Maizterra izan nahi, baina ezin

Errefuxiatu eta etorkinek etxe bat alokatu nahi dutenean jasaten duten bazterketaz ohartarazi dute CEAR-ek eta SOS Arrazakeriak. Badituzte diskriminazioa frogatzeko datuak. Uste dute etxejabeen eta higiezin enpresen artean kontzientzia sortu behar dela, salaketa ipini baino gehiago.

Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2018ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Aurki argitaratuko du Eraberean sareakijitoek, LGTBI komunitateak eta etorkinek jasaten dituzten diskriminazioei buruzko iazko txostena. Eusko Jaurlaritzak bultzatuta, hamabi kidek osatzen dute sarea; tartean dago Euskadiko CEAR, eta dagoeneko aurreratu du bere lan jardunari dagokion datu bat: 2017an, 28 errefuxiatuk diskriminazioa pairatu zuten etxe bila hasi zirenean Araban, Bizkaian edo Gipuzkoan. «Gure elkarteak zenbatu dituenak soilik dira horiek. Badakigu gehiago izan direla», ohartarazi du Euskadiko CEAR-eko Kulturarteko Elkarbizitza Arloko arduradun Rosabel Argotek. «Agian beti ez da hain argi esaten. Baina 'etxea alokatzen da, kanpotarrei izan ezik' esaldia edo horren atzean dagoena sarri sufritzen dute gurean bizi diren errefuxiatu eta etorkinek».

SOS Arrazakeriako kide Mikel Mazkiaranek ere argi du: «Gurean babesa eskatu duten errefuxiatuentzat, enplegua lortzea baino arazo larriagoa etxea topatzea». Azaldu du iheslariek sei eta bederatzi hilabete artean egoten direla harrera etxeetan. Gero, euren kasa bizitzen hasi behar dute. CEAR-ek etxea alokatzen laguntzen die, baina Argotek aitortu du eurei ere kosta egiten zaiela alokatu nahi duten etxejabeak aurkitzea.

Duela bi urte SOS Arrazakeriak Gipuzkoan egindako ikerketa baten emaitzak gogoratu ditu Mazkiaranek. Higiezinen enpresetara jo zuten, alokatzeko etxebizitza bila. Aurrena, gipuzkoar bat joaten zen; gero, fisikoki migratzailea zela nabaritzen zitzaion beste bat; biek baldintza sozioekonomiko berak zituzten, eta bien beharrizanak berak ziren. Bi modutan egin zuten eskaera: aurrez aurre eta telefonoz. Telefonoz deitu zuten gipuzkoarren %34ri esan zieten ez zeukatela euren eskaera aseko zuen etxebizitzarik alokagai; atzerritarren kasuan, %69ri. Bulegora joan zirenean, atzerritarren %87k jaso zuten ezetza. «Ezkutuan dagoen diskriminazio bat da. Oso zaila da frogatzen. Horregatik egin ditugu ikerketa hori eta antzeko beste batzuk».

Argotek ohartarazi du etxe agentziek egiten dutena Espainiako Konstituzioaren aurkakoa dela: «13. artikuluak argi esaten du atzerritarrek espainiarrek dituzten eskubide berak dituztela. Beraz, legez kanpokoa da etorkinei kanpotarrak direlako etxebizitza alokatzeari uko egitea». Hala ere, Argotek eta Mazkiaranek ez dute uste epaitegietan salatzea denik biderik aproposena. Argotek dio gehienetan zaila dela frogatzea, eta badu auzitegiek kasurik egingo ez duten susmoa ere. Mazkiaranek beste zalantza bat ipini du mahai gainean: «Nor salatu behar dugu, enpresa edo etxejabea?». Izan ere, normalean, enpresek etxejabeek eskatuta baztertzen dituzte etorkinak.

Biak ados daude: kontzientzia sortzea da arazoari aurre egiteko modurik onena. Argotek esan du ulertzen duela etxejabeek «beldurra» sentitzea. Baina argi esan die: «Beldur horiek ez dute inolako oinarririk». Mazkiaranek azpimarratu du oso hedatuta daudela hainbat susmo. «Gizartean bolo-bolo dabil etorkin batek etxe bat alokatzen duenean gero familia osoa eta lagunak ere sartzen dituela hara, etxeari kalteak egiten dizkiotela, eta, sarri, alokairua ordaindu gabe utzita itzultzen direla sorterrira. Baina, oraingoz, nik ez dut ikusi etxebizitza alorreko gatazketan arazo sortzaile nagusiak etorkinak direla dioen estatistikarik».

Iruzur kasuak

Argotek etxe agentziei ere bidali die mezua: «Euren langileei esan behar diete ezin dutela horrelakorik egin, etxejabeak eskatu arren». Eta Eusko Jaurlaritzari ere egin dio deia, sektorea «zorrotzago» arautzeko, gehiago horrelakorik gerta ez dadin.

Iruzur kasuak ere salatu ditu Argotek. Oraintsuko adibide bat ipini du. «Gure harrera etxe batean egon den familia batek etxea alokatu nahi izan du. Webgune batean, etxe bat eskaini zion bitartekari batek. Ikusi zuten, gustatu zitzaien, eta aurrera egin zuen. 900 euroko sarrera ordaindu zuen. Alokatu aurretik etxean txukuntze lanak egiteko aukera eskaini zioten. Astebetez ibili dira margotzen eta garbitzen. Bukatu dutenean, bitartekaria desagertu egin da, diruarekin. Eta, noski, familia etxerik gabe geratu da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.