Miren Zubizarreta. ELAko hezkuntza arduraduna

«Itunpeko sarea azpikontrata merkea da Jaurlaritzarentzat»

Patronala eta gobernua egin ditu Zubizarretak itunpeko ikastetxeetako lan baldintzen erantzule. Finantzaketa publikoa nahikoa bada enpresei kontu hartzeko eskatu dio Jaurlaritzari; eta, ez bada, arduraz jokatzeko.

JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2019ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
ELA sindikatuko hezkuntza arduradun Miren Zubizarreta (Azkoitia, Gipuzkoa, 1979) «pozik» dago Kristau Eskolako eta IZEAko beharginek zortzi eguneko greba deialdiari emandako erantzunarekin. «Langileek babesa eman diote mobilizazioari eta aldarrikatzen ari garenari». Azpimarratu du denera 9.000 behargin direla, eta 5.000tik gora bildu zirela asteazkeneko manifestazioan.

Jaurlaritza salatuko duzue, uste duzuelako gutxieneko zerbitzuekin langileen greba eskubidea urratu duela, mobilizazioari ikusgarritasuna kentzeko asmoz. Eta ohartarazi duzue lan gatazkan ez duela bere gain hartu erantzukizuna. Zein da gobernuaren erantzukizuna?

Hezkuntzan gertatzen ari dena testuinguruan jarri behar da. Eusko Jaurlaritza egiten ari den politika neoliberalen ondorioa da. Hezkuntzan, inbertsio publikoak beherako bilakaera izan du; zerbitzu publikoetan oro har, baina hezkuntzan datuak eskandalagarriak dira. 2009an, BPGaren %4,3 bideratzen zuen Jaurlaritzak, eta 2018an, %3,6.2019an Jaurlaritzak inbertituko balu 2009an inbertitzen zuen portzentaje bera, 632 milioi gehiago lirateke. Zor publikoa ordaintzeko dirua ikaragarri hazi da urteotan. Nahiz eta superabitarekin amaitu ditugun azken bi urteak, erabaki da ez bideratzea daukagun aberastasunaren gero eta portzentaje handiagoa zerbitzu publikoetara. Horrek sekulako eragina izan du hezkuntzan, oro har.

Itunpekoetan hamar urte daramate lan hitzarmenik gabe.

Patronalek langileen bizkar jarri zuten Jaurlaritzak 2010ean finantzaketan aplikatu zuen murrizketa. Momentu hartan, EAEko lan hitzarmena aplikatzeari utzi, eta Espainiako Estatukoa aplikatzeko ahalegina egin zuten patronalek, eta langileek juridikoki eta greba bidez lortu zuten beren lan hitzarmena defendatzea, aplikatzen jarraitzea eta 2009ko hitzarmeneko soldatak mantentzea. Gainera, ordura arte sortutako zorra aitortzea lortu zuten, eta adostu zen nola itzuli. Langileak oso eskuzabalak izan ziren patronalekin: zor hori ordaintzeko kreditu antzeko bat eman zieten patronalei. Adostu zuten baldintza batzuk zeudenean itzuliko zitzaiela. Hamar urte hitzarmenik gabe daramatzatenez, egoera ez da hobera joan.

Patronalek esan dute zuen eskaerak maximalistak direla; zuek erantzun duzue oinarrizkoak direla. Zein da zuen eskaeren eta haien eskaintzen arteko aldea?

Ez gaude gerturatuta ere. Negoziatzen hasi ahal izateko, hurbilketa bat behar da. Baina patronalek mahai gainean jarri dituzten planteamenduek ez dute ahalbidetzen hori. Esaterako, lan kargen kontuarekin. Guk, gure kalkuluen arabera, eskaera bat daukagu eginda: bost ordu osagarri edukitzea astean, eskolak prestatzeko eta horrelako lanetarako. Baita urtean etxean lan egindako 70 ordu aitortzea ere. Izan ere, azterketak-eta etxean zuzentzen dituzte. Patronalek bi ordu osagarri eskaini dituzte. Oso urrun dago sindikatuok eskatzen ari garenetik. Erosteko ahalmenari dagokionez, urteotan galdutakoa %13,6 izan da, eta haien planteamenduak %3 berreskuratzea esan nahi du. Lanpostuak birkokatzeari dagokionez, ez dago bermatuko duen planteamendu zehatzik.

Negoziazio mahaira itzultzeko eskatu dizuete. Badago horretarako aukerarik?

Gustatuko litzaidake argi uztea egoera hau ez dela egun batetik bestera ezerezetik sortu. Negoziazio mahaitik altxatu ginenetik eta mobilizazio dinamika erabaki genuenerako, sindikatuok hamaika aldiz bildu ginen patronalekin. 2017ko azaroan altxatu ginen mahaitik, eta lehen mobilizazioa 2018ko martxoaren 20an egin genuen. Saiatu ginen patronala mugiarazten, egoerari erantzun bat eman ziezaion, bakoitzak daukan ardura bere gain hartuz. Baina ez genuen ezer lortu.

Kristau Eskolako zuzendari Mikel Ormazabalek esan du Jaurlaritzarekin duten itunetik jasotzen duten diruarekin ezin dutela finantzaketa handitu.

Auzi honetan bi erantzule daude, eta bakoitzak bere ardura du. Lan baldintzen ardura zuzena patronalak dauka. Baina ezin dugu ukatu Jaurlaritzak ere onartu duela hezkuntza sistema dagoen moduan antolatuta egotea, eta horren ondorioen erantzule dela. Jaurlaritzarentzat, itunpeko sarea azpikontrata merke bat da. Itunpeko ikastetxeetako soldatak sare publikoan baino gutxiago ordaintzen ditu, eta lanaldi handiagoak dituzte langileek. Jaurlaritzari merkeago ateratzen zaio sistema horrela antolatuta edukitzea. Baina, aldi berean, Jaurlaritzak hori horrela mantentzea erabaki duen heinean, ardura bat dauka itunpeko sare horretan ematen den hezkuntzaren kalitatearen gainean; kontrolatu egin behar du zer baldintzatan egiten den lan. Zerbitzu horren arduradunak patronala eta Jaurlaritza dira; haien erabakien ondorioak pairatzen dituztenak, berriz, langileak eta ikasleak. Azken batean, salatzen ari garen egoerak eragina dauka langileen lan baldintzetan eta ikasleek jasotzen duten hezkuntzaren kalitatean. Ikasleentzat ez da ona beren irakasleek denborarik ez izatea haien jarraipenerako. Uste dut ez dela ona gero eta langile gehiagok erabakitzea ikastetxe horietatik beste ikastetxe batera lanera joatea, bereziki ikastetxe publikoetara, beren lan baldintzak gero eta kaskarragoak direlako itunpekoetan.

Beraz, Jaurlaritzak handitu egin behar du finantzaketa?

Jaurlaritzak ardura dauka itunpeko sarea kontrolatzeko. Ikusten badu oraingo finantzaketa handitu gabe kalitatezko hezkuntza eman daitekeela, patronalari hala egiteko exijitu beharko dio. Baina, ikusten badu oraingo egoeran ez dela posible, ardura bat izango luke, eta erabakiren bat hartu beharko luke.

Egoera aztertzea eta ituna moldatzea, egingo balitz, EAEko Hezkuntza Legearen eztabaidarekin batera egingo litzateke. Batak bestea baldintzatu dezake.

Guk garbi dugu hezkuntza sistemaren ardatzak eskola publikoa izan behar duela. Beti egingo dugu eskola publikoaren alde. Baina Hezkuntza Sailak sistema hau mantentzeko erabakiari eusten dion bitartean, horren ondorioak ezin dituzte langileek eta familiek pairatu. Horregatik esaten genuen, hezkuntza itunaren eztabaida hasi zenean ere, horrelako lege bat aurrera ateratzeko orduan lehenik eta behin Hezkuntza Sailak argitu egin behar duela zer hezkuntza sistemaren aldeko apustua egiten duen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.