Jean-Charles Hourcade. IPCCko ikertzailea

«Berme funts bat behar du Europak karbono gabeko trantsiziorako»

Jean-Charles Hourcadek nabarmendu du aldaketak «oso bizkor» egin behar direla berotze globala 1,5 gradutik igaro ez dadin, eta horrek zailtasunak handitu egiten dituela. Teorian, baina, posible dela dio.
SARA ACOSTA

Iñaki Petxarroman -

2018ko urriak 13
Ekonomista, klima gaietan aditua, CNRS Frantziako Ikerketa Zientifikoen Zentro Nazionaleko zuzendaria da Jean-Charles Hourcade (Tarbes, Okzitania, 1949). Nazio Batuen Erakundeko (NBE) klima gaietarako adituen talde IPCCk eman berri duen txostenaren egileetako bat da.

IPCCren txostenak azpimarratu du zeinen garrantzitsua den munduaren berotze globala ez izatea 1,5 gradu baino handiagoa. Benetan garaiz al da oraindik horretarako?

Txostenak ez dio erantzuten galdera horri. Hainbat jokaleku azaltzen ditu energia, garraio eta beste alorretako karbono isurietan oinarrituta eta, sortzen den kasuetan, hura jaso eta biltzeko metodoak kontuan hartuta. Horrez gain, fiskalitatean, inbertsioetan, nazioarteko kooperazioan eta baliabideen mobilizazioan zer baldintza ekonomiko-sozial bete behar diren zehazten du 1,5 graduren berotze globala ez gainditzeko. Eta aipatzen dugu oraingoz urruti gaudela baldintza horietatik.

IPCCk gradu eta erdiko helburua nabarmendu du, baina itxura du gobernuek eta agintariek galdutzat dutela borroka hori.

Bi graduen aukera ere mahai gainean dago, baina hemen auzia da ikustea zein den diferentzia 1,5 graduko berotze baten eta bi graduko berotze baten artean. Eta txostenak nabarmen utzi du aldeak oso handiak direla. Bistakoa da ez dela erraza gradu eta erdiko berotzea bermatuko duten baldintzak betetzea, eta, gainera, badirela munduan elkarlan eremu orokor horretatik at geratu nahi dutenak —Trump, Italia...—. Baina aintzat hartu behar da zer kostu duten Parisko itunetik kanpoko jokaleku batek ekarriko dituen ondorioei aurre egiteko jarri behar diren baliabideek. Alde horretatik, berotzea bi gradutik igaroz gero, kostua laukoiztu egingo da. Hori ere arrazoi on bat da aldez aurretik ekiteko.

Oso denbora gutxi dago aipatu dituzuen errotiko aldaketak egiteko: hamarkada bat edo bi, gehienez. Uste duzu posible dela hain azkar aritzea?

Berez, borondatea egonez gero, neurriak jar daitezke hainbat alorretan hori posible egiteko. Arazoa da oso azkar egin behar dela, eta, gainera, modu koordinatu batean munduko herrialde guztietan. Eta hori egitea, teorian, posible da, baina, praktikan, ikusita zenbat energia sozial erabili behar den horretarako, aitortu behar da nahiko zaila izango dela.

Badira planetako hainbat tokitan hartzen ari diren neurri positiboak ere, IPCCko arduradun batzuek nabarmendu duzuenez. Zehatz dezakezu zeintzuk diren?

Gauza positiboak egiten ari dira toki askotan. Frantzian, adibidez, autoen isuriei muga jarri zaie, abiadura mugak ezarri dira, auto elektrikoa ari da bere bidea egiten... Txinan neurri asko hartzen ari dira bertako kutsadurari aurre egiteko. Alemanian ere gauza asko egin dituzte. Baina ez da nahikoa. Neurri globalagoak eta koordinatuak behar dira, eta mundu osoan jarri behar dira martxan, baita bi graduko berotze globala bideragarri egiteko ere. Horrek esan nahi du karbono gutxiko sistemetako inbertsioa bideratu egin behar dela; hots, munduko aurrezkien %2,5 garraioan, energian, etxebizitza antolaketan inbertitu. Milioi asko dira horiek, eta horrek esan nahi du berrantolatu beharra daukagula, teknologia berriak aprobetxatuz.

Herrialderik pobreenak dira ahulenak klima aldaketaren aurrean, baina erreformarik handienak herrialderik aberatsenek egin behar dituzte. Kontzienteak al dira herri aberatsetan klima aldaketa euren arazoa ere badela?

Herrialde aberatsetako herritarrak ez dira kontzienteak, eta hor arazo handi bat daukagu. Eta kontua ez da bakarrik eurei zuzenean eragingo ote dien, zeren ikerketa asko daude erakusten dutenak arrisku handiak daudela munduko toki guztietan. Kontua da, izan ere, auziari behar den moduan erantzuten laguntzen badute horrek ekarriko dituela onurak eurentzat ere: enpleguaren kalitatean, nekazaritzaren eboluzioan, hirien garapenean eta abar. Eta ezin da eskatu zailtasunean ezartzen dugun jendea okupa dadila guk sortzen ditugun arazoez, hori guztiz hipokrita baita. Beraz, klimaren auzia ez da besteen auzi bat, baizik eta denona, eta posible da elkartasunez jokatzea.

Aldaketarik gogorrenak industrian, energian eta garraioan egin behar dira. Horiek dira sektorerik kutsatzaileenak eta zailenak, gainera, karbonorik gabeko teknologietara aldatzeko. Imajina dezakezu mundu bat, edo Europa bat, aldaketa horiek eginda?

Europak egin beharko lukeena da denontzako finantza sistema bat sortu, sektore horietan egin behar diren transformazioak ahalbidetzeko. Horretarako, berme funts bat osatu beharko litzateke, karbonoa ordezkatzeko trantsiziorako behar diren inbertsioak egiteko, enpresetan diru galerak eragin gabe. Hau da, estatuak berak hartuko luke konpromisoa bermatzeko enpresek ez dutela dirurik galduko bide horretan. Inportantea da hori, zeren hori ez da zor publiko bat sortzea, baizik eta erakundeen arteko itun orokor bati jarraitzea. Arazoa da Europan tentsio politiko handiak daudela orain Italiaren, Frantziaren, Alemaniaren, Poloniaren eta ekialdeko herrialdeen artean, eta ez dela erraza halako erabaki komunak hartzea, baina hartu beharko lirateke.

Autogintzaren sektorean, esate baterako, herrialdeak ez dira ados jartzen isurketak murrizteko bideari buruz. Ez da oso itxaropentsua.

Ika-mika horiek ez dute ezertan laguntzen. Espero dut klimaren aldeko kausa faktore mobilizatzaile komun bilakatuko dela berandu baino lehen, eta horrek bidea emango duela espainiarrek, frantsesek eta gainerakoek bat egiteko beste gizarte eredu bat martxan jartzen. Sentimendu nazionalen gainetik egon behar du kausa berri horrek, energia, garraio eta etxebizitza eredu berri bat abian jartzeko oinarria jarriko duena, eta berotze globalari aurre egiteko aukera emango duena. Ideia hori ere ageri da behin eta berriro IPCCren txostenean.

Txostenean CO2 eta berotze efektuko gasak harrapatu eta gordetzeko sistemen aukera ere aipatzen duzue. Uste duzu eraginkorrak direla halako sistemak maila globalean?

Beharbada, posible izango da isurien zati bat harrapatu eta biltzea, baina hori ez da nahikoa izango arazoari modu integral eta eraginkor batean aurre egiteko. Txostenak, hala ere, ez du esaten ez dela posible CO2a harrapatu eta gordetzea, baizik eta hori ez dela nahikoa izango. Baldintza orokorragoak bermatu behar dira berotzea ez dadin izan 1,5 edo gehienez 2 gradu baino gehiagokoa.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna