UDAKO SERIEA Ibilian-ibilian, goxo-goxo. Dastatu nahi? (IV). Antxoa eta Ondarroa.

Antxoa festa, turruna jo ostekoa

Hotsa hiru aldiz entzuten denean, antxoa pintxoak plater dantzan hasten dira. Ondarroako antxoaren jaia, besteak beste, natura ondarea ezagutzeko balia daiteke.

Antxoa festa, turruna jo ostekoa.
Josean Gil-Garcia.
Ondarroa
2017ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Arrain urdina, gorputz hertsatukoa eta ezkata erorkorrez jantzia da. Begi handiak ditu mutur zorrotzaren aldean, eta baita ahoan hortz txiki ugari ere. Tamainari dagokionez, 15 zentimetroak nekez gainditzen ditu. Udazkenean ur sakonak nahiago izaten baititu, 100 metro behera egin ohi du, iluntasunean baltsak gustura baino gusturago dabiltza eta. Udaberria hasteaz batera, ordea, gora joaten da saldoa, ugaltzeko asmoz. Antxoa arrain ezagun eta sonatua da. Garai batean, bazter eginda sukaldean, baina, gaur egun, jakirik onenetako bat.

Arrantzaleak bost urtez antxoarik harrapatu gabe egon ostean, Europako Batasunak Bizkaiko golkoko arrantzagunea irekitzeko baimena eman zuen 2010ean. Harrezkero, bertoko produktuari balioa emateko hainbat arrain azoka abian jarri dira Euskal Herrian. Era berean, feriok aukera ematen dute arrantzaleen lana ezagutzeko. Arrainaren kontsumoa sustatzeko modu bitxia ere bada. Horren harira, urtero-urtero azoka bat antolatzen dute Getarian eta beste bat Ondarroan, antxoak merezitako omenaldia egiteko. Getariakoari muzin egin gabe, noski, Ondarroakoa ezagutzekoa da, maiatzaren erdialdean.

Ondarroako Udalak antolatu du aurtengo ekitaldia estreinakoz, Kalare Deuna arrantzaleen kofradiaren laguntza hartuta, bai eta Eusko Jaurlaritzaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren babesa ere. Goizeko zortziak inguruan, postuak altxatzen hasi dira hainbat behargin. Eguraldi aparta espero da gaurko. Ondarroarrak kalera irtengo dira beste behin arrapaladan, arrain urdinaren ezaugarri gastronomikoak goraipatzeko prest. Haiek badakite, jakin ere, euro baten truke mokadu ederra ahogozatzeko parada izango dutela. Jende uholdeari aurre egitearen kariaz, milaka pintxo paratuko dituzte herriko elkarteek.

Kontserbak eta lehiaketak

Antxoa bera kontserba lantegien suspertzaile izaki, inguruko herrietako kontserba etxeak Nasa kaleko postuetara iristen lehenak izan dira gaur. Euren produktuak txukun-txukun atondu dituzte berehala, eta apaletan eskuragarri jarri. Antxoarik preziatuena Kantauri itsasokoa da, bere usain bizi eta haragi arrosagatik, antza. Kanttoipe, Nasa eta Nafarroa zumardiko plazak jendez mukuru daude, lagun oro patxadako dabil. Harik eta, eguerdia iritsita, turrun hotsa entzuten den arte. Antxoaz zamatutako itsasontziak portura sartzen direnean bezala, hiru aldiz joko da turruna. Hiru aldiz sirena hots ezaguna, ondarroarrak festara bildu daitezen. Antxoa pintxoak dantzan hasiko dira orduan. Goseak begiak erne, omen. Antxoak sukaldean lantzeko era desberdinak ikusteko ere bada une aproposa. Frijituaz gain beste prestaera batzuk baditu-eta antxoa umilak: kroketa moduan, antxoa pastela, plantxan, pil-pilean, marinel erara, kontserban, oliba olioarekin apailatuak, oliba batekin bilduakā€¦

Nasako postuez gain, beste 25 taberna eta jatetxe bildu dira deialdira, eta, antxoa nagusi, mokadu txikiak eskaintzen hasi zaizkie eskarmentu handiko bezeroei. Pintxo lehiaketan parte hartu duten sei tabernaren altxorrak ibaiaren ondoko Zumardian daude, propio prestaturiko karpa txiki batek babestuak. Musika eskolako ikasleak ere protagonistak izango dira Zubi Zaharraren ondoko oholtzan. Izan ere, Antxoa Egunean parte hartzeko ez omen da adin jakinik: familian eta lagunartean ibiltzeko aukera ematen duen ospakizun alaiada. Zilarrezko Antxoa Jon Arrizabala Arri eta Jose Mari Aranbarri Botx herriko bertsolariei egokitu zaie aurten: zaleek modu apartean eskertu diete eginiko lan eskerga.

Santa Krutz baselizara

Antxoa Egunaz bapo gozatu ostean, ibilaldi polita egin daiteke Santa Krutz baselizaren inguruan. Bide aldapatsua bada ere, itzelezko ikuspegiak daude kostaldearen gainean, baita Ondarroa hiribilduaren gainean ere. Tontorramendiko talaiaraino luzatuko da ibilaldia, ezin baita aukerarik galdu Gorozika auzoko ondare arkitektonikoa bisitatzeko.

Ondarroako Kofradia Zaharraren aurrean dagoen Zubi Zaharrean hasi behar da ibilian Santa Krutz baselizarantz. Zubia gurutzatu ondoren, ezkerrera egin behar da. Ondarroako elizaren gaineko estanpak atentzioa ematen du laster: haitz batean eraikia da, eta XVI. mendean amaitu zuten. Ederra, zinez, estilo gotiko berantiarreko tenplu sendoa. Arraun egoitzara heldu bezain pronto, eskaileretatik gora egin, eta errepideko biribilgunera iristen da. Artibai ibaiaren ondoko bidea baztertu behar da han. Haren ordez, paraleloan doan errepideari jarraitu behar zaio. Hala, Txorierreka urbanizaziora iristen da ziztuan. Goratasuna hartzen hasi ahala, Arrigorriko eta Saturrarango hondartzetara begira jartzen du porlan bideak. Minutu batzuk gora eta gora, Artadi-Alde etxolaren aurretik igaro behar da. Segidan, Burgoa izeneko baserri multzoraino gidatuko du bideak. Porlan bidea bertan amaituta ere, basabideak maldan gora egiteari eutsiko dio. Pago bikainek eta akaziek hartzen dute bisitaria han, bat-batean. Langa bat zeharkatu, eta, gurutze bideari jaramon eginez, aspaldi ondarroarrek hartu ohi zuten bide berberari tinko-tinko eutsita, Santa Krutz baselizara iristen da. Bizkaiak eta Gipuzkoak bat egiten duten eremuan altxatzen da tenplu xumea. Esan ohi denez, habeartearen eta aldarearen artetik igarotzen da herrialdeen arteko muga.

Gorozika auzoa

Ermitako eremutik irten behar da, inguruko bazterrak ongi arakatu ostean. Mendebaldera ekin behar zaio orduan: hots, baselizaren aurreko belardia alderik alde zeharkatuta, urratsak egin behar dira ondoan ikusten den antenarantz. Gailurra zapaldu gabe, ordea, gorantz abiatzen den porlan bidea gurutzatu, eta Berriatua eta Mutriku udalerrietako muga dago. Harik eta Tontorramendira heldu arte.

Tontorreko erpin geodesikoan, mendi bizkarra uzteko unea izango da. Hala gauzak, eskuinera egin eta maldan behera hasi behar da, Gorozika auzorantz. Gasbidea alboan lagata, pinudian sartu behar da segituan. Gero, ezkerrera eginez, siga-saga jarraitu behar da pinudian barrena. Porlanez jantzitako bide batekin topo egitean, eskuinera jo, eta Mokao baserrira heltzen da. Hor, aukera interesgarria dago Gorozikako auzoa bertatik bertara ezagutzeko. Nahikoa da ezkerrera egin eta asfalto gainean minutu batzuk egitea. Besteak beste, Antzone (XVI), Bizkua (XVIII) eta Gozizko (XVI) baserriak eta San Joan baseliza (XVI) daude.

Bestela, eskuinera egingo behar da Mokao baserriaren aurrean, eta Iramagirre baserrira heltzen da berehala. Bidexkak baserria inguratuko du pinudian sartu aurretik. Gero, sagarrondoen saila amaituta, bidexkak eskuinera jo, eta behialako harbide baten moldean baso hertsian barrena gidatuko du bisitaria. Ondarroatik hurbil, errepidera zuzen-zuzen egin beharrean, bidexkak mazelari gorte egiteari eutsiko dio. Paseo gozoan, beraz, Zubi Zaharraren aurreko plazara iritsiko da bisitaria, ziztuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.