UDAKO SERIEA Ibilian-ibilian, goxo-goxo. Dastatu nahi? (II). Ogia eta Galdames.

Eskuz landutako ogiak

Eguberri egunean labeak pizten dira Galdamesen, eskuz eginiko ogiari gorazarre egiteko. Errotak eta burdinolak bisitatzeko aukera ona izaten da.

Eskuz landutako ogiak.
Josean Gil-Garcia.
Galdames
2017ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Azokak ugari izaten dira urte guztian Euskal Herrian, ama lurrak eskaintzen dituen produktuak askotarikoak baitira han eta hemen. Bistan da azken hamarkadotan jende andana biltzen dela tokian tokiko plazetara produkturik onenak eskuratzearen kariaz. Horren harira, Bizkaiko Galdames herriak protagonismo berezia hartu zuen orain dela 29 urte. Besteak beste, Jose Angel Arana okinaren ekimenez, Ogi Eguna abian jarri zuten herrian, «udalerrian sakabanatuta zeuden labe zaharrak berpizteko asmoz». Eguberri eguna aukeratu zuten eskuz landutako ogia ahogozatuz urtearen amaiera ospatzeko. Bistan da 30 urte geroago ikuskizun horrek ez duela gainbeherarik izan. Nonbait, Martin Txikik Basajauni lapurturiko gariak desiratutako fruitua eman du Enkarterriko eskualdean.

Goizeko bederatziak dira, eta San Pedro plaza itxuraldatzen hasia da. Handik eta hemendik etorritako okinak eta ogi saltzaileak azken ukituak ematen ari zaizkie euren postuei. Salgaiak bapo atonduta daude apaletan, txukun eta gustu handiz. Aurreko neguan ez bezala, tenperatura atsegina da gaurkoa eta, zorionez, haize leuna herriko bazterrak ferekatzen hasi da. Saldoka iristen hasi dira lehen bisitariak, Aceñako aparkalekutik Galdamesera doan tartea autobus txikietan egiteko gonbita egin baitute antolatzaileek. Halaxe egin dute gehienek, milaka bisitari espero baitira Eguberri egunaz gozatzeko azokara.

Feria interesgarria da labeetatik irten berriak diren ogien kalitatea balioesteko. Bezeroak gero eta zorrotzagoak direnez, ore amaz eginiko ogiak begiz joak dira. Modan-modan jarri den ogi ekologikoak ohiko ogiak baino gehiago irauten du, antza. Eta legamiaren garraztasunak almidoiaren kaltetzea moteltzen du, adituen ustetan. Jose Antonio Medranok eta Begoña Rubiok Gaubeako Valpuesta herrian dute egur labea, eta urtero joaten dira Galdamesera salgai ekologikoak ezagutarazteko. «30 urte daramatzagu ogi ekologikoak egiten, kimikoak saihesten. Finean, artisau saiatuak gara biak, eta konfiantza osoa dugu bezeroengan», aitortu du Rubiok.

Ogien kalitatea baloratzeko apustu handia egiten da azokan, ikuskizunaz haratago joateko asmoa baitago Galdamesen. Aurtengo azokan hiru adituri egokitu zaie epaimahaia osatzea: Bilboko Bascook eta Txocook-eko sukaldari Aitor Elizegiri, Jose Angel Arana Galdamesko okinari eta Masterchef Juniorren aritutako Aimar San Miguel gazteari. San Miguelek ikusle gazteen atentzioa erakarri du, nola ez, haurrez josita baitago plaza: Mari Domingi Olentzeroren jaitsiera iragartzeko prest dago eta!

Atxuriagatik Pobalera

Ogia egiteko labeak behar diren moduan, irina eskuratzeko ezinbestekoak dira errotak eta errotarriak. Uraren indarra baliatzen gailen izan da Galdamesko ibarra, eiherak eta burdinolak paisaiaren ohiko elementuak izan baitira historian barrena. Pobal burdinola eta haren errota ezagunak dira Muskiz inguruan. Ibilbide honen bidez, Pobalez gain, Ollako burdinola zaharra etaValdibian errota ere ezagut daitezke.

Ibilbidearen abiapuntua Atxuriaga auzotik hurbil dagoen Atxuriaga atsedenlekua da (Bizkaia). Bertaratzeko, Atxuriagatik jarraitu behar da, pitin bat Muskiz aldera, eta ibai ondora doan bidea ikusten da laster. Aparkaleku egokituan utz daiteke autoa, hosto zabaleko platanoen babesean. Oinez jada, bide nagusiari men eginda, ipar-ekialderantz urratsak egiten hasi behar da. Atxuriagako parkea erabat inguratuta, Atxuriagako industrialdera iristen da, ziztuan. Naturbideak banandu egingo dira bide sarda horretan. Geltokia jatetxearen ezkerraldetik, Burdinmendi izeneko bidea abiatuko da. Trazadura horrek sorrarazten duen interesarengatik, itzulera egiteko egokia da, Pobal eta Ollako burdinola zaharrak bisitatu ostean.

Bide nagusitik irten gabe, beraz, Atxuriagako lantegien atzealdetik doan ibilbide berdeari jaramon egin behar zaio. Galdamesko ibilbide berdearen lehen tunela zeharkatu behar da bizkor. Bigarren tunelaz gozatzeko parada segituan iritsiko da: haitzulo baten moldean irekia den arren, ibiltarientzat eta txirrindularientzat ederki prestaturik dago. Tunela atzean utzita, lizarrak, haritzak eta hurritzak izango dira harrera atsegina egingo duten lagunak. Sopuertako El Castaño eta El Hoyo auzoetara desbideratzeko aukera ikusiko da laster, El Cerco auzoko etxe multzora heldutakoan. Bide zabala laga gabe jarraitu behar da, zehar-zehar, Pobal lantegi hidraulikorantz.

Mazelak alderik alde zeharkatzen dira gero, eginahal handirik gabe. Une batez, Mayor izena duen ibarrera helduko da bisitaria. Trenbideak sekulako bihurgunea osatuko du han, meandro baten antzera. Berehala iritsiko da Pobal burdinolara jaisteko unea, Mayor ibarreko bihurgunea atzean utzi eta segituan. Enkarterriko ur hornikuntzaz eta inguruko ibilbideez informazioa ematen duen gune bat ikusten da desbideratzean. Atxuriagatik jarraitutako bidea bertan lagata, ezkerrera jo eta sigi-saga maldan behera egin behar da, Peñas Negras Ingurumen Zentroko zutoinei kasu eginez.

Pobaleko zubi erromaniko xumea ikusten da burdinolara iritsi aurretik, Barbadun ibaiaren gainean. Hormigoizko pasabidea igarota, ezkerrera egin eta Pobaleko konplexura iritsiko da ibiltaria. Barbadun ibai jauzkaria sorpresaz beteriko natura gune itzela da. XIII-XVIII. mendeetan, burdinola hidraulikoak ugariak ziren lasaitasuna darion paraje idiliko horretan. Burdin mea ugari ziren inguruetako mendietan, eta egur ikatza ekoizteko baldintza ezin hobeak zeuden Barbadun ibaiaren inguruan. XIX. mendearen erdialderako, tamalez, burdinola frankok ateak itxi zituzten, eta betiko isildu ziren. Ollakoa da horietako bat. Pobalekoak, ordea, XX. mendera arte jarraitu zuen indarrean. Gaur egun, hobekien zaindutako burdinola da Bizkaian, eta museo biziaz gozatzeko aukera interesgarria: burdingintza, errotak, lanabesak eta makina bat tresna ezagutzeko bidea ematen du bisita gidatuak.

Olla eta Valdibian

Pobaleko burdinolatik, lehen igarotako zubira itzuli behar da gero. Barbadun gainetik igaro eta hainbat metro egin ostean, eskuinetik doan zidorra hartu behar da. Olla burdinolarako bideari jarraitu behar zaio, harbide baten moldean. Hasieran, ibaiaren paraleloan doa bidea; segidan, maldan gora, goratasuna hartzeko. Behin aldapa amaituta, hartutako altitudea galtzen hasten da. Eskuineko bidetik ekinda, beraz, Olla burdinola zaharrera iristen da. Hormatzarrak ikusita, erraz da imajinatzen konplexu hidrauliko horrek XVIII. mendean hartu zuen tamaina. Akaso, Pobalekoa baino faktura handiagokoa, aditu batzuen ustez. Ollatik atera aurretik, Olakuako zubia ikusten da, Muskiz eta Sopuerta lotzen zituen errege galtzadaren gainean. Baita ibaiertzean egin ziren lanak ere: ubidea eta presa, bestak beste.

Ibaia eskuinaldean dagoela, ur emarian sortzen diren bazter ederrez gozatzeko aukera dago: bideak samur-samur gidatuko du ibiltaria ibar soto interesgarri batean barrena. Hala, haltzadia lagun, Valdibian errotara iristen da. Errotaren jabeek familiako tradizioari eusteko egin duten ahaleginari esker, antzina bezalaxe funtzionatzen du gaur egun ere. Behin errepidean, zubia gurutzatu eta ezkerretik jarraitu behar da, harik eta pasarela dotorea ikusi arte. Pasarelatik aurrera egin behar da Galdames eta Sopuerta lotzen dituen behialako burdinbideak lagunduta. Aguas Juntas atsedenlekutik igarota, goratasuna galtzeko gonbita egingo digu bideak. Gero, igoera xumearen ostean, Atxuriagako industrialdera heltzen da, joanean eginiko bidearekin bat eginez.

Bihar: Ibilian-ibilian, goxo-goxo. Dastatu nahi? (III): Babarrunak eta Tolosa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.