Brasil. Presidentetzarako hauteskundeak. Paulo Pimenta. PTren hautagaia Diputatuen Ganberan

«Zibilizazioaren eta gizalegerik ezaren artean aukeratu beharko da»

Pimentak uste du hauteskundeak Haddaden eta Bolsonaro eskuin muturreko hautagaiaren arteko «plebiszitu bat» izango direla. Onartu du Lula hautagai izanez gero PTk «errazagoa» izanen zukeela irabaztea.
RICARDO STUCKERT

Cecilia Valdez -

2018ko urriak 5
Azken bi hauteskundeetan PT Langileen Alderdian boto gehien jaso duen diputatua izan da Paulo Pimenta (Santa Maria, Brasil, 1965). Bosgarren aldiz jarraian aurkeztu da Diputatuen Ganberara. Kazetaria eta nekazaritzako teknikaria da formakuntzaz, eta diktadura garaian hasi zuen militantzia politikoan, ikasle mugimenduan. Baikor mintzo da Fernando Haddad PTren presidentetzarako hautagaiaren aukerez: «Kanpainan denbora gutxi egin badu ere, seguru gaude balotajean [bigarren itzulian] izango dela, eta presidente hautatuko dutela datorren urriaren 28an».

Zer kanpaina estrategia darabil Haddadek bere burua ezagutarazteko oraindik ere ezezaguna den tokietan?

Lulak lehenengo itzulian irabaziko zukeen bozketa, baldin eta mundu guztiaren begietara —baita NBErenetan ere— jasaten duen jazarpen judizialik jasango ez balu. Beren burua Brasilen jabetzat daukaten talde politiko eta ekonomikoek ez dute errespetatzen demokrazia, ez dute onartzen herri botoaren subiranotasuna, eta edozertarako prest daude PTk Brasil goberna ez dezan berriro. Lularekin errazagoa izango litzateke garaipena, baina PT proiektu kolektibo bat da, Brasilgo gizartean oinarri oso sendoak dituena.

Haddaden inguruko kontsentsua ez da kolokan egon, beraz?

Haddadek ordezkatzen du gure proiektua, eta Lulak modu oso jakintsuan eta zehatzean esan zuen ez dela pertsona bat, ideia bat baizik, dozenaka milioi brasildarren buruan eta espirituan ondo gordea dagoena. PTren militantziak, PCdoBenarekin [alderdi komunistarekin] eta gure aliantza osatzen duten gainerako alderdienarekin batean, laster batean eta prestasun handiz arduratu ziren Fernando Haddad kalean zein sare sozialetan ezagutarazteaz. Horrez gainera, balotajean are eta denbora gehiago izango dugu gure proposamenak aurkezteko, eta Michel Temerrek, PSDBk, Bolsonarok eta beste eragile politiko batzuek gure herrialdean eragin duten kaos ekonomiko eta soziala gainditzeko.

Zer-nolakoa da Brasilgo hedabideen jarrera hauteskundeotan?

Brasilek arazo estruktural larri bat dauka: komunikazioaren monopolioa, Red Globo sarean laburbildurik baitago; enpresa hori 1964-1985 arteko diktadura militarrari esker hazi zen, eta, gaur egun, berak bakarrik publizitate funtsen %50 baino gehiago ditu Brasilgo komunikabideetan; batik bat, telebistan. Brasil munduko ekonomian gizarteratzeko proiektu urgazle baten fidatzailea da Red Globo. Eta ikuspegi ideologiko berbera errepikatzen da irismen nazionaleko komunikabideen %90etan. Beraz, Globo sarearen eta gainerako komunikabideen xedea da eragoztea PT proiektua —nazionalista, subiranoa, desarrollista eta eskubide sozialen sustatzailea— garaile irten dadin presidentetzarako hauteskundeetan. Hala lortu zuten 2002ra arte, baina Lula eta Dilma gobernari izan genituen hamabi urteetan zera erakutsi zioten herriari: langileek berek goberna dezaketela hain aberatsa den herrialde hau, etorkizun are oparoagoa izan dezan, berdintasun eta justizia handiagokoa. Komunikabide horiek eraitsi beharreko itutzat daukate Haddad, eta ildo horren araberakoak dira hedabide handiek jorratzen dituzten kazetaritza alor guztiak.

Haddad presidentetzarako kanpainan sartu ahala, zentro ezkerra botoa galduz joan da; posible al da inolako aliantzarik sektore horiekin?

Gure helburu berbera duten sektore guztiekin hitz egin nahi dugu: 2016ko kolpea itzultzea; izan ere, haren bidez, gobernuari proiektu ultraneoliberal bat igorri zion, Brasilen gobernu progresisten zikloa ixtearren. Bigarren itzulian, Michel Temer gobernuburuaren neurri guztiak baliogabetzeko borrokari heldu nahi dioten sektore guztiekin hitz egingo dugu, hala nola lan erreforma; Konstituzioaren zuzenketa, zeinak hogei urterako izozten baititu osasun arloko, hezkuntzako eta beste alor sozial batzuetako aurrekontuak; Petrobrasen pre-salt petrolioa eta estatuko beste konpainia batzuena saltzea, zeinak estrategikoak baitira munduko edozein herrialderentzat, baina atzerriko kapitalari eman izan baitzaizkio ia erabat; besteak, beste, horixe izan zen 2014ko hauteskundeetan bertan behera utzi zuten programa baten neurrietako bat.

Nolako eragina izan du Bolsonaroren kontrako atentatuak?

Brasilen badugu herri esaera bat hori azaltzeko: erein haizea, eta bildu ekaitza. Herritarrek ezin hobeto ulertu zuten Bolsonaro indarkeria faxistaren biktima izan zela, zeina hedatzen aritua baita ia 30 urtetik hona, politika jardunean hasi zenetik. Inkestek erakutsi dutenez, atentatuaren ostean handitu egin da harekiko errefusa. Historian lehenengo aldia izango da indarkeria biktima batek babes baino errefus handiagoa bereganatzen duela atentatu baten ostean. Gertakari horren arrazoiak ez daude batere argi oraindik. Inork ez daki zer dagoen horren guztiaren atzean.

Jeneral erretiratuak dira Bolsonaroren kanpainako aholkulari nagusiak, eragin handia dutenak oraindik ere jardunean dihardutenengan. Hau da testuingurua: indar armatuetako kide batzuek adierazi dute PTko hautagaiak irabaziz gero ez dela legitimoa izango, edo iruzur bat izango dela. Nola interpretatzen dituzue halako adierazpenak?

Demokrazia desegiteko prest dagoen pentsamendu erradikalizatu baten bozeramaileak dira, baina gutxiengoa dira indar armatuetan, banaka batzuk baino ez. Eta adierazpen politikoak erabat debekatuak badaude ere indar armatuetan, historiaren ironiaz, orain, adierazpen askatasuna baliatzen ari dira, baina eskubide hori hasieratik zapaldu zuten 1964ko kolpea eman orduko.

Nola doa Lula presidente ohiaren kausa? PTko hautagaia garaile izanez gero, aurreikusten al da inolako indulturik?

Lula presidenteak dozena bat bider esana du ez duela bere duintasuna aldatzen askatasun truke. Ez du nahi barkamen berezirik. Epaiketa justu bat izateko bere eskubidea baliatu nahi du, hartara egiaztatuta geratuko baita errugabe dela, eta behin betiko nabarmen agertuko baitira Lava Jato operazioaren buru izan ziren epaileak eta fiskalak ere.

Nolakoa izango da bigarren itzulirako jokalekua?

Itxura guztien arabera, eskuin muturreko Jair Bolsonaro hautagaiari aurpegi eman beharko diogu. Baina gogotik lan egin beharko dugu, eta herritarren botoaren zain geratu. Hori berretsiz gero, plebiszitu bat izango dugu, eta zibilizazioaren eta gizalegerik ezaren artean aukeratu beharko da. Demokraziaren eta faxismoaren artean. Emakumeekiko errespetuaren eta misoginia eta muturreko matxismoaren artean. Horregatik guztiagatik, seguru gaude Fernando Haddad eta Manuela D'Avila Planalto jauregian sartuko direla 2019ko lehenbiziko egunean.

Ezegonkortasunaren ondorioen argazkia

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna