Iñigo Lizundia Uranga. Arkitektoa

«Eraikinak energetikoki guztiz eraginkorrak izatea ezin da beti lortu»

EHUko doktorearentzat, eraikinak energetikoki zaharberrituta, fakturetan aurrezten da, eta CO2 emisioak murrizten dira. Argiek «itzalak» dituzte, ordea: ekonomikoak, sozialak, hirigintzarekin eta paisaiarekin lotutakoak...

GORKA RUBIO / FOKU.
Igor Susaeta.
2020ko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
EHU Euskal Herriko Unibertsitateko udako ikastaroetan, eraikinen zaharberritze energetikoa izan dute hizpide, eta prozesu horren «argietan eta itzaletan» jarri dute arreta. Iñigo Lizundia Uranga (Zarautz, Gipuzkoa, 1965) EHUko Arkitekturako doktore eta irakasleak zuzendu du ikastaroa. Zaharberritzeak direla-eta izaten ari den «boomaren» itzaletako bat da, haren ustez, horren kostu ekonomikoa: «Eraikin kaskarrenak 1960ko hamarkadan egindakoak dira, eta orduan hona iritsi ziren immigrante asko horietan bizi dira oraindik. Askotan ezin dute horrelako inbertsio batean sartu». Bai, badaude diru laguntza publikoak. «Baina, proportzioan, txikiak dira. Eusko Jaurlaritzako teknikari batek ikastaroetan adierazi duenez, mugak daude, eta ez da denentzat iristen, nahiz eta urtero, aurrekontuetan, horretarako kopuruak handiagoak diren».

Eraikinek ere berea eragiten diote berotze globalari. Horiek zaharberritu beharraren kontzientzia txertatuta al dago?

Bi ikuspuntu daude. Zaharberritzeak beti egin dira, baina zaharberritzeak egin dira eraikinak kaltetuta zeudelako. Argi dago arazoak konpondu egin behar direla, eta hori barneratua dugu. Ura sartzen bada, eraikineko zatiren bat erortzen bada, edo itxura jada oso kaskarra badu, argi dago berritu egin behar dela. Baina, duela urte batzuetatik hona, araudiek behartzen dute zaharberritze bat egiterakoan eraginkortasun energetikoa lortzera. Aldagai hori, hain zuzen, oraindik ez dago barneratua gizartean.

Geroz eta ohikoagoak dira eraikinen fatxaden zaharberritzeak. Kontsumo energetikoari dagokionez, eraginkorrak izaten dira beti?

Betiere, eraikinak hobetzen dira energetikoki. Baina gertatzen ari da, eta eztabaidagaietako bat da, askotan ezin dela lortu guztiz eraginkorrak izatea. Zaharberritzeko behar handiena dutenak ez dira gure hirigune historikoetako edo zabalguneetako eraikinak, baizik eta, batez ere, 1940-1980 artean egindako eraikinak. Horiek dira gure herrietako auzoetan egindakoak, kanpoaldean, eta oso azkar eraikiak sekulako immigrazioa egon zelako. Esango nuke euskarri gisa oso kaskarrak direla. Orduan, horietan egiten den edozer gauzak hobetu egingo ditu, baina kontuan hartu behar da eraikin horiek, askotan, oso-oso eraldatuak daudela. Beraz, orain azal berri bat jartzea eta guztiz eraginkorra izan dadin lortzea oso zaila da.

Gerta daiteke, eta gertatzen ari da, igual energetikoki hobetzen ari garela baina beste arazo batzuk sortzen direla.

Zer arazo?

Kondentsazioak, adibidez. Zenbait puntutan ez bada oso-oso ondo egiten, eta ez bada kontrolatzen azal guztia, gerta daitezke. Fatxada bat zaharberritzen dugunean, isolamendua sartzera behartuta gaude. Baina ondo egin behar da, eta beti ez da posible. Batzuetan, gaizki egiten delako, eta beste batzuetan, eraikinak ez dituelako erraztasunak ematen.

Energetikoki eraginkorra den eraikin bat edukitzea zertan da lagungarria erabiltzailearentzat?

Lortu behar da gasaren, berogailuaren eta besteren bidez sortzen dugun energia eraikinaren azaletik ez joatea. Bestetik, sistema aktiboen, instalazioen, hau da, makinen erabileran aurrezten badugu, eta eraikinak berak pasiboki lortzen badu energia hori kontrolatzea,energia berri gutxiago sartu beharko dugu eraikinean, eta CO2 emisioak murriztu egingo dira.

Eta bizilagunen, erabiltzaileen, helburuak izan behar du etxean konfort handiagoa izatea. Hau da,tenperatura egokiak edukitzea, hezetasun maila batzuk, eta, ahal den neurrian, energia gutxiago gastatzea.

Azala zaharberritzen zaionean, fakturetan nabaritzen al da?

Bai, bai, hasiera-hasieratik nabaritzen da, eta aurrezten da. Errazago berotzen da, eta, gero, bero hori ez da galtzen.

50 urte betetzen dituenean, eraikinaren ikuskaritza tekniko bat egin behar da legez, eta ondorengo agiri teknikoak zehazten du, besteak beste, haren eraginkortasun energetikoa.

Bai. Agiriaren lehen atalak aztertzen du zer kalte dituen eraikinak. Eta agiriak zehazten badu arazo batzuk larriak direla, bizilagunen komunitatea behartzen du obrak egitera. Segurtasunagatik. Bigarren atala irisgarritasunarena da. Eraginkortasun energetikoa ere neurtzen dute; hori da hirugarren atala, baina, momentuz, dokumentu horrek balio estatistikoa besterik ez du.

Eraikina energetikoki ez-eraginkorra izanda ere, ez daude behartuta azala berritzera , alegia.

Hori da. Eraikinak kalte larririk ez badu, hortxe geratzen da ikuskaritza, eta ez da obrarik egiten.

Gutxi-asko, zenbat kostatzen da fatxada bat zaharberritzea?

Garestia izaten da. Guk ikerketa bat egin genuen unibertsitatean [EHUn], eta etxebizitzako, gutxi gorabehera, 10.000-30.000 euro artean kostatzen da erabateko zaharberritze bat.

Zaharberritzeen «onurez» ez ezik, «itzalez» ere ohartarazi duzue ikastaroetan. Ondorio teknikoez eta ekonomikoez gain, zer beste ondorio hartu behar dira kontuan?

Beste ondorio oso garrantzitsu bat da hiriak itxuraldatzen ari direla. «Ematen du hiri guztiak berdinak direla, ez? Denei azal berdina jartzen diete...», esan zuen batek ikastaroan.

Hau da, ondorioak paisajistikoak ere badirela.

Bai, zalantzarik gabe. Begira, talka bat gertatzen da ondare gisa izendatutako eraikinekin. Gauza bat da zenbait auzotan, hiriaren kanpoaldean daudenetan, itxuraldaketak egitea. Ondo dago. Baina zer egin hirigune historikoetan? Nola egiten da? Alde zaharreko fatxadak ez ditugu aluminioz beteko, ez? Babestuta daude. Nola lortu horietan eraginkortasun energetiko hori? Ikuspegi asko daude, eta atal asko ukitzen ditu: ekonomia, aspektu soziala, hirigintza, paisajismoa, alde konstruktiboa...

Eraikin berriei dagokienez, denek betetzen dituzte eraginkortasun energetikoaren estandarrak?

Bai. Legearen araberako betebehar batzuk daude. Beste gauza bat da, denean bezala, obra horiek nola egiten diren, eta zeintzuk diren akaberarako materialak; hau da, zer kalitate duen.

Nabarmendu duzu eraikinak berak energia pasiboki kontrolatzearen garrantzia. Zer irizten diozu, hortaz, Passivhaus eraikitze moldeari? Eraikin arruntekin alderatuta, horien bidez %70 inguru aurrezten da energiaren erabileran.

Askotan gertatzen zaigu nahi ditugula irtenbide eta teknika guztiak globalizatu. Passivhaus estandarra Alemaniatik dator, baina hango zenbait baldintza ez dira berdinak Europa hegoaldean.

Passivhaus estandarrak oso baldintza gogorrak ditu; adibidez, ez da leihoen bidez egurasten. Oso hermetikoak dira; sekulako isolamenduak sartzen dizkiete. Baina hori Kanaria uharteetako [Espainia] norbaiti komentatzen badiozu, esango dizu: «Nik zertarako behar dut Passivhaus estandarra?». Edo hemen, Euskal Herrian. Dena den, egiten dira halako esperientziak; gehienetan, txaletetan eta. Oraingoz, prototipoen modukoak dira, eta duda dago kasu guztietara zabaldu behar diren edo ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.