Klima aldaketa. Adituen txostena. Sonia I. Seneviratne. IPCCko ikertzailea

«Txostenak argi utzi du: geldi egoteak eragina izango du»

Seneviratneren ustez, IPCCren txostenak berriro agerian jarri du klima aldaketari aurre egiteko premia. Tenperatura 2 gradu igota, lehorteak eta «muturreko» euri jasak nabarmen areagotuko lirateke Euskal Herrian.

Jon Rejado.
2018ko urriaren 9a
00:00
Entzun
IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeko kidea da Sonia I. Seneviratne (Laussane, Suitza, 1974). Geofisikaria da, eta ETH Zuricheko Atmosfera eta Klima Zientzietako Institutuan ari da irakasle, Lurreko Klimako Dinamiken Katedran. Zuzenean hartu du parte txostenaren hirugarren atalean: aztertu du 1,5 graduko igoerak zer eragin izan dezakeen natura eta giza sistemetan.

Zergatik da premiazkoa batez besteko tenperaturaren igoera 1,5 gradura mugatzea?

Txostenak erakusten du alde adierazgarria dagoela 1,5 gradu igo beharrean tenperatura 2 gradu igotzen bada. Besteak beste, tenperaturaren igoera batetik bestera alde ikaragarria dago aurreikus daitezkeen muturreko gertaera termikoetan: bero bolada handiak, muturreko euri jasak, baita lehorte arrisku handiagoa ere. Hori garrantzitsua da Euskal Herriarentzat. Oro har, Mediterraneo inguruko eskualdeetan lehorteak izateko arrisku handiagoa egongo da.

Zenbat falta da 1,5 graduko igoerara heltzeko?

Erreferentziazko datatik, industria aurreko garaitik, gradu bat igo da tenperatura jadanik. Beraz, gradu erdi bat baino ez da falta muga horretara heltzeko.

Berandu ote da?

Ez da berandu. Hori da txostenaren mezu nagusietako bat. Fisikaren ikuspegitik posible da 1,5 graduko igoerara ez heltzea. Hori lortzeko, aztertu behar da zer aldaketa behar diren: ekonomian eta gizartean. Hori aztertzean ikusi da zaila dela, eta aldaketak azkar egin behar direla. Adibidez, energia berriztagarrietarako trantsizio azkar egin behar da, erregai fosilak ordezkatuta. Hori oso azkar egin beharko litzateke. Oro har, txostenak erakusten du posible dela helburua erdiestea.

Txostenean aipatu duzue neurri batzuk hartu direla, baina areagotu egin behar direla. Zer egin daiteke klima aldaketa saihesteko politikak bizkortzeko?

Gobernuak Polonian bilduko dira bi hilabete barru, abenduan, Klima Aldaketari buruzko Mundu Konferentziaren 24. bileran. Gobernu horiek aztertu beharko dituzte egin dugun txostenaren emaitzak. Parisko 2017ko bileran hartutako erabakien jarraipena ikusi beharko dute. Orain arte egindakoa ez da nahikoa izan: 3 graduko igoerara garamatzate, gutxi gorabehera. Horrek esan nahi du gobernuek irmo eutsi behar diotela Parisen sinatutakoari.

Nola?

Lehenik eta behin, asmo sendoagoa izan behar dute berotegi gasen isuriak murrizteko. Halaber, uste dut pertsona bakoitzak eragin dezakeela. Batetik, erakutsiz arduratzen dela gobernuek hartzen dituzten erabakiekin; bestetik, egunerokoan hartutako erabakiekin. CO2 isuriak urritzeko modu asko daude. Adibidez, haragi gutxiago jatea; horrek ez du esan nahi begetarianoa izan behar duzunik, baina neurri ona da. Erregai fosilak erabiltzen dituzten garraiobideen erabilera murriztea da beste neurri bat, adibidez. Dena den, prozesu konplexua da.

Energia trantsizioa egitean, zer garrantzi izan beharko luke gasak?

Gasa ere erregai fosila da, eta, beraz, hori ere arazoa da. Egia da, ordea, ez dela petrolioa bezain kutsagarria. Lagungarria izan daiteke uneren batean, baina CO2a isurtzen jarraitzen du. Epe luzera, konponbide berri asko daude. Euskal Herrian egon daitezke hainbat aukera: eguzki energia, haize energia...

Zentzuk dira zailtasun nagusiak gai hori mundu mailako agenda politikoan ez egoteko?

Arazoa da funtsezko trantsizioa behar dela helburuak erdiesteko: ohitura asko aldatzea. Posible da bide berriak urratzea, baina horrek oinarrizko aldaketak behar ditu gizartearen eta ekonomiaren funtzionamenduan. Agian, norbaitek pentsa zezakeen ez zegoela horretarako premia handirik, baina IPCCren txostenarekin hori argi dago: geldi egoteak eragina izango du. Hori lagungarria izan daiteke erabaki azkarragoak hartzeko orduan.

Gizarteek beren ekonomia eredua aztertu beharko lukete?

Interesgarria da hausnartzea nola funtzionatzen duten gauzek. Ez naiz ekonomialaria, eta, beraz, ezin dut esan zein izan daitekeen bide onena hori egiteko. Dena den, neurri batzuk jarri izan dira mahaian. Besteak beste, zergak balia daitezke energia berriztagarriak sustatzeko, herritarrei trantsizioan laguntzeko. Ez da erraza eredu batetik bestera pasatzea, eta gobernuek aukera dute herritarrak adoretzeko, aldaketa egin dezaten. Norvegian ibilgailu elektriko asko daude, gobernuak laguntzak eman zituelako.

Txostenean jasotako helburua lortzeko, derrigorrezkoa da gobernu guztien parte hartzea. Norbait kanpoan gera daiteke?

Garrantzitsua da herrialde guztiek pausoak batera ematea. Badaude herrialde batzuk ez daudela dinamika horretan. Amerikako Estatu Batuak dira adibide, besteak beste. Donald Trump AEBetako presidenteak aipatu izan du akordio batzuei uko egingo diela. Dena den, Trumpen gobernuaren azpitik badago zer egin. Estatu edo hiri mailan ere eragin daiteke.

Adibiderik ba al dago?

Kalifornian, adibidez, bertako gobernuak zenbait erabaki hartu ditu. 2050erako argindar ekoizpena CO2 neutroa izatea onartu du, adibidez; hots, argindar sistemak egindako gas isuriak beste sistema batzuen bitartez berreskuratzea. Neurri hori, adibidez, bat dator IPCCren txostenak proposatzen duenarekin. AEBetako Gobernuan ez da ekintza handirik egongo, baina estatu askotan neurriak hartzen ari dira.

Txostenean jaso duzue tenperaturaren igoera 1,5era mugatzea gizarte parekide eta iraunkorrago baten eskutik joan daitekeela. Nola?

Aztertu dudan eremutik at dago hausnarketa hori. Dena den, gauza bat argi dago: berotze globalaren eraginak ekitate arazo bat ekar dezake. Kalte gehien jasan dezaketen herritarrak dira, hain justu, horri aurre egiteko baliabide gutxien dituzten herrialdeetakoak. Adibidez, Bangladeshek zailtasun handiagoak izango ditu uholdeei aurre egiteko Herbehereek baino, azken horiek baliabide gehiago dituzte eta. Beraz, klima aldaketari aurre eginez gero, kalte hori ere murriztu egingo da.

Isuria odoluste bihur ez dadin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.