Leyre Gravina. Fotovoz Bilbo egitasmoaren koordinatzailea

«Herritarrek badakite ondo jan dezaketela, kalitatea badagoela»

Testuinguru sozioekonomikoaren arabera, elikadura ohiturek zenbateraino eragiten duten aztertu nahi izan dute Bilbon. Horretarako, hiru auzo aukeratu dituzte, eta inguruneari argazkiak atera dizkiote.

JUNE PRIETO / FOKU.
Zihara Jainaga Larrinaga.
Leioa
2018ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Elikadura ingurunearen errealitatea islatzen duten argazkien bidez, herritarrei ahotsa eman nahi izan die Fotovoz Bilbo proiektuak. Leyre Gravina (Donostia, 1981) EHUko irakasle eta ikerlaria izan da egitasmoaren koordinatzailea: haren helburu nagusia izan da hirian elikadurarekin erlazionatuta dauden faktoreen diagnostiko bat egitea. Horretarako, testuinguru sozioekonomiko ezberdina duten Bilboko hiru auzo aukeratu dituzte.

Nola fotografiatzen da elikadura ingurunea?

Inguratzen gaituzten faktoreek gure elikaduran duten eraginari deritzo elikadura ingurunea. Herritarrok etxetik kanpo aurkitzen dugun guztiak osatzen du, kalean inguratzen gaituen edozer da ingurune horren parte. Esaterako, kaleak, jatetxeak zein publizitatea bertako elementuak dira. Hori horrela, elikadurarekin zerikusia duenari argazkiak ateraz, ingurunea antzemateko gai gara. Era horretan, ikerlariok hiritarrak nola elikatzen diren, elikadurarekin nola erlazionatzen diren eta nola sozializatzen diren aztertu ahal izan dugu. Gure ustez, inguratzen gaituenak gure jokaeretan eragiten du.

Bilboko hiru auzo aukeratu dituzue. Zergatik hiru horiek?

Deustu, Uribarri eta San Frantzisko auzoak oinarrizko hiru arrazoigatik aukeratu genituen. Batetik, herritarren partaidetza handia dute, hau da, herritarrek era aktiboan jarduten dute auzoko elkarteetan. Bestetik, euren arteko ezberdintasun sozioekonomikoak nabarmenak dira. Datuen arabera, Deustu da egoera ekonomiko onena duen auzoa, eta San Frantzisko, aldiz, okerrena duena. Datu horiek erabiliz, hiriko espektro sozioekonomiko osoa lortu dugu. Azkenik, kontuan izan dugu auzo horiek Bilbon kulturalki eta historikoki adierazgarriak direla, hein batean Bilboren errealitatea islatzen dutelako.

Hiru auzoak aztertuz, Bilboko elikadura ingurunea zertan oinarritzen da?

Sei faktore hartu behar dira kontuan: ohitura txarrak, kultur aniztasuna, merkatuaren eraldaketa, giza harremanak, eskasia eta ohitura osasuntsuak. Aztertutako hiru auzoetan testuinguru sozioekonomikoa desberdina bada ere, denak bat datoz ohitura onak dituztela. Herritarrek badakite ondo jan dezaketela, kalitatea badagoela.

Ez daude, baina, ohitura txarretatik salbu.

Ohitura txarrei dagokionez, oro har, elikagai azukredun asko jaten dutela aitortu zuten parte hartzaileek. Are gehiago, arrazoi kultural bat dagoela zioten, eta sarritan sari gisa erabiltzen direla. Janari lasterraren kontsumoa ere aipatu zuten. Hori horrela, herritarrak ariketa fisikoa egitera ohitu daitezen, auzoetan ekintzak antolatu behar dira.

Auzoetako dendek zenbateraino eragiten dute elikadura ingurunean?

Auzoetan bizi den jendearentzat, denda txikiek garrantzi handia dute euren egunerokoan. Ikerketan parte hartu dutenek denda horietan saltzailearekin izaten duten tratu pertsonala nabarmendu dute, merkataritza zentro handietan ikusten ez dena. San Frantziskoko bizilagunen esanetan, adibidez, kalean janaria ikusteak gehiago jatea eragiten die. Horrez gain, harro daude euren auzoko dendez; gehienak, gainera, etorkinek kudeatzen dituzte, eta elikagaien kalitate-prezio erlazioa ona dela adierazi dute.

Merkataritza zentro handiek zenbateko kaltea egiten diete auzoei?

Uribarrin, adibidez, kale berean merkataritza zentroak eta denda txikiak aurki daitezke, eta haien arteko bizikidetza ona da. Halaber, auzotarrek hori positibotzat dute, beraien artean lehia handiagoa dagoelako. Prezioak lehiakorragoak direnez, auzotarrek asko baloratzen dute harategiek edota arrandegiek bizirik irautea.

Bilbon dagoen aniztasun kulturalak ere izango du zeresana.

Hiru auzoetako partaideek azpimarratu dute migranteek eragin handia dutela elikadura ingurunean. Hori atzerriko produktuak saltzen dituzten tokiko denden presentziak islatzen du. Horrez gainera, elikadura eta nazioarteko produktuak komunikatzeko era bat direla diote, bidaiatzeko era bat, baina bidaiatu ordez, bertan ezagutuz. Uribarrin, esaterako, hasieran beldurrez hartu zituzten nazioarteko produktuak dituzten dendak, baina komunitatearen parte diren heinean, itzela iruditzen zaie beste mota bateko produktuak eskuragarri edukitzea.

Zein eragin du pintxo poteak?

Harreman sozialei erreparatzen badiegu, Euskal Herrian ohikoa da jendea mahaiaren inguruan batzea. Pintxo potea, hein handi batean, sozializatzeko era bat da, eta elikadura ingurunearen parte ere bada. Baina bertan eskaintzen den janaria ez da uste bezain osasungarria, eta prezioek ere ez diote mesede egiten. Uribarri auzoan, esaterako, moda hau hasi aurretik, kaleak hutsik egoten ziren; egun, aldiz, ostegunero lepo betetzen dira. Eragin nabarmena du, hortaz: jendea kalera ateratzen da, eta kontsumitu egiten du.

Deustun eta Uribarrin, esaterako, ingurune fisikoan aldaketak gertatu behar direla ondorioztatu duzue egin duzuen ikerketan. Zer esan nahi duzue horrekin?

Deustun azpiegiturekin zerikusia duten faktoreei ematen diete garrantzia. Egoera sozioekonomikoa hobea denez, haien premiak gune publikoak hobetzea edo berritzea dira: tabernetako pintxoen higienea hobetzeko neurriak hartzea, hondakin organikoak kudeatzeko erraztasunak izatea, edota kaleko espazioak ume eta nagusientzako moldatzea. Uribarrin, bestalde, hirigintza aldetik ez dago adinekoentzat eta haurrak dituzten familientzat egokitutako espaziorik.

San Frantziskon beste behar batzuk al daude?

San Frantziskon ere aldatu beharko litzateke ingurune fisikoa. Baina aldaketa horiek beharrizan ekonomikoekin lotuta doaz, eta, bertako herritarrei beharrezkoagoa iruditzen zaie denda txikiak babestea, kaleko eremuak aldatzea baino. Horrez gain, San Frantsizkoko arazo nagusia kolektibo batzuen integraziorik eza da; elikaduraren alorrean, kolektiboen arteko bizikidetza falta dela. Halaber, auzoaren irudi soziala hondatuta dagoela diote.

Azkenaldian, baina, auzoan aldaketa handia gertatu da: ez dago lehen bezain baztertua.

Hala da, baina bitxia bada ere, bertako auzokideak ez daude batere pozik egoera horrekin. Euren auzoan gentifrikazioa gertatzen ari dela salatzen dute, eta kexu dira sortzen ari diren moda berriek ez dituztelako ordezkatzen. Marzana eta Bilbi esaten dieten eremuetan eskaintzen diren zerbitzuak kanpotik datozenentzat direla iruditzen zaie.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.