Ezarian. Zientzia

Kuasikristalak aurkitu zituen kimikaria Nobelarekin saritu dute

Kuasikristalek egitura ez-periodikoa duten gaiak dira, eta babesteko estalkietan baliatzen ditu industriak

xabier martin
2011ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Kuasikristalek egitura berezia dute; ez dute egitura periodikoa, hots, ezin dira errepikatuz eraiki, bata bestearen alboan jarriz. Ibilbide profesional osoa eman du Daniel Shechman kimika ingeniariak (Tel Aviv, Israel, 1941) material horren ezagutza, aurkikuntza lortzeko. Eta orain aitortzarik handiena ekarri dio lan horrek: Nobel saria. Suediako Zientzien Errege Akademiak zientzialari baten jarduera «bikaina» saritu du, «bakardadean, modu iraunkorrean eta datu enpirikoekin» egindakoa. Aurtengo Kimikako Nobel saria kuasikristalak aurkitu zituen kimikariak jasoko du (1,1 milioi euro).

Gai solidoei dagokien kimikaren atalean iraultza ekarri zuen bere garaian Shechmanen aurkikuntzak. 1982a zen; solido kuasiperiodikoek oso ezaugarri berezia dutela erakutsi zuen. Kuasikristal hauen egitura ez da periodikoa, hots, mosaiko arabiar baten itxura dute. Gaur egun oso ohikoa da halako gaiak metalen aleazioetan baliatzea. Oso eroale txarrak dira, eta oso-oso gogorrak dira; kuasikristalak desitxuratzea benetan zaila da. Hori dela eta, babesteko estalki ez itsaskorretan erabiltzen dira industriaren hainbat alorretan.

Baina egun hainbeste erabiltzen diren gai hauen erabilera kolokan egon zen 80ko hamarkadan, gaiaren berezitasun periodikoa ezbaian jarri baitzuten askok. Harik eta Daniel Shechmanek enpirikoki frogatu zuen arte. Horretarako, bere ikerketaren aurreko paradigma zientifikoa aldatu behar izan zuen, zeina kristalen egitura periodikoa oinarri hartzen baitzuen. Halako gairik bazela sinestea zaila izan zen kimikari askorentzat, baina, azkenean, goi mailako ikerketaren emaitzek ez zuten zalantzarako tarterik utzi.

Zientzialari saritua

Daniel Shechman irakasle da Haifako Institutu Teknologikoaren Gaien Ingeniaritza sailean, baita Iowako Unibertsitateko Gaien Zientzien sailean ere. Orain baino lehen sariak zer diren badaki. 1990ean Ingeniaritzako Rothschild jaso zuen; 99an, Fiskako Wolf; 2000. urtean, Suediako Zientzien Errege Akademiarena; eta 2008an, Gaien Ikerketarako Europako Elkartearena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.