Udal eta foru hauteskundeak. Elkarrizketa. Teresa Laespada. PSE-EEko Bizkaiko ahaldungai nagusia

«Desberdinen arteko itunak balioa du politikan»

Laespadaren esanetan, sozialistak «inork ikusi nahi ez duen Bizkai horrentzat» aritu dira lanean; ez du uste ezkerreko indarren arteko ituna egiteko baldintzarik dagoenik: «EH Bilduk ez ditu etxeko lanak egin».

OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2023ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Politikan hasi aurretik, Teresa Laespada Martinez (Bilbo, 1965) ezaguna zen soziologiaren arloan egindako ikerketengatik, batez ere gazteen eta droga menpekotasunaren esparruan. Ikerketa soziologikoa alboratu eta politikan buru-belarri murgildurik ibili da azken bi agintaldietan, Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasun Sailean. PSE-EEren hautagaia da Bizkaiko ahaldungai nagusi izateko. Gaztelaniaz erantzun ditu BERRIAren galderak.

Bi agintaldi egin dituzu aldundian. Zein da balantzea?

Bi etapa desberdin dira, biak oso politak eta erronkaz beterikoak. Lehenengoan, ordura arte EAJ bakarka aritutako gobernuan sartu ginen, eta bigarrena pandemiak eta krisiek markatu dute. Nire ustez, balantzea positiboa da. Uste dut zortzi urte hauetan inork ikusi nahi ez duen Bizkai horrentzat aritu garela lanean: lanik ez dutenak, bazterturik daudenak, etorkinak eta abar.

Koalizioan gobernatzearen esperientzia nolakoa izan da?

Desberdinen arteko itunak balioa du politikan. Uste dut gauzak okertzen ari garela pentsatzen badugu gauza izugarriak gertatzen direla desberdinen artean ados jartzeagatik. Gobernu programa idatzita badago, marra gorriak zehaztuta badaude eta, elkarrekin gobernatzeko sistema batekin, auziak ez du aparteko zailtasunik.

Bizkaiak eutsi al dio pandemiak jotako erronkari?

Pandemiak azkartu egin zituen mahai gainean genituen aldaketa prozesu guztiak. Alde batetik, erronka demografikoa dugu, eta, beste aldetik, zaintza lanak historikoki emakumeen bizkar geratu dira beti, eta feminismotik esan dugu nahikoa dela eta lan banaketa hori berraztertu behar dela. Pandemiak arazo horiek azaleratzen ditu.

Nik uste dut gizarte zerbitzuek egoki erantzun zutela, zailtasun guztiekin erantzun ere, harro egoteko moduko langileak ditugulako alor horretan. Ni oso harro nago gure gizarte zerbitzuez. Baina erronkak hor jarraitzen du, eta zaintza eta gizarte zerbitzuen arloa berriro pentsatu behar dugu.

Zaintza eta demografia aipatu dituzu etorkizunerako erronka gisa. Besterik ikusten duzu?

Europak hiru trantsizio aipatzen ditu: digitala, teknologikoa eta soziala. Uste dut horrek ondo azaltzen duela nora goazen. Politika industriala ere erronka garrantzitsua da, eta uste dut Bizkaia ez dela horretan behar bezala egon. Bizkaia den bezalakoa da izan duen industria ehunari esker, eta uste dut ez garela behar bezala zaintzen ari. Bizkaiak pentsatu behar du lurraldea nola berrindustrializatu, energia berriztagarriak industrializatzeko bidetzat hartu, I+G+I arloan inbertsio gehiago egin, enpresa txikiei lagundu eta abar. Eta hori guztia, jakina, jasangarritasuna aintzat hartuz.

Zer da proposatzen duzuen Gizakidetza hori?

Inork ez du Osakidetza zalantzan jartzen: osasun sistema publiko eta unibertsala, non jendeak badakien zein den sarrerako atea, ibilbidea eta abar. Gizarte zerbitzuetan ez da hori gertatzen; askotan, jendeak ez daki nora jo behar duen. Guk proposatzen dugu Euskadi osorako egitura bakar bat, jendeak jakin dezan nora jo, eta gizarte zerbitzuek estigmarik izan ez dezaten.

Gizarte zerbitzuek pertsonei lagundu behar diete babes batzuek huts egiten dutenean, Osakidetzan gertatzen den bezala, eta ez dira pobreentzako zerbitzuak, nolabait esateko. Batzuek hara joko dute menpekotasuna duen senide bat dutelako, elbarritasun bat dutelako, bakarrik daudelako... Zabaldu behar dugu gizarte zerbitzuen esparrua.

Osakidetza aipatu duzunez, uste al duzu hura eraisteko prozesu bat dagoela, plataforma batzuek salatu duten moduan?

Osakidetza Jaurlaritzaren eskumena da, ez aldundiena. Nik uste dut babes sozialeko gure sistemaren harribitxia dela, eta zaindu egin behar dela. Horretarako neurriak hartu behar badira sistemak funtziona dezan, har daitezela.

Bizkaian, EAJ da faboritoa eta itxura guztien arabera EAJk eta PSE-EEk ituna egingo dute berriro. Aldez aurretik dena erabakita dagoelako sentsazio horrek hautesleen desmobilizazioa ekar dezake?

Desmobilizazioa badago, baina hori beti gertatzen da, motorrak orain ari direlako berotzen eta jendeak bere kezkak dituelako, baina kanpainak aurrera egin ahala aldatzen da hori. Nik ez dut uste egonkortasuna txarra denik. Alderdioi beti eskatzen zaigu egonkortasun irudia emateko eta herritarren arazoak konpontzeko, baina gero, hedabideetatik badirudi liskarra eskatzen digutela. Jendeak lasaitasuna nahi du.

Azken hauteskundeetan beti dago mahai gainean ezkerreko indarren arteko koalizioaren aukera. Zuk posible ikusten duzu?

Orain gakoa da 28an hauteskundeak daudela eta garrantzitsua dela herritarrek botoa ematea, gauzak horrela aldatzen direlako. Lehenbizi, herritarrek hitz egin dezatela, horrek ematen digulako indarra negoziatzeko edo ez negoziatzeko, eta azalduko digu zer norabide hartu behar dugun. Hori esanda, egoera ideal batean niri gustatuko litzaidake ezkerren itun bat egitea, baina gaur egun ez dago baldintzarik horretarako, EH Bilduk ez dituelako etxeko lanak egin, eta oraindik ez duelako behar bezain tinko esan hiltzea injustua izan zela.

Bizkaiko zahar etxeetako langileak aspalditik daude gatazka luze batean murgilduta, eta, besteak beste, aldundiari ere interpelazioa egiten diote.

ELA da zahar etxeetako gatazka zabalik daukana. Ez da nire saila, ez ditut gatazkaren barrunbeak ezagutzen eta nekez eman dezaket iritzirik, baina errespetu osoa diot patronalaren eta sindikatuen arteko negoziazioari. Administrazio publikoari neutraltasunari eustea dagokio.

Bizkaiko hiriguneetan, eta zehazki Bilbon, ba al dago segurtasun arazo bat, hautagai batzuen adierazpenek iradokitzen duten moduan?

Kopuruak direnak dira. Ez da gauza bera taberna batean zerbait esatea, edo politikari batek adierazpenak egitea. Gu herri honetan delinkuentzia krisi bat nozitutakoak gara, 80etako hamarkadan, eta jakin genuen hori konpontzen. Orduan ikusi genuen gizarte politikak direla pertsona batzuen bazterkeria egoera gainditzeko tresnarik onena. Beraz, ez dakit zertara datorren orain «gaizkileari egurra» esaka hastea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.