Roldan Jimeno. NUPeko zuzenbide irakaslea

«PSOEk ez zuen interes handirik frankismoa epaitzeko»

Jimenok betidanik ikertu nahi izan du memoria historikoa arlo juridikotik, eta duela hiru urte Irlandan egindako egonaldia baliatu zuen horretarako. Amnistiaren Legea eta aurrekari zein ondorioak aztertu ditu liburu berrian.
IÑIGO URIZ / FOKU

Joxerra Senar -

2018ko azaroak 29
«Beti neukan gai hau buruan». Roldan Jimeno historialari eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko zuzenbide historiako irakasleak (Iruñea, 1973) aspalditik aztertu nahi zuen memoria historikoa arlo juridikotik, erronka nagusia juridikoa baita, «eta oinarrian 1977ko Amnistiaren Legea dago». 2015-2016ko ikasturtean urtebeteko baimena eskatuta, aukera baliatu zuen Irlandako Giza Eskubideen Zentroan ikerketa garatzeko. Routledge argitaletxean argitaratu zuen emaitza. Orain, Pamielak atera du liburua: El pacto de silencio español (Isiltasunaren itun espainiarra).

Isiltasunaren ituna aipatzen du izenburuak. Itun hori noren artekoa izan zen?

Historiografian oso-oso errotuta dagoen irudi bat da. Ez da kritika bat, trantsizioan bertan sortzen den termino bat baita. Gorte konstituziogileko kideek jarri zuten termino hori. Azken batean, nazioartean honi buruz hitz egiten denean, hauxe da ezaugarri nabarmenena: isiltasuna. Ituna Kongresuko zein Senatuko kideen artekoa da.

Iragana duzu hizpide, baina ondorioak gaurdaino iristen dira?

Bai, zalantzarik gabe. Gai honen inguruan asko idatzi da, eta gaurkotasun handiko gaia da: Argentinako auzia irekita dago, zer egingo duen Pedro Sanchezen gobernuak... Ikuspegi juridiko batetik, ordea, ez dago hainbeste informazio, edo dagoena espezialista bakoitzak bere jakintzaren arlotik egin duen hausnarketa da.

Ikuspegi osoa falta zen?

Bai. Liburuan amnistiaren eta barkamenen bilakaera ikus daiteke. Badirudi 1977ko Amnistiaren Legean dagoela guztia, baina lege horrek baditu aurrekari garrantzitsu batzuk, eta horiek, askotan, ez dira kontuan hartzen.

Aurrekari horiek diktaduran bertan izan ziren. Zeri erantzun zioten keinuok?

Bigarren Mundu Gerraren ondoren, hasieran oso krisi larrian egon zen frankismoa, mendebalde guztiak ukatzen baitzuen haren zilegitasuna. Hala ere, Gerra Hotzaren ondorioz, Ameriketako Estatu Batuei interesatu zitzaien frankismoarekin harremanak izatea eta base militarrak jartzea. Hainbat preso kartzelatik ateratzeko presio egin zuten, eta 50eko hamarkada erdialdetik horrelako barkamenak izan ziren. Gerora, frankismoari arerio berriak sortu zitzaizkion: ikasleak, langileak, ETA... Ez ziren 36ko gerrako presoak, baizik eta diktadurari aurre egiten ziotenak. Horrela sortu zen, frankismo amaieran, amnistiaren aldarrikapena.

Erresuma Batuko laboristek frankismoa ikertzeko saiakera egin zuten 1974an. Zergatik huts egin zuen?

Alderdi sozialistaren estrategiarengatik. Oso harro nago, liburu honen ekarpenen artean garrantzitsuena baita. Laboristek beti izan zuten oso jarrera kritikoa frankismoarekin, eta nazioartean kausa antifrankista gidatu zuten. Komunistekin lehia zuten, eta euren esparrua defenditzen zuten. Amnistiaren aldarrikapenean zutabe garrantzitsu bat izan zen lan arloko amnistia, eta epaiketa garrantzitsuak egin ziren CCOOko buru batzuen kontra. Testuinguru horretan, laboristek proposatu zuten frankismoari epaiketa bat egitea. Izugarria izan zen. Haien bitartekariak UGT, USO eta CCOO ziren; legez kanpo zeuden, noski. Zergatik geratu zen bertan behera? Espainiako UGTri eta PSOEri ez zitzaielako estrategikoki interesatzen. Batetik, CCOOkoak zeudelako auzipetuta. Bestetik, 1975ean, sozialistek hasi zituzten negoziazioak frankistekin, CIArekin... Franco hil ondoren zer-nolako Espainia eratu negoziatu zuten. Horregatik, PSOEk ez zuen interes handirik frankismoa epaitzeko. Besteak beste, hauteskunde sistema eztabaidatu zuten, eta ikusi zen Espainia, halabeharrez, bipartidismora joango zela.

Sistemak behar zuen ezkerreko alderdi bat, eta, Gerra Hotzaren testuinguruan, AEBek edo frankistek ezin zuten PCE ontzat jo.

Horrela gelditu zen. Oso deigarria da hori ikertzeko iturririk garrantzitsuena, CCOOren dokumentu batzuk kenduta, Wikileakseko kableak direla. Londrestik Ameriketara bidaltzen ziren txostenak.

Nolatan pasatu zen amnistia, antifrankismoaren aldarri nagusietako zena, frankismoak bere alde erabiltzera?

Nahiko gauza bitxia da. Noiz hasten da zigorgabetasuna azalarazten? Isiltasunaren ituna indarrean izan zen 80ko eta 90eko hamarkadan. Inork ez zuen gai horri buruz hitz egiten. Erabat oharkabean pasatzen zen. 2000tik aurrera, ituna apurtzen hasi zen, gaia judizializatzen hastean: epaiek adierazten zuten frankismoko delituek preskribatu zutela.

1977an Amnistiaren Legea egin zenean, diputatuak jabetzen ziren horretaz?

Oso azkar egin zen dena. Lege hori Konstituzioa egin aurrekoa da. Gorteetan, oposizioko kideak ez ziren edonor, oso prestatuta zeuden, baina, era berean, presa handia zuten. Lege hori aurrera ateratzeko eta azken presoa kaleratzeko presio handia zegoen kalean.

Zein eragin izan du?

Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren osaera dela, edo Altsasuko auzia dela... Justiziarekin dugun arazoa ikusi besterik ez dago. Portugalen, diktadurako epaileak kargutik kendu zituzten; hemen, ez.

Hemen diktadurako poliziek eta epaileek karguan jarraitu zuten.

Guk dugun justizia frankista da hein handi batean. Gainera, karrera judizialaren sarbidea kontrolatu dute. Haiek izan dira formatzaileak, eta azkenean bide izan dute nor sartu eta nor ez.

36ko errepresaliatuak bi aldiz biktima izan ziren lege harekin?

Bai, zalantzarik gabe. Biktimen bakardadea handia izan da. Batzuek konpentsazio ekonomiko batzuk jaso dituzte; beste batzuek, ez, baina hori guztia ez da etorri 2007ko legera arte. Urte asko pasatu dira, eta biktima asko hil dira. 2007ko legea bera biktimek asko kritikatzen dute, gauza asko ez baitira konpondu. Adibidez, zure familiako bat epaiketa militarra izan ostean fusilatu egin bazuten, epaia oraindik indarrean dago, ez da baliogabetu. Izugarria da. Ez da inon ere gertatu. Askotan, epaiketa horietan, hiru kideetako bat bera ere ez zen jurista. Begira zer garantia falta.

Beste herrialde batzuetan, halako legeak indargabetu egin dira. Zergatik Espainian ez?

Batetik, epaileek amnistia legea dela-eta, jurisprudentzia bat sortu dutelako eta frankismoa blindatu dutelako. Bestetik, orain arte Espainiako Gobernuan izan diren alderdiak, PP eta PSOE, amnistiaren legean gotortu dira. Oraingo gobernua izan da lehena, eta nazioarteko erakundeei kasu egin behar zaiela aldarrikatu du. Zergatik gertatu da orain hau? Sanchezen gobernua hain ahula denez, nolabaiteko keinuak egin behar dituelako. Bestela, berdin jarraituko genuke. Argi daukat.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna