Albistea entzun

Antonio Rubio. Kazetaria

«Erraza da GALen X-z hitz egitea, baina X gehiago daude»

Antonio Rubio kazetaria 1983an hasi zen GAL ikertzen, eta, orain, Ondas Globales saria irabazi berri du gaiaren inguruko podcast batekin. Haren esanetan, denbora kontua da talde armatuaren inguruko egia argitzea.

BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Iosu Alberdi -

2022ko martxoak 9

Ikerketa kazetaritzari lotuta egon da Antonio Rubioren ibilbide profesionala (Melilla, Espainia, 1951). Arloaren inguruko master bat zuzentzen du Juan Carlos Erregea Unibertsitatean, eta Espainiako Ikerketa Kazetarien Elkargoko presidentea da. Halere, besteak beste, euskal gatazkaren eta, batez ere, GALen inguruan argitaratutako informazioek egin dute ezagun Rubio. 1970eko hamarkadan hasi zen ikertzen, eta lan ugari argitaratu ditu ordutik. Azkena, Gal. El triángulo (GAL. Hirukia) tituludun podcasta da. Edo, hark izendatu moduan, «soinudun dokumentala». Ez fikziozko podcastik onenaren Ondas Globales saria irabazi berri du lan horrekin.

 

Podcastak lekua hartzen ari dira kazetaritzaren esparruan ere.

1970eko hamarkadan teletipoei azentuak jartzen hasi nintzenetik, komunikazioa eta teknologiak aldatuz joan dira. GALen gaia gazteei nola gerturatu planteatzean, konturatu nintzen kaskoak jantzita mugitzen direla. Pentsatu nuen: «Haiek ez badatoz nigana, ni joango naiz haiengana».

1983tik, ia lau hamarkadako bidea egin duzu GALen nondik norakoak ikertzen. Noraino iristeko aukera izan duzu?

Denera. Ez dut arazorik izan, mehatxu, salaketa, helegite, presio eta abarrez gain. Arazoa beste bat da, bi egia daudela: kazetaritzaren egia eta egia judiziala. Egin ditudan erreportaje asko in crimini albiste bilakatu dira, baina beste batzuetan justiziak ez du beharrezko ikusi informazio horiek jasotzea. Esaterako, 1995ean, [Guardia Zibileko kapitain Pedro] Gomez Nietok hitz egiten duen zinta bat argitaratu nuen, baina justiziak erabaki zuen ez zela ondo entzuten. Hamarkada hartan, gerra zikinaz hitz egiten zuten CESIDen [Espainiako inteligentzia zerbitzuen] dokumentuak ere argitaratu nituen, baina PSOEren eta PPren gobernuek erabaki zuten ez zituztela haiek desklasifikatuko, nahiz eta epaileek hala eskatu zuten. Kazetariok ahal duguna egiten dugu. Ez gara ez epaileak, ez fiskalak, ezta poliziak ere. Baina, badago gauzak argitzeko adina material.

GAL. El triángulo izena du podcastak. Zer iradoki nahi duzu figura horrekin?

Nire ustez, elementu narratiboa garrantzitsua da, eta hiru ahots erabiltzen saiatu naiz. Biktimarioen —borreroak, mertzenarioak, inplikatuta egon zirenak—, biktimen eta ikerketa kazetariaren ahotsak daude. Uste dut entzulearentzat argigarriagoa dela hiru ahotsen erabilera. Izan ere, bakoitzak bere ikuspegia eta esperientzia kontatzen ditu.

Biktimarioen inguruan, X argitzeko adina informazio badago?

Oinarrian badago arazo bat: ez dago X jaun bat, hainbat dira. Denok buruan dugun X hori, gainerakoak gabe —botere politikoa, ekonomikoa eta judiziala—, ez litzateke existituko. Kazetaritza alorrean, erraza da GALen X-z hitz egitea, baina X gehiago daude. Uste dut orain badakigula gutxi gorabehera nortzuk izan ziren egile materialak, baina intelektualak falta dira. Robert Allan Caro kazetariak, bi Pullitzer sari irabazitakoak, esaten du denborak gerturatzen gaituela egiara. Uste dut denborak emango duela, beraz, egia argitzeko aukera.

Denbora aurrera doa, baina ez da urratsik ikusten.

Kazetariok eta herritarrok landu beharreko gai bat da 1968ko Sekretu Ofizialen Legearen aldaketa. Beharrezkoa da Espainiako historia idatzi ahal izateko. Hala egiten bada, jakingo dugu zer gertatu zen GALekin, otsailaren 23ko estatu kolpe saiakerarekin eta beste hainbat gairekin.

Zenbait hedabidek argitaratu dute gobernuak buruan duen lege aldaketatik kanpo geratuko dela GALen kasua. Horrek ez dio sinesgarritasuna kentzen?

Ez zait kalifikatzea gustatzen. Ni gertaeretan zentratzen naiz. Egun, ez dugu Espainiako historia idazteko nahikoa informazio, eta exijitu egin behar dugu. Ez zen gardentasun legerik existitzen, eta lortu genuen. Deskafeinatu xamarra da, baina lortu zen. Hau iraupen lasterketa bat da. Haiek ezezkoa eman dezakete, baina guk gardentasuna eta argitasuna exijitzen jarraituko dugu.

Hilketen eta atentatuen inguruko dokumentuak eta testigantzak argitaratu dituzu, baita estatuko funtsen bidez GAL finantzatu izanaren ingurukoak ere. Esan izan da zuk argitaratutako informazioak arlo judizialean eragin dezakeela, baina oraingoz ez da halakorik gertatu.

Duela gutxi galdetu zidaten ea Auzitegi Nazionaletik deitu ninduten. Ez. Laguntza eta dokumentuak emateko prest nago. Askotan egin dut. Esaterako, [El Salvadorren hildako Ignacio] Ellakuriaren kasuaren epaiketan testigu izan nintzen. Kontua da ni kazetaria naizela. Ez badidate eskatzen, ni ez naiz justiziara joango.

Beraz, zu GALen afera argitzen laguntzeko prest zaude.

Justiziak lan bat egin behar du, eta kazetariok beste bat. Kolaboratu dezakegu, noski. Podcasteko atal batean, [Auzitegi Nazionaleko Carlos] Bueren epaile ohiak kontatzen du nola lan egin genuen Gironan mertzenario bat aurkitzeko. Legediaren eta kazetaritzaren etikaren barruan sartzen bada, ez dut arazorik.

Torturak ere aipatzen dira podcastean. Zehazki, Intxaurrondoko kuartelean egindakoak.

Intxaurrondoko kuartelaz dena argitaratuta dago. Beste gauza bat da judizializatuta egotea. Gogoan dut El Mundo egunkarian argitaratu nuela nortzuk, non, noiz eta nola torturatu zuten Mikel Zabalza. Zinta justiziari eman nion nik. Ezin dut gehiago egin.

Oraindik ere kosta egiten da GALen biktimak aitortzea?

Niretzat biktimek ez dute ez kolore, ez kategoriarik. ETArenak zein GALenak biktimak dira. Hori da abiapuntua. Pili Zabalak podcast-ean parte hartzearen arrazoietako bat da biktimen arteko mailaketa hori baztertzea.

GALen afera behar bezala azaldu zaio gizarteari? Gazteei egiten zenien erreferentzia.

Ez da gauzak egiteko modu egokirik existitzen. Ahalik eta objektiboena izan behar da. Ni saiatu naiz gertatutakoa azaltzen, baina beste kontu bat da modu pedagogikoan, eskoletan... tratatu ote den. Garrantzitsua da Espainiako historia bere osotasunean kontatzea, eta, kapitulu hori falta bada, argitu eta liburuetan jarri beharko da. Hori gizartearen zeregina ere bada, ezin zaio aita estatuari denaren errua egotzi. Aldarrikatu eta eskatu egin behar dugu hau ezagutaraztea.

Zure hitzak dira: «Espainian memoria arazo bat dugu, edo, hobeto esanda, memoria faltarena».

Aspalditik datorren kontua da hori. Ez dago memoriarik gabeko estatu bat baino ezer okerragorik.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Donostiako Renferen geltokia. ©GORKA RUBIO / FOKU

Beste geltoki bat aldiriko trenen transferentziaren lokarria askatzeko

Xabier Martin

Laster egingo dute Gasteizek eta Madrilek aldiriko trenen eskuduntza gerturatuko lukeen bilera
Senpereko herrriko etxeko oposizioak ere dimititu egin du

Senpereko herrriko etxeko oposizioak ere dimititu egin du

Arantxa Iraola

Urrian hautetsi hainbatek utzi zuten kargua, auzapezaren kudeaketa ereduarekin kritiko

Beatriz Artolazabal eta Ramiro Gonzalez, gaur, Gasteizen ©L. Rico / Efe

Gasteizerako proiektu «kontinuista eta berritzailea» gidatuko duela esan du Artolazabalek

Edurne Begiristain

EAJren Arabako Lurralde Batzarrak Arabako hiru barrutietarako hautagaiak berretsi ditu gaur. EH Bilduk oniritzia eman die Arabako zortzi udalerrietako zerrendaburuei, eta Ahal Dugu-k hiriburuetako hautagaiak aurkeztu ditu.

 ©MARISCAL / EFE

«EAJk 40 urtez egin duen politikan dabil EH Bildu orain»

Xabier Martin

Kupoaren bost urterako akordioa da EAJren legegintzaldiko mugarri nagusietako bat, Sagastizabalen arabera. Nafarroako trafiko eskuduntzari ongietorria egin dio.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.