zuen Itzuliak: gure herrian amaitu zen lehen sektorea, eta bigarrenak, arratsaldeko erlojupeko erabakigarriak, Azkoitian zuen hasiera eta Bergarako Elosua auzoan helmuga. Nire ohiko errepideetako batean ibiliko ziren, beraz, profesionalak, eta gainera bigarren sektorean gure auzotik, Altzibartik, pasatu beharko zuten banan-banan, Olotzagara eta Elosura bidean. Egun seinalatua izan behar zuen niretzat 1980ko apirilaren 11.

Baina, bizitzan askotan gertatzen den bezala, planak okertu egin ziren. Gripe batek ziklistak bertatik bertara ikustea galarazi zidan. Ohetik horretarako ozta-ozta jaikita, pijama erantzi gabe, leihotik ikusi behar izan nituen, 150 metrotara edo. Ez daukat benetan hala izan ote zen jakiterik, baina litekeena da egunak eragindako urduritasunak gaixotu izana. Kontua da zeharo zapuztu zitzaidala egun handia izan behar zuena.

Nire oroimenaren arabera, Alberto Fernandez zena izan zen hala Elosuko kronoigoeraren nola Itzuliaren irabazlea, El Galleta deitzen zioten kantabriarra. Hemerotekak oker nengoela erakutsi dit ordea: Alberto Fernandezek irabazi zuen Itzulia, hori bai; baina kronoigoeran Vicente Belda izan zen azkarrena, El Galletari segundo bat baino kendu ez bazion ere. Lehen sektorea Bruno Lealik irabazi zuela, berriz, zeharo ahaztua nuen (bigarren Paco Galdos beteranoa izan zen, eta hirugarren Jordi Ruiz Cabestany, Pelloren anaia). Eta ahaztua nuen, baita ere, sailkapen nagusian, Alberto Fernandezen atzetik, honako hauek geratu zirela: bigarren, Pedro Torres; hirugarren, Vicente Belda; laugarren, Miguel Mari Lasa; eta bosgarren... Marino Lejarreta. 23 urte bete gabea zen artean ere Berrizko iharra.

Bi urte geroago, 1982an, Lazkaomendin izan nintzen, kuadrillako lagun batzuekin. Han, Julian Gorospe erlojupekoa eta Jose Luis Laguia Itzulia irabazten ikusi nituen. 17 urte geroago, 1997an, Euskal Herriko Itzulia jarraitu nuen, Euskaldunon Egunkaria-rako kazetari lanetan, Pello Aiestaran lankide estimatuarekin. Manolo Saizek zuzenduta, Laurent Jalabertek eta Alex Zuellek irabazi zuten irabaz zitekeen ia guztia, eta amaieran, Arrasateko podiumean, ONCEko taldekide guztiak txokolatezko palmera bana jaten oroitzen ditut, pozarren. Haiei begira, eman behar aste osoko borrokaren helburua palmera horixe irabaztea izan zela. Egun ederrak izan ziren horiek, hala 1982ko nola 1997koak, baina ez zuten 1980ko mutikoaren pena guztiz ezabatu.

Hogei urte geroago, 2000. urtean, nire jaiotetxetik gertu amaitu zen berriro Itzulia, Azkoitiko Marixa (Madariaga) auzoan zehazki, Andreas Kloeden gazte dotorearen garaipenarekin. Baina orduan jada ez zidan hainbesteko ilusiorik piztu benetako ziklistak nire betiko errepideetan ibiliko zirela jakiteak. Beste kontu batzuetan nuen burua, eta ez nintzen ikustera ere joan.

Gaur egun ere gertu samarretik jarraitzen ditut ziklismoaren munduko berriak, ikusten ditut karrera batzuk, telebistan nahiz zuzenean, eta ibiltzen naiz bizikletan ere noizean behin, aldapan gora arnasestuka. Baina nire arnasestuak ez dit, nahita ere, behialako kantu hura ekartzen burura: «Segi, segi, geure bizimoduari, ez egin kasurik atso zaharren esanari...».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.