Kataluniako prozesu subiranista. Epaiketaren hasiera. Olga Arderiu. Carme Forcadellen abokatua

«Gero barregarri geratu ordez, hobe ikuspegi batzuk birpentsatzea»

Parlamentuko presidente kargugabetuaren legelariarentzat, Espainiak badaki subiranistek Estrasburgon «irabaziko» dutela kasua. Epaiketan azpimarratuko du legebiltzarrean edozeri buruz eztabaidatu daitekeela.

ALBERT SALAME / VILAWEB.
Igor Susaeta.
2019ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
«Presaka dabil» Espainiako Auzitegi Gorena, Olga Arderiuren ustez (Berga, Katalunia, 1975). Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidente kargugabetuaren abokatua da. Presaka, haren iritziz, datorren maiatzaren 26rako deitutako Europako eta udaletako hauteskundeetarako bukatu nahi dutelako epaiketa. 500 lekukok deklaratuko dute datozen hilabeteetan. Arderiuk «oso zail» ikusten du maiatz erdialderako denei lekua egin ahal izatea. Kasuaren instrukzioa ere «presaka» egin zutela nabarmendu du. «60.000 orrialde dira. Kasua beste bat izan balitz, hamar urte beharko ziren». Beraz, azkar bukatu nahi izatearen ondorioz, auzipetuek «babesgabetasuna» pairatu dute prozeduran.

Ia urtebete darama Forcadellek behin-behinean kartzelatuta, baina haren abokatuak azpimarratu nahi izan du «energia asko» duela. «Epaiketa iritsi zain egon da, borrokatu ahal izateko».

Epaiketa hasiko da gaur. Zer moduz zaudete?

Epaiketa ondo ateratzea espero dugu; itxaropen hori dugu. Borrokatuko gara, eta gure defentsa erakutsiko dugu. Zabala da, eta argi geratu beharra dago oinarrizko eskubideen urraketak gertatu direla prozeduran.

Quim Torra Generalitateko presidenteak behin baino gehiagotan adierazi duenez, Europako auzitegietan du itxaropena.

Azken hilabeteotan gertatu dena kontuan hartuta, bada, egia da oso zaila dela baikorra izatea.Kontakizuna asmatutakoa da, eta inputatzen diguten delitua ez da inoiz gertatu, biolentziarik ez baita egon. Hortaz, hori guztia kontuan hartuta, ez du itxura onik.

Estatuak oinarrizko eskubideak urratu dituela salatuko duzue. Beste defentsaren batek autodeterminazio eskubidean jarriko du fokua. Ba al duzue hori egiteko asmorik?

Ez. Guk aipatuko dugu, esklusiboki, parlamentuan edozeri buruz eztabaidatu daitekeela defendatzerakoan. Baina ez, ez dugu autodeterminazio eskubidea bere horretan defendatuko. Guri iruditzen zaigu adierazpen askatasuna, askatasun ideologikoa, parte hartze politikoa, pluralismo politikoa, ari direla urratuak izaten.

Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidentea zen. Auzitegi Konstituzionalaren doktrinak dio Parlamentuko Mahaiak ezin duela debate parlamentariorik eragotzi, ezta ebazpenek konstituzioa urratzen dutenetan ere.

Subiranotasunari, independentziari, eta autodeterminazioari buruzko hogei ebazpen baino gehiago onartu izan ditu Kataluniako Parlamentuak 1980ko hamarkadatik. Inoiz ez ziren inpugnatuak izan, ez zuten esan konstituzioaren kontrakoak zirenik. 2014ko azaroaren 9kora arte [independentziari buruzko galdeketa batera deitu zuen Kataluniako Parlamentuak]. Eusko Legebiltzarrak ere antzeko ebazpenak onartu izan ditu. Debatitzea baimendu da orain arte. Hori eragotzi nahi izan zuen Konstituzionalak, Parlamentuko Mahaiari egindako eskakizunekin: talde parlamentarioen ekinbideak zentsuratzera behartu nahi izan zuen mahaia.

Forcadelli matxinada egozten diote. Mahaiko kide ziren gainontzekoei, bestalde, desobedientzia. Zergatik?

Ez dugu ulertzen zergatik, denek modu berean jokatu baitzuten.

Presidentea zelako egotzi diote, agian, delitu larriagoa?

Horrek ez du zerikusirik, inondik inora, erabakiak era kolegiatuan hartzen baitira. Forcadellen botoak besteenaren balio bera zuen. Uste dugu ez duela zerikusirik presidente karguarekin. Pentsatzen dugu dela, 2015ean, baita lehenago ere, ANCko [Biltzar Nazional Katalana] presidentea izan zelako. Epaituak izango diren gertakariek ez dute loturarik sasoi harekin, baina presidentetza hura ordainarazi nahi diote.

Forcadellenarekin pareka daitekeen kasurik ba al dago?

2014ko azaroaren 9ko galdeketarekin erabateko paralelismoa egin daiteke. Hura desobedientzia izan zen. Maila juridikoan ezin da azaldu zergatik hartzen duten orain matxinada gisa.

Azken epaia zigor handi bat izan ez dadin, Benet Salellas Jordi Cuixarten defentsako abokatuetako batek «espainiar demokraten erreakzio gaitasunean» du konfiantza. Uste horrekin bat egiten al duzu?

Oxala haiek ere erreakzionatuko balute helburu horrekin, bai.

Gorenaren barruan baino gehiago egin daiteke handik kanpo?

Bai, kontu erabat politizatua delako. Aldagai asko hartu behar dira kontuan.

Independentismoa ez da erabat bat eginda ageri. Horrek zertan eragin diezaioke epaiketari berari?

Ez dut uste horrek defentsen lanari eragingo dionik. Alde horretatik, atzean milioi bat, bi milioi, edo bi milioi eta erdi edukita ere, berdin-berdin borrokatuko gara. Gertatzen dena da, hain justu, prozedura bidegabe honen ondorioa dela [independentismoa bat eginda ez egotea]. Kriminalizazioa, kartzelatzeak... Beraz, logikoa da horrek guztiak estres eta tentsio handia sortzea.

Espainiako justiziak Europan duen irudia ez da onegia. Pedro Sanchez Estrasburgon egon zen lehengo ostegunean, eta Espainiako «erabateko demokrazia» aldarrikatu zuen. Azken hilean bi aldiz joan da hara. Zertarako?

Nola da? Non harro, han herren. Dena hainbeste aldiz azaldu behar baduzu, horrek esan nahi du zerbait ez duzula ondo egiten. Gauzak ondo egiten dituzunean, ez da beharrezkoa azalpen askorik ematea. Gertatutakoa kanpoan objektiboki azalduz gero, ez da bestelako azalpenik behar. Jendeak balora dezake gertatukoa demokratikoa ote den.

Judizialki gertatu dena gerta zitekeela pentsatzen zenuen?

2017ko azaroan, Forcadell kartzelatik atera zenean 150.000 euroko bermea ordaindu eta gero, ez nuen inondik ere espero, pentsaezina zen. Gure esku dauden zigor prozeduren kasuen %99,9etan, kautela neurriak betez gero aske jarraitzen duzu epaiketa arte.

Behin-behinean aske uzteko eskaerak ere bata bestearen atzetik ukatu dizkizuete.

Bai, sistematikoki, modu guztietan eskatuta ere. Ihes egingo zuelako arriskua zegoela? Bada jar iezaiozu eskumuturreko bat.

Espainiako justiziak ematen duen irudi txar horrek zein pisu eduki dezake azken epaian? Zeuen itxaropenetako bat da ezin diola irudi horri denbora askoz gehiagoz eutsi?

Bai. Pentsatzen dugu Estrasburgon [Europako Giza Eskubideen Auzitegia] irabazi egingo dugula, eta haiek ere [Espainiak] badakite, jurisprudentzia ezagutzen dutelako. Itxaropen hori dugu. Gero barregarri geratu ordez, hobe orain ikuspegi batzuk birpentsatzea, eta bere burua barregarri ez uztea.

Ikusitakoak ikusita, esan daiteke Espainiak baduela kritikak jasotzeko gaitasuna.

Alemaniako auzitegiaren kasuan [Carles Puigdemonten aurkako matxinada delitua ukatu zuena] esan zuten maila txikiagoko auzitegi bat zela, ez daudela haren erabakien mende... Baina Estrasburgoren mende daude, eta haren epaiari men egin beharko diote. Baina igual berdin zaie, e?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.