Kataluniako erreferenduma

Puigdemont: «Behar ditugunak baino hautetsontzi gehiago ditugu»

Generalitateak 2.315 bozkaleku irekitzeko asmoa du bihar, eta 'B plana' prest duela erran du

Raul Romeva, Oriol Junqueras eta Jordi Turull, atzo, bihar erabiliko duten hautetsontzi ereduarekin. ANDREU DALMAU / EFE.
mikel rodriguez
2017ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Delituaren froga aurkeztu zuen atzo Kataluniako Generalitateakhedabideen aitzinean: biharko erreferendumean bozkalekuetan paratuko dituzten hautetsontziak. Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak erreferendumerako materiala bahitzeko operazioetan atzeman ez dituztenak. Oriol Junqueras presidenteordeak, Jordi Turull gobernuko bozeramaileak eta raul Romeva Atzerri kontseilariak egin zuten aurkezpena, erreferendumeko detaile logistikoen berri emateko. «Katalanek bozkatuko dute igandean» baieztatu zuen junquerasek. Eta, atzo ikusi bezala, Poliziak trabak paratzen baditu, Generalitateak alternatiba baduela erran zuen, «zalantzarik gabe». Carles Puigdemont presidenteak ez zen agerraldian izan, baina nazioarteko behatzaileei harrera egin zien ondoren. Frankfurter Allgemeine Zeitung Alemaniako egunkariak Kataluniako presidenteari egindako elkarrizketaren aurrerapen bat argitaratu zuen atzo, eta Puigdemontek ez zuen zalantzarik agertu: «Behar ditugunak baino hautetsontzi gehiago ditugu».

5.344.358 katalanek dute botoa emateko eskubidea bihar, Generalitateak azaldu duenez. 09:00etatik hasi eta 20:00rak arte 2.315 bozkaleku egonen dira irekita, horietako 207 Bartzelonan, eta 6.300 hautetsontzi paratuko dituzte. Europako 17 herrialdetako eta Israelgo 33 hautetsik osatzen duten delegazio batek begirale lanak eginen ditu; horien artean dago euskal herritar bat, Josu Juaristi EH Bilduko diputatua Europako Parlamentuan.

Hori da Kataluniako agintariek biharko prestatu dutena. «Norbaitek eskola bat ixten badu, edo hautetsontzi bat eramaten badu, edo hamar, edo 100, edo 200, katalanek bozkatuko dute igande honetan. Botoa emateko modu anitz daude», erran zuen atzo Junquerasek. B plana baduela erran du Generalitateak, baina ez ditu xehetasunak azaldu. Zantzu batzuk eman, bai. Errate baterako, Junquerasek azaldu du Poliziak eskolaren bat itxiz gero, bertze bat irekitzea izan litekeela alternatiba. 7.235 pertsona arituko dira erreferenduma gauzatzeko logistika lanetan.

Poliziaren ekintzek bozketari eragin diezaioketela eta, emaitzaren balioa nola ziurtatuko den galdetu diete kazetariek Generalitateko ordezkariei. Emaitza «argia» izanen dela erran du Junquerasek. Hauteskunde Batzordeak zuen emaitza egiaztatzeko ardura, baina Generalitateak desegin zuen, Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren isunak saihesteko. Turullek erran du «sinesgarritasun profesional eta akademikoa duten pertsonek» egiaztatuko dituztela emaitzak, baina ez du haiei buruzko daturik eman nahi izan, «estatuaren errepresioaren biktima» izan ez daitezen.

Generalitateko hiru ordezkariek agerraldia egin eta ordu batzuetara atera zen hedabideen aitzinera Carles Mundo Justizia kontseilaria. Erreferendumaren emaitzari buruz aritu zen hura ere. Emaitzen interpretazioek «estatuaren errepresioa» ezin dutela alde batera utzi zehaztu zuen. «Bozketak ulertu behar dira testuinguruaren arabera». Bozketa justifikaziorik gabeko errepresio giro batean gertatzen direnean, denok uler dezakegu parte hartzearen datuak aztertu behar direla emaitzaren baliagarritasuna erabakitzeko».

Kereilak fiskalen kontra

Espainiako eta Kataluniako fiskal nagusien aurkako kereilen berri ere eman zuen Mundok. Prebarikazioa eta ez dagozkien funtzioak bereganatzea leporatzen die Generalitateak. Jose Antonio de la Maza Espainiako fiskal nagusiari Auzitegi Gorenean paratu dio salaketa, eta Jose Maria Romero de Tejada Kataluniakoari, berriz, Kataluniako Auzitegi Nagusian. Azken asteotako errepresio neurri gehienak fiskalek agindu dituzte, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak erreferendumaren aldeko edozein ekintza behin-behinean debekatu zuela-eta ebazpen hori betearazi beharra zutelakoan. Mundok azaldu duenez, fiskalek, bertzeak bertze, ez zuten Mossos d'Esquadraren buruzagitza hartzeko eskumenik. Kereilez gain, Generalitateak helegitea aurkeztu zion atzo eskolak zigilatzeko mossoei emandako aginduari.

Generalitateak, beraz, planarekin jarraitzeko asmo erabatekoa jakinarazi zuen atzo, baina Espainiako Gobernuak ere «ez da erreferendumik eginen» leloari eutsi zion. «Espainiaren batasun konstituzionala defendatuko dugu», erran zuen Iñigo Mendez de Vigo bozeramaileak. Espainiako Gobernuak adierazi du igandetik aitzinera Puigdemont eta Junqueras ez dituela mintzakidetzat onartuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.