Ekhiñe Petriati. Neska* Gazteon Baterajotzeko antolatzailea

«Asko gara, batera goaz aurrera, eta ez gaituzue menderatuko»

Euskal Herriko Neska* Gazteon Baterajotzea eginen dute urriaren 9an eta 10ean, Elizondon. Neska izanda gazte izateak dakartzan zapalkuntza erantsiak izanen dituzte hizpide. Koordinazio lanetan aritu da Petriati.

IÑIGO URIZ / FOKU.
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2021eko irailaren 29a
00:00
Entzun
Feminismoaren burrunba eta dardara hedatzea dute helburu heldu den asterako Elizondon (Nafarroa) antolaturiko topaketek: Euskal Herriko Neska* Gazteon Baterajotzea eginen dute urriaren 9an eta 10ean, Mugimenduan gaude, lurrikara gara lelopean. Koordinazioan eta komunikazioan ari da Ekhiñe Petriati (Iruñea, 1997), atzerako kontuan.

Hamar egun falta dira Baterajotzerako. Zer moduzkoa izaten ari da aurreko prestaketa?

Zaila da. Pandemiaren eraginez, harremanak bide telematikoetara mugatu dira askotan. Horrek gaizki-ulertuak izateko arriskua dakar, eta zailtasunak sortzen ditu. Halere, oso polita da. Azpiegiturari dagokionez, neska gazte asko bildu gara dagoeneko, eta ohartu gara jende mordoa ari garela aldi berean eta gauza bererako, Baterajotzerako.

Aurkezpen erronda oparoa egin duzue azken asteotan, herriz herri. Saretzea da helburua?

Euskal Herriko neska gazteon eta neska gazteen taldeen saretze prozesua da gure ardatzetako bat. Etengabe ari gara eginkizun horren bueltan lanean. Ez gara orain hasi, bizpahiru urte daramatzagu horretan lanean, eta esango nuke dagoeneko ari garela lortzen. Saretzeak ez gaitu batu bakarrik egiten; indartu ere egiten gaitu. Beste errealitate batzuk ezagutzeko aukera ematen digu, koherentzia bat ematen dio mugimenduari, eta bakarrik gauden sentimendua baztertzen laguntzen du, batez ere.

Bakardade sentimendua ohikoa da borroka feministan?

Tira, argi dago sistemak gero eta bakartuago nahi gaituela, horrela errazagoa baita kontrolaturik edukitzea. Hori da sistemaren erreminta nagusia, garrantzitsuena behintzat, eta horri aurre egiteko ezinbestekoa da saretzea. Mezua oso argi dugu:asko gara, batera goaz aurrera, eta ez gaituzue menderatuko.

Zehazki, zer helburu nahi duzue erdietsi Baterajotzearen bidez?

Lehenik eta behin, indarberriturik atera nahi dugu. Urte zaila izan da, pandemiak guztia apurtu baitu. Azken batean, sistema oso batek egin du eztanda, sostengaezina zelako. Ordea, ez da apurketa huts bat izan; krisialdi honek aukeraz beteriko bidea utzi digu parez pare. Adibidez, konfinamendu hasieran Euskal Herriko txoko askotan sortutako zaintza sareek erakutsi zuten beste eredu baten alde borrokatzeko garaia dela. Bizi dugun krisi anizkoitz honen inguruan, neska gazteok kolektiboki hausnartu eta datorrenari erantzuteko norabide bat zehaztu behar dugu.

Zergatik da beharrezkoa neska gazteak subjektu politiko gisa ulertzea?

Alde batetik, neska eta gazte izatearen gurutzaketak hainbat zapalkuntza areagotzen dituelako, eta, bestetik, borrokarako kokaleku espezifiko bat ematen digulako. Gaztetasunak, emakumetasunak egiten duen bezala, arrazoia eta jakintza kentzen dizkigu askoren begietara, eta horrek, askotan, zuzenean eragiten du parte hartze politikoan. Ezegonkortasunean murgilduta bizi gara, eta horrek zaurgarri egiten gaitu, dudarik gabe.

Hain zuzen ere, intersekzionalitatearen gaineko hitzaldi bat duzue egitarauan jasoa; gazte eta emakume izateaz haragoko gurutzaketei buruzkoa da, gainera.

Bai, feminismo intersekzionalaren inguruko hitzaldi bat izango dugu, Euskal Herriko Bilgune Feministaren eskutik. Trans borrokari buruzko hitzaldi bat ere egongo da, eta langile klasearen borroka feminismoaren eta klasearen ikuspegitik lantzeko beste bat ere bai. Kontziente izan behar dugu zapalkuntza batek baino gehiagok zeharkatzen gaituela. Adibidez, ni ez naiz emakumea bakarrik; ni emakumea naiz, eta, horretaz gainera, gaztea naiz, bollera naiz, eta, gainera, ez dut gorputz argalik. Badaude zeharkatzen nauten hainbat zapalkuntza, eta, horregatik, ez dut bakarrik batean zentratu behar.

Trans borroka aipatu duzu. Gai horri dagokionez, giroa gaiztotua dago azkenaldian? Diskurtso ugari ari dira aditzen; horietako batzuk feminismoaren izenean eginak dira, gainera.

Izan daiteke, bai. Gainera, irudipena dut Baterajotzearen programan transei buruzko hitzaldi bat dagoela ikustean inork pentsa dezakeela: «Hau berriz? Honen inguruanhausnartu dugu jada». Baina, ingurura begiratuta, garbi ikusten da zenbat falta den. Gogoeta sakona falta zaigu, eta ezinbestekoa iruditu zitzaigun egitarauan sartzea. Bestalde, badugu pena bat: nahi genuen arren, azkenean ezin izan dugu bollerei eta subjektu politiko bolleroei buruzko hitzaldirik lortu. Oraingoan ezinezkoa izan da, baina jorratuko dugu beste moduren batean, asko baitugu horri buruz esateko.

Pandemiak ilundu du dena hilabete askotan, eta izurriak bereganatu du jendearen arretaren parte handi bat. Feminismoaren aldarriek ozentasuna galdu dute?

Ez nuke esango. Hein batean, kontrako efektua ere gertatu da, nahiz eta, agian, azaleratu den horri ez zaion feminismo izena jarri. Bistan gelditu da zaintzari zer gutxi begiratu diogun urte hauetan guztietan, eta hain zuzen ere hori izan da feminismoaren aldarrikapenetako bat; behar adinako garrantzia ematea. Hala ere, jakina, pandemia dela-eta hartu diren neurriek asko zaildu dute parte hartze politikoa. Ezin elkartu ibili gara, ezin mobilizatu.

Aisialdiari ere eman diozue garrantzia topaketetan. Feminismoa behar adina ailegatu al da aisialdi guneetara?

Nik uste dut feminismoak espazio guztiak zeharkatu behar dituela. Ezinbestekoa da sortzen ditugunespazio guztietan edukitzea perspektiba hori. Jaiguneak ez dira emakumezkoentzako espazio seguruak; beraz, sor ditzagun horrelakoak, erosoak eta seguruak diren batzuk. Musika bai, festa ere bai. Alkohola, nahi baduzu, ere bai, baina sor dezagun dena kontzientzia baten inguruan.

Topaketen ondoren, zer?

Data zehatzei erantzutea tokatuko zaigu. Hain zuzen, Baterajotzean bertan zehaztuko da zeintzuk izanen diren mugimenduaren norabideak. Galdera asko ditugu, eta horiei erantzutea tokatzen zaigu orain.

Mugimenduan gaude, lurrikara gara duzue leloa topaketetarako. Noraino nahi duzue ailegatzea dardara horrek eragindako hedatze uhina?

Lelo horrekin azaleratu nahi genuena da gure asmoa ez dela ezer berria sortzea. Gu hemen geunden lehendik ere, bagenuen zer esana, eta orain ari gara esaten. Mugimenduan gaude etengabe, eta entzuteko ari gara mugitzen. Hedatze uhina nora ailegatuko den? Euskal Herriko txoko guztietara ailegatu nahi dugu, arlo guztiak feminismoz busti. Bileretara mugatu gabe, topaketetara mugatu gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.