Katalunia. Elkarrizketa. Laura Masvidal. Eskubide Zibilen Elkarte Katalaneko kidea

«Aldaketa politikoak aukera bat izan daitezke»

Masvidalek ez du keinutzat hartu presoak gerturatzea. Konfiantza handirik ez dute PSOEn, baina auziari aurre egiteko erakutsitako jarrerak «ateak ireki dizkio itxaropenari».

Laura Masvidal, ezkerrean, joan den abenduan politikari presoak askatzeko Bartzelonan egindako elkarretaratze batean. QUIQUE GARCIA / EFE.
Igor Susaeta.
2018ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Eskubide Zibilen Elkarte Katalanak «ezintasuna indar bihurtzeko aukera» eman die bai politikari presoei, baita haien senideei ere. Hala dio Laura Masvidalek (Bartzelona, 1966), Joaquim Forn Kataluniako Gobernuko Barne kontseilari kargugabetuaren emazteak. Senarra pasa den azaroaren 2tik dago kartzelan. «Honek guztiak aurrera egiteko indarra ematen dit». Politikari presoen askatasuna aldarrikatzeko, larunbatean manifestazio bat egingo dute Bartzelonan, ANC Biltzar Nazionalak Katalanak, Omnium Culturalek eta Eskubide Zibilen Elkarte Katalanak deituta.

Masvidalek argitu du «ziurrenik» urtea amaitu eta gero hasiko dela prozesu subiranistaren harira auzipetuta daudenen aurkako epaiketa.

Noiz sortu zenuten Eskubide Zibilen Elkarte Katalana?

Elkartea espontaneoki sortu zen, gobernuko kideak kartzelatu zituztenean; azaroaren 2an espetxeratu zituzten. Ikusi genuen bazegoela elkartasuna bideratzeko beharra. Katalunian oparoa da elkartasuna, baina garrantzitsua da hori ez hondatzea, eta elkartearen bidez antolatzen hasi ginen. Konturatu ginen bagenuela ahots bat, eta, horrenbestez, bozgorailu bat eskaintzen hasi ginen kartzelan edo erbestean zeudenei, urriaren 1aren ondorioz errepresaliatuei.

Estatutuak egin genituen, ikusi genuen nola estal genitzakeen kartzeletarako bidaiak, eta dena modu ordenatuan egin dugu, jakin dadin nora doazen jendeak elkartasunez eskaintzen dituen baliabideak. Adibidez, mantenuren bat arautu behar baldin bazen, edo bat-batean errepresaliaturen bat diru sarrerarik gabe geratzen bazen... Hori dena arautu eta ordenatu dugu.

Politikari presoak Kataluniako kartzeletara lekualdatzeko erabakia hartu du Espainiako Gobernuak, eta Joaquim Forn zure senarra, Jordi Turull eta Josep Rull bihar eramango dituzte Kataluniako espetxe batera. Hura bisitatzeko kilometro gutxiago egin beharko dituzu orain, baina, hortik harago, zer esanahi du zuentzat Madrilen erabakiak?

Lekualdatzearen gaiak eztabaida eragin zuen elkartean, eta nahiko gaizki hartu genuen lekualdatzea, mediatikoki behintzat, albiste handitzat edo keinu politikotzat hartzea. Deserosotasuna piztu zigun. Izan ere, lekualdatzea eskubideekin lotuta dago sinpleki, eta ez justiziarekin. Behin-behineko kartzelaldia salatzen ari gara lehendabiziko egunetik, eta, noski, hori etetea eta askatzea eskatzen ditugu. Distantziak ez zituen soilik kartzelatuen eskubideak urratzen, baita senideenak ere. Hori guztia esanda, kartzelatuak hemen [Katalunian] egonda errazagoa izango da senideentzat batez ere, baina keinu apur bat perbertsoa iruditzen zait.

Zer zentzutan perbertsoa?

Perbertsoa, gobernu legitimoa kartzelatua dagoelako Katalunian, eta Kataluniako instituzioen beren zaintzapean. Zentzugabekeria hutsa da.

Prozesu subiranistaren harira kartzelatuek behin baino gehiagotan eskatu diote Pablo Llarena epaileari aske utz ditzala eta Kataluniako espetxeetara lekualda ditzala. Espainiako Auzitegi Goreneko magistratuak, halere, beti ukatu ditu eskaera horiek. Espero al zenuten halakorik?

Ez, ez genuen espero. Helegite bat jartzen dugun bakoitzean itxaropentsu gaude. Aska ditzatela eskatzen dugun bakoitzean, argudioak oso sendoak dira beti; abokatuak oso onak dira. Baina behin-behineko kartzelaldian dituzte, argudio ezohikoak eta batere ez sendoak erabiliz.

Zer eragin izan du indar subiranisten diskurtsoak politikan, presoen egoeran, baldin eta eraginik izan badu?

Gauza bat ez bada, bestea izango da; diskurtso bat ez bada, OKDiario-ren interpretazio bat izango da. Zigor bat ezarri nahi diete haien ustez Espainiaren batasunari eraso larri bat egin diotenei. Badirudi hori ordenamendu juridikoaren gainetik dagoela. Subiranismoaren diskurtsoa nahiko light-a da orain. Izan ere, politikari presoen askatasuna eskatzen ari bagara, orain, oraingoz, eskubideak aldarrikatzen ari gara. Bestelako aldarrikapenek, tristeki, atzerantz egin dute... Gutxienekoa eskatzen ari gara.

Bestetik, ahalegin handia ari zarete egiten gertatzen ari dena nazioartean salatzeko.

Espainiari buruzko iritzi bat zegoen irailean, urrian, azaroan, eta, errepresio bortitzaren ondoren, gatazka nazioartekotu den heinean, Espainiako Estatua auzitan dago. Europan mundu guztiak du gatazkaren berri, eta gure elkartean bertan nabaritu dugu.

Espainiak gobernu berria du. Itxaropentsuago zaudete orain?

Hasteko, gatazka politiko bat den neurrian, gauzak politikoki mugitzea beti izan daiteke agertokia aldatzeko aukera bat. Bestetik, nahiz eta estetika soila izan, arazoei aurre egiteko beste modu bat edukitzeak edo sinpleki hala saltzeak ateak irekitzen dizkio itxaropenari; eta ez PSOE bereziki ahalegindu delako gertatzen ari dena ulertzen, baina bai erakusteagatik beste gogo bat duela gaiari heltzeko, edo beste gogo bat itxura hori emateko. Konfiantza handirik ez dugu, baina aldaketa politikoak aukera bat izan daitezke. Gainera, itxura denez keinu batzuk gertatzen ari dira, eta tentsioa jaisteko balio dezakete.

Baina Maria Jose Segarra Espainiako fiskal nagusi berriak esan du ez duela auzipetuei egotzitako delituetan aldaketarik egiteko asmorik.

Gutxienez kasua aztertzeko asmoa duela esateko aukera eduki du, baina ez du hala egin. Itxuraz, bere burua aurkezteko beste modu bat du, beste curriculum bat, nolabait esatearren, eta gutxienez atsedenaldi bat eman zezakeen, jarrera itxi hori hartu beharrean. Epaiketa egingo dela dirudi.

Epaileak matxinada egozten dio Joaquim Forn zure senarrari. Delitu horrek 25 bat urteko kartzela zigorra eragin dezake. Zer moduz dago?

Pertsona oso eskuzabala da, eta ez dizkio helarazi bere beldurrak familiari. Umoreari eusten dio, bare dago, eta maitasuna eta lasaitasuna transmititzen dizkigu. Tira, badira uneak...

Kataluniako Parlamentuko diputatu karguari uko egin zion urtarrilean. Zergatik?

Zerrendetan joateko zalantzak eduki zituen. Asko sufritzen zuen, ezinezkoa delako kartzelatik politikan parte hartzea; parte hartze sinbolikoa da batez ere. Nik itota ikusten nuen. Hitz egin genuen, eta esan nion berak politika nola ulertzen zuen kontuan hartuta ezinezkoa zela kartzelatik egin ahal izatea. Esan nion pentsa zezala ea beste sufrikario bat gehitu nahi zion bizitzen ari zenari. Esan zidan arrazoi nuela, eta arindu handia hartu zuen. Baina nabaritzen zaio baduela gogoa...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.