Iban Arregi.
Euskarazko hedabideak. BERRIAren laguntza. ANALISIA

Aitortza, beste ezer baino lehen

2016ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Egunotan ezagutu dugu Eusko Jaurlaritzak euskal hedabideei ematen dizkien diru laguntzen ebazpena, 2016-2017-2018 epealdiko laguntzak erabaki dituen ebazpena, eta beherakada etengabea da, bai kopuruetan eta baita portzentajeetan ere —joeraz jakitun izan gaitezen, 2008an jasotzen zuena baino 400.000 euro gutxiago jasoko ditu BERRIAk hamar urte geroago—. Horren gaineko irakurketa egitea dagokigu, eta ez dut uste garaiak direnik puntuazio sistema arbitrarioen gainean aritzeko, edota zentzugabeko lehia batean oinarritutako deialdi bateko irizpide teknikoen gainean aritzeko —zentzugabekoa delako BERRIA eta tokikoak elkarrekin lehian jartzea laguntza publikoak ebazteko orduan, bataren irabazia bestearen galera delako ezinbestean hola, diru gehiago ez dagoenez; edo eremu erdaldun bateko tokiko aldizkari bat eremu euskaldun bateko tokiko aldizkariarekin jartzea lehian—; perspektiba handiago batekin begiratu behar diogu gaiari, ikuspuntu zabalago batetik aztertu egoerak. Eta BERRIAren egoera hauxe da: ebazpen honekin eta diru laguntzen sistema honekin, euskarazko egunkari nazional bakarraren etorkizuna eta garapena zaila izango da, oso zaila. Gaur egungo garaiotan, kontsumo eta finantzaketa ereduak aldatzen ari diren garaiotan ez delako jasangarria %20tik beherako finantzaketa publikoa duen euskarazko hedabide bat—azken urteotan bost puntu behera egin du BERRIAren finantzaketa publikoak, eta 2018an %18koa litzateke, soldatak eguneratuz gero; gainontzeko euskarazko hedabideen finantzaketa publikoa, berriz, gutxienez aurrekontuaren herena da oro har, %33—. Alferrik egongo da BERRIA Europako egunkari nagusien kalitate parametroetan —Kalitateko kazetaritza: Ba al dago etorkizunik? Erreferentziazko prentsaren eboluzioa Euskal Herrian eta Europan (2001-2014) ikerlanaren arabera—, edo alferrik izango du proportzioan Espainiako eta Kataluniako egunkariek baino irakurle edota salmenta tasa hobea —salmenta eta audientzia datu ofizialak kontuan hartuta—. Alferrikakoa da berrikuntza eta garapenean egiten ari den ahalegina, produktuak eta prozesuak eraldatuz, gero instituzioen aldetik ez badago benetako apustu politikorik; benetako apustu politikorik gabe nekez egingo delako aurrera merkatuan. Ezin uka laguntza hauek garrantzitsuak direla sektorearentzat eta BERRIArentzat berarentzat ere, baina bestelako politika baten beharraz ari gara, benetan sektore estrategiko batek behar dituen politika publikoez, politika sendoez, egonkorrez. Eta ez, ez dago gure ustez benetako apusturik. Ez sektore osoari begirako apusturik behintzat. Eta bai, egoera jasanezina, eutsiezina zatekeen BERRIAko langileen soldata hain prekarioa ez balitz, sektoreko baxuena edo baxuenetakoa; edo BERRIAlagunen erantzunagatik izango ez balitz. Baina kontua ez da egoera jasanezin horri nola edo hala eutsi nahian jardutea, beti estu, beti larri, beti garapenerako edo inbertsioetarako baliabide urriekin; hortik harantzago begiratzeko gaitasuna izan behar dugu denok, bai sektorea ordezkatzen dugunok eta baita klase politikoak ere. Asko dugulako jokoan.

Hekimen euskal hedabideen elkarteak behin eta berriz errepikatu duenez, euskararen sustapen eta erabileraren inguruko legeak eta planak bete ahal izateko euskal hedabide sare sendoa eta propioa behar du herri honek, baita euskarazko egunkari nazionala ere (edozein hiztun komunitatetan gertatzen da hori, Administrazio edota hezkuntza propioa behar diren modu berean). Hedabideek funtzio publiko bat betetzen dutelako, nabarmena: hiztun komunitatearen behar bati erantzuten diote, eta hemengo zein kanpoko informazioa euskaraz jasotzeko eskubidea bermatzen dute, komunitate horri eskaintza plurala eskainiz; hizkuntza normalizazioan beharrezko dira, kultura propioaren sorkuntzan eta sustapenean ere bai, hizkuntzari prestigioa ematen diote, hizkuntza bera berritzen laguntzen dute...

Herri ekimenetik sortutako proiektuak dira, bai, baina zerbitzu publiko etengabea eskaintzen dutenak, eta, horrenbestez, babes politiko eta instituzionala behar dutenak, gaur egun jasotzen dutena baino gehiago. Apustua behar da, bai, politikoa. Sektore osoaren aldeko eta sektorea osatzen duten hedabide bakoitzaren aldeko apustu politikoa. Euskal hedabideek merkatuan leku handiagoa izatea nahi badugu, horretarako lehenik eta behin hedabideon egoera eta finantzaketa publikoa egonkortu behar dira, ikusgarritasunean eta sustapenean gehiago lagundu, lan baldintzak txukundu, informazio eta komunikazio teknologia berrietara egokitzeko eta berrikuntzan sakontzeko inbertsioak behar dira, industria ere bagarelako eta produktuak eta prozesuak eraldatu beharko direlako, egokitu... Elkarlana ere ezinbestekoa izango da sektore barruan, gaur egungoa baino gehiago, eremu berriak irabazi nahi baditugu behintzat. Eta bai, hori dena lortzeko, horretarako denerako diru gehiago behar da, dezentez gehiago, baina hori baino gehiago ere behar da benetan zintzo eta elkarlanean hausnartu eta garatu nahi bada euskal komunikazio eremua, bakoitzari dagokion eginkizuna eta autonomia onartuta egin nahi bada bidea, euskararen eta komunikazio eremu propioaren aldeko bidea. Behar da aitortza zintzoa, beste ezer baino lehen. Bakoitzaren egitekoaren eta bakoitzak egindakoaren aitortza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.