UDAKO SERIEA. Belaunaldiz belaunaldi (II). Aizpea Goenaga, Barbara Goenaga eta Aia Kruse

Zer ikusi, hura antzeztu

Aktoreen hiru belaunaldiko familia da goenagatarrena. Etxean senideen artean duten giroaz eta ofizioak ematen dizkien plazer eta ajeez hitz egin dute patxadaz hirurek.
Aizpea Goenaga, Barbara Goenaga eta Aia Kruse.
Aizpea Goenaga, Barbara Goenaga eta Aia Kruse. JON URBE/ ARGAZKI PRESS

Ilargi Agirre -

2015eko abuztuak 19
Mozorroz betetako maleta bat dute etxean, eta, familiako bazkariak amaitzean, mozorrotu, eta antzezlanak asmatzen dituzte senideen artean. Jolasten piztu zaie haurtzarotik antzerkiarekiko eta zinemarekiko grina goenagatarrei. Aizpea Goenagari (Donostia, 1959), Barbara Goenaga (Donostia, 1983) ilobari eta Aia Kruse (Donostia, 1994) Aizpearen alabari antzeztea ezinbestekoa zaie bizitzan. Ibilbide luzeko aktoreak dira lehenengo biak, eta Aia interpretazioa ikasten ari da Madrilen.

Artistaz betetako familia da goenagatarrena. Juan Luis Goenaga Barbararen aita pintorea da, eta beste bi aktore daude familian: Koko Mujika Aizpearen iloba eta Juani Mendiola Aizpearen ama. Familiako aktore leinuko aurrenekoa izan zen Juani, hiru belaunaldietako lehena. Asko zor diote hari. «Arte Ederrak ikastea zen haren ametsa, baina garai hartan ezin izan zuen», azaldu du Aizpeak.

Donostiako Aurrera taberna-jatetxea eramaten zuen Juanik senarrarekin batera, eta makina bat aktore, antzezle eta musikari ezagutu zituen han. Ez Dok Amairuko lagunak ere han izaten ziren maiz. Zazpi seme-alabaren ama zen, eta berandu xamar hasi zen aktore gisa, baina zerrenda luzea du gainean. Segoviako ihesa, Loraldia eta Aupa Etxebeste! filmetan eta Bi eta bat eta Jaun eta jabe telesailetan parte hartu zuen, batzuk aipatzearren. «Ez zegoen euskaraz zekien adineko aktorerik, eta film eta telesail asko egin zituen. Nik uste dut amets bat baldin badaukazu noiz edo noiz ateratzen dela. Lehenago edo geroago, modu batera edo bestera, ez agian zuk amestu adina, baina lortzen da. Nire amak lortu zuen», jarraitu du Aizpeak.

Amona bizirik zegoenean ez zela aitzakiarik behar etxean festak egiteko dio Barbarak. «Urtebetetzeetan, Eguberrietan..., gure amonak mozorroak oparitzen zizkigun beti», azaldu du Barbarak. Oraindik ere berdin jarraitzen dute. Goenagatarrenean ez dago antzezlanik gabeko familia bazkaririk. Pertsonaiak asmatu, senideen artean film laburrak grabatu...: antzerkia eta zinema jolas bilakatzen zaie nahi gabe.

Inguruan bizitakoak asko eragiten duela uste dute hirurek. «'Afaltzera joango al gara?', galdetzen diezu etxean, eta kosta egiten zaie animatzea. Baina 'film bat jarriko al dugu?' esan, eta denak prest egoten dira. Telesail eta film asko ikustekoak gara. Ohitura kontuak dira», azaldu du Aizpeak.

Urte hauetan, izugarri eskertu du Barbarak senideen babesa. «Familian zailtasunak izan dituzten aktore ugari ditut inguruan. Guraso askorentzat, antzeztea ez da lanbide bat. Gure etxean, alderantziz izan da. Bakoitzak nahi duena egitera bultzatu gaituzte; nahi duguna, baina ongi egiten saiatuz, betiere», nabarmendu du Barbarak.

Atzerrian hirurak

Euskal Herritik kanpo bizi izan dira hiru senideak. Aizpeak urtebete pasatu zuen Madrilen interpretazioa ikasten, eta Antzerti Arte Dramatiko eskolako diploma lortu zuen gero. Lehendabiziko promoziokoa da. «Kontxu Odriozola, Mikel Garmendia, Elena Irureta, Isidoro Fernandez eta besterekin batera». Eta handik hainbat proiektutan lanean ibili eta gero, New Yorkera (AEB) joan zen pare bat urterako, ikastera. «Gehiago eskatu nahi nion neure buruari, eta oso esperientzia ona izan zen».

Barbarak haurtzarotik izan du antzezle sena. Aizpea izan du betidanik eredu. Kontatu du nola Donostian, Amara Berriko eskolan, pailazoen bideoak erakusten zizkieten, eta Aizpeak egiten zuen pailazo horietako batena. Irakasleak imitatzen hasi zen gero, etxean. «Bileretara joaterakoan, a zer nolako barregura sartzen zitzaigun!», bota du Aizpeak.

Hirurak pasatu dira Goenkale-tik. «Zein euskal aktore ez da pasatu handik?», dio Barbarak barrez. Urte ilunak filmean eta Goenkale-n hasi zen, bederatzi urterekin, eta hantxe egon zen hamabost urte bete arte. «Eskola» bat izan zen. Orduan konturatu zen jolasa lanbide bilakatu nahi zuela, eta kanpora ateratzeko beharra sentitu zuen. Madrilera joan zen hamabost urterekin. «Horri esker egin dut gainontzeko bidea».

Aiak beranduago erabaki du berea antzeztea zela. «Ama eta lehengusina ikusi, eta lan asko egiten zutela iruditzen zitzaidan. 'Nik hau ez dut nahi', esaten nuen». Haurtzarotik ibili da kameren atzean eta oholtza gainean, edonola ere. Hamar urtetik hamahirura bitartean, Goenkale-n ibili zen, eta eta Zorion perfektua filmean parte hartu zuen hamalau urterekin. Musika du bigarren pasio. Konposatu, kantatu eta gitarra jotzen du. Interpretazio ikasketak egiten ari da, gaur egun, Madrilen. «Oso gustura nago. Ikasten geratuko nintzateke betirako. Praktika asko egiten ditugu eskolan, eta lagun artean oso ongi pasatzen dugu». Gradua amaitzean, AEBetara joan nahiko luke, ikasten jarraitzera. Aita hangoa duenez, herritartasun bikoitza du, eta aukera horretaz baliatzea gustatuko litzaioke.

Aiaren lasaitasuna goraipatu dute beste biek. Donostiako Kursaala gainezka zegoela, zein ongi egin zuen behin aurkezle gisa. «Lasai, kanpotik mantentzen naiz, baina barnetik...». Oso komiko ona dela esan dio Barbarak Aiari. «Zu ere bai!», bota dio Aizpeak Barbarari. «Familiako Whatsapp talde bat daukagu, eta txundituta geratzen naiz Madriletik bidaltzen dituen antzerki bideoekin! Noraino irits daitekeen! Daukan lasaitasun hori. Nik, bere adinarekin, ez neukan», esan du Barbarak. «Nola ezetz?», erantzun dio Aizpeak. «Ni askoz lotsatiagoa nintzen. Gehiago kostatu zitzaidan barruan nuena kanporatzea», jarraitu du Barbarak.

Momentu gogoangarriak

Lanbidearen ezegonkortasuna eramaten jakin behar dela nabarmendu dute hirurek. «Oporrak dituzunean, seinale txarra da. Hori da langabezian zaudela, eta ez duzula lanik», esan du Barbarak. Aktorea beti dago azterketa baten atarian; beti dago gauza berriak ikasten, eta zenbat balio duen erakusten; beti dago oposizioetan. «Gogorra da. Nik oso gaizki pasatzen nuen orain gutxira arte, pertsonaiak nire egin arte. Tripak estu beti. Julieta Serrano aktoreak behin esan zidan garrantzia kentzean hasten zarela ongi pasatzen, eta egia da», jarraitu du Barbarak.

Ezegonkortasun ekonomikoari sorkuntzak ematen duen plazera kontrajartzen zaio. Pertsonaia ezberdinak egitea, lantalde batean jardutea, errutinaren menpe ez egotea... «Ikaragarri polita da. Lan hau ez da sekula agortzen. Publikoarengandik jasotzen duzuna izugarria da», dio Aizpeak. «Beti ari zara jende berria ezagutzen; ikasten. Pertsonaien barnean ere oso ikuspuntu ezberdinetan sartu behar duzu, eta bat egin behar duzu inondik inora bat egingo ez zenukeen begirada batekin. Asko gustatzen zait hori», gaineratu du Barbarak. «Zugandik ateratzen da sorkuntza, zure gorputzetik, eta, horretarako, oso ongi ezagutu behar da norbere burua», esan du Aiak. Prozesu horretan gatazkak ere egoten direla norberarekin, eta beldur askori aurre egin behar izaten zaiola nabarmendu du Aizpeak.

Proiektu konkretuekin baino gehiago, esperientziekin geratzen dira hirurak. Momentu gogoangarriekin. «Kalean zoaz, eta ikusle bat etortzen zaizu, eta esaten dizu, adibidez: 'Oso triste nenbilen, eta zuen antzezlana ikustera joan, eta hasi naiz barre egiten!'», dio Aizpeak. Entzuleen berotasuna ez ezik, lankideena ere goraipatu du. «Familia bat osatzen duzu. Hainbeste ordu pasatzen dira elkarrekin, hainbeste bizipen konpartitzen dira, badakizu bizitza guztirako gordeko dituzula. Oso ederra da hori», jarraitu du Aizpeak.

Sormen prozesuaren eta ikusleen erantzunaren arteko aldeaz mintzatu da Barbara. Grabaketa gogorra izan den filmek lortzen dute arrakasta handiena askotan. «Gaizkien pasatu duzun film bat iruditzen zaio jendeari zure lanik onena. Prozesu asko daude proiektu baten barnean».

Oroitzeko proiektu horietako bat izan zen Sukalde kontuetan filma. Aizpeak zuzendu zuen, eta Barbarak ere parte hartu zuen. Batera lan egin duten une bakarra izan da, eta oso esperientzia polita izan zela uste dute.

Donostia bizitoki

Kanpora joatea atsegin duten arren, Donostia dute bizileku finko hirurek. Aizpeak Etxepare Euskal Institutuan lan egiten du azken urteetan. Hala ere, oholtzaren munduaren falta sumatzen du. «Nahiko nuke idazteko denbora pixka bat hartu, baina Etxeparek 24 orduz betetzen nau, eta ezinezkoa zait». Barbarak argi ikusi zuen duela urte batzuk semea Donostian hazi nahi zuela, eta bizitokiz aldatu zen. Hamabost urte zeramatzan Madrilen. «Semeak nik ikasi ditudan abestiak kantatzea, nire eskolara joatea eta hemengo paisaiak ezagutzea nahi nuen. Horregatik hartu nuen erabakia». Aitortu du familia alboan izateak ere asko lagundu diola.

Artista atera zaio lau urteko semea ere. Oso ondo egiten du dantza, eta musikarekiko erraztasuna du. «Gure etxean, exotikoa izango litzateke ortodontista edo ingeniaria ateratzea. Zerbait ezberdina izango litzateke. Baina denek esaten didate 'hau zu baino okerrago dator!'», bota du barrez.

Koldo Serra zuzendariaren Gernika filma grabatzen amaitu berri du Barbarak, eta Ben Sharrock eskoziarrak euskara hutsean egindako Pikadero filma Zinemaldiko Zuzendari Berrien sailean aurkeztuko dute, irailean. Promozioarekin dabiltza orain buru belarri. Horrez gain, Soulbask plataforma ere badauka. Bitxiak diseinatu eta saltzen ditu, lankide batekin batera. Geldirik, behintzat, ez dakite egoten goenagatarrek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna