Pilar Garrido. Unidas Podemoseko diputatua

«Anbizio handiko erreforma fiskal bat lortzeak ase gaitu»

Beti daude egindakoa hobetzeko moduak, baina Garrido gustura dago Espainiako aurrekontu negoziazioek emandako emaitzekin. Beste zenbait alorretan, ordea, PSOE mugiarazteko zailtasun gehiago dituzte.

MAIALEN ANDRES / FOKU.
Iosu Alberdi.
2022ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Unidas Podemos koalizioko diputatu izateaz gain, Ahal Dugu-ko idazkari nagusia ere bada Pilar Garrido (Badajoz, Espainia, 1966). Beraz, Espainiako aurrekontuetara begira soilik ez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoakoetara so ere egon behar izan da azken asteetan. Bien arteko aldeak argiak direla uste du, eta horren adibidetzat jo du bateko akordio sorta eta besteko itun falta.

Zailtasunak zailtasun, orain arteko aurrekontu proiektu guztiak aurrera atera ditu Espainiako Gobernuak.

Krisi gogor bat dagoen unean egonkortasuna ematea oso albiste ona da. Hiru aurrekontu jarraian ateratzeak agerian uzten du Unidas Podemosen akordio oso zabalak lortzeko gaitasuna ere badugula. Inbestidurako gehiengo aurrerakoi eta plurinazionala indartzeko ideia urtetik urtera baieztatu da. Oraingoan, hamabi alderdik babesten dituzte aurrekontuak. Gainera, Euskadiren ordezkaritza duten bost alderdietatik lauk bat egiten dute aurrekontu hauekin. Hainbeste zarata dagoen une batean akordio zabal bat lortzea albiste oso ona da.

Egungo testuinguruak eskatzen dituen aurrekontuak dira? Krisi energetikoa, inflazioa...

Orain arteko aurrekontuetan eskubide sozialetan hobekuntzak egin dira, zerbitzu publikoak indartu, langileen eta familien eskubideak babestu... Baina, aurrekontu hauetan elementu bat gehiago ere badago: gehien dutenek gehiago ordainduko dute. Ongizate estatua sostengatzeko baliabide ekonomikoak behar dira, eta ez da posible enpresa handiek krisi garaian izugarrizko irabaziak izatea eta gerrikoa ez estutzea. Aurrekontu hauetan anbizio handiko erreforma fiskal bat lortzeak ase gaitu. Hori izango da eskubideetan aurrera egitea sostengatuko duena. Hala, frogatu dugu atera daitekeela krisitik eskubideak murriztu eta austeritate politikak martxan jarri gabe.

Ahal Dugu-ko idazkari nagusi gisa, Eusko Legebiltzarreko negoziazioei ere erreparatuko zenien. Han ez duzue akordiorik lortu.

Testuinguru politikoa guztiz ezberdina da. Herritarren beharrei erantzuten ez dien aurrekontu bat aurkeztu dute. Behin eta berriz kontrakoa esan duten arren, ez dira aurrekontu hedakorrak inflazio garaiotan. Ez daude baliabide gehiago krisi egoeran, eta uste dugu daudenak ez doazela joan beharko luketen lekuetara. Ahalegina egin dugu, baina gobernuak ez du harmenik erakutsi. Hori da dagoena. Mahai gainean jarritakoa entzun nahi ez duen norbait.

Zeren falta sumatu diozue Jaurlaritzari?

Uste dugu baliabide ekonomiko gehiago behar direla euskal herritarren bizitzak hobetzeko. Osasuna, hezkuntza, trantsizio energetikoa... Gai horietan, herritarrek egindako eskaerak berretsi ditugu. Osasungintza publikoa egoera tamalgarrian uzten duten aurrekontuak ezin ditugu onartu; lehen arreta hiltzen uzten dutenak. Herritarrek soilik ez, langileek ere badiote hori. Medikuak, erizainak eta gainerako langileak baliabide gehiago eskatzen ari dira. Lana azpikontratatzea eta pribatizazioa ere hor daude; esaterako, egoitzetan. Hizpidera ekarri ditugunak zentzuak eskatzen dituen neurriak dira, baina, beste aldean entzuten ez badituzte, ez dago akordiorik.

Madrilera itzulita, trans legearen eta familien legearen inguruko akordiorik ez dago Espainiako Gobernuko alderdien artean. Osasuntsu al dago oraindik koalizioa?

Osasuntsu dago, baina egia da desadostasunak daudela. Unidas Podemosek indar egiten jarraituko du PSOEk gurekin eta herritarrekin hartutako konpromisoak bete ditzan. Hor daude trans legea eta familien legea, baina baita etxebizitza legea eta mozal legea ere. Gobernu akordioan jasota daude, eta nahitaez aurrera atera behar dira.

Etxebizitza legea eta mozal legea aipatuta, aspaldi daude horiek mahai gainean. Baina, legealdiaren amaiera iristear da, eta bozak datoz. Datorrenaren jakitun izanda, zerk zailtzen du horiek aurrera ateratzea?

Alderdi sozialistak blokeatuak ditu, eta ez ditu testu horietan txertatu nahi guretzat ezinbestekoak diren edukiak. Asko kostatzen da PSOE mugitzea, baina pixkanaka ari gara. Espero dut laster ikusiko ditugula bi lege horiek Espainiako Aldizkari Ofizialean publikatuta.

Eta nola hartu duzue soilik baietz da baietz legearen harira sortu den eztabaida?

Egia esan, ikaragarria da zuzenean ikustea eskuin muturraren jazarpen eta krispazio maila Kongresuan. Voxen, eta baita PPren, helburua da ernegatzea, tonua igotzea, errespetu faltak egitea... Balio demokratikoak eta errespetua eurek egiten dutenetik urrun dauden gauzak dira.

Espainiako Barne ministro ohi Jose Barrionuevoren adierazpenen ostean, Ricardo Garcia Danborenea Bizkaiko gobernadore zibil ohiak Kongresutik jasotzen duen pentsioa eteteko eskatu zenuten.

Uste dut oraindik gauza asko geratzen direla egiteko. Gainerako alderdietatik ezberdintzen gaituena da ez dugula motxilarik. Beraz, loturarik eta beldurrik gabe defenda dezakegu biktima guztien duintasuna. Justifikaezina da GALen izandako parte hartzeagatik zigortutako gizon batek Kongresutik 2.000 eurotik gorako pentsio bat jasotzea.

Kongresuko Mahaiak erantzungo duela uste duzue?

Espero dugu denbora hartzea hausnartzeko ea XXI. mendean, biktimen aitortzan, memoria demokratikoan, eta egia, justizia eta erreparazioa lortzeko bidean urratsak egiten ari garenean, egokia ote den Danboreneak diru hori jasotzea.

Yolanda Diaz da Espainiako hauteskundeetan PSOEtik ezkerrera dagoen espazioa gidatzeko hautagai nagusia, baina koalizio bat sortzeko akordioak ez dirudi erraza. Zer behar dahori gauzatzeko?

Espero dugu Yolanda Diazen lidergoarekin eta Podemosen babesarekin jotzea Espainiako bozetara. Baina, orain, gertuen ditugunei begira ari gara. Oso hauteskunde garrantzitsuak ditugu; udal eta foru hauteskundeak. Ahal Dugu-tik lanean ari gara bateratze zabal bat lortzeko. Horrek kokatuko gaitu beste hauteskunde batzuei heltzeko moduan.

Duela lau urteko koalizioa baino zabalagoa izango da maiatzean aurkeztuko duzuena?

Saiatuko gara. Hitz egiteko eta entzuteko prozesuan gaude, ahalik eta zabalena izan dadin. Hori da helburua. Espero dezagun koalizioa ahalik eta indartsuena, zabalena eta inklusiboena izatea. Uste dut bide onetik goazela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.